Otsoa ate joka dabil Euskal Herrian. Hamarkadak daramatza Arabako eta Bizkaiko mendebaldeko mendietan, indar handiagoarekin ala gutxiagorekin, baina lurraldea erabat utzi gabe. Datu ofizialen arabera, ez da otso talde ugaltzailerik atzeman 2016 urtetik, Bizkaiko Foru Aldundiak azken uxaldi baimena eman zuenetik, baina Eusko Jaurlaritzaren otsoari buruzko azken diagnostikoak bi otso talde ugaltzaile kokatzen ditu mendebaldeko mugan. Bata, Kantabria (Espainia) eta Bizkaia artean, eta bestea, Burgos (Espainia) eta Araba artean.
Hori dela eta, otsoari bere kabuz hedatzen uzteko babesa eskatzen diote gobernuari eragile ekologistek, biodibertsitatea leheneratzeko funtsezkoa dela argudiatuta. Kontrakoa eskatzen diote abeltzain elkarteek, lurraldetik uxatzeko, beren jardunean eragiten dituen arazoengatik, abeltzaintza estentsiboa arriskuan jarriko duela ohartarazita. Batzuen eta besteen kritikak jaso ditu Jaurlaritzak irailaren 18an aurkeztu zuen Otsoa Kudeatzeko Planak.
Helburu bikoitza du. «Otsoaren gaineko mehatxuak ezabatzea, otsoaren iraupena ziurtatzea, haren populazioak leheneratzea», espeziearen «kontserbazio ona lortzeko», eta, aldi berean, otsoa «abeltzaintzarekin eta landa ingurunean garatutako beste jarduera batzuekin» bateragarri egiteko neurriak hartzea. Otsoaren eta abeltzaintzaren arteko uztartze hori posible den, hor dago eztabaidaren gakoa.
Elkarbizitza ezinezkoa dela uste du Iker Agirre UAGA Arabako Nekazarien Elkarteko presidenteordeak. «Hemen lurralde osoa okupatuta dago giza jarduerarekin, apenas dagoen inguru naturalik gizakiaren esku hartzerik gabekorik. Azkenean, mendiak mendizaleek eta abeltzainek erabiltzen dituzte». Haren iritziz, ez dago tokirik otsoaren presentziak «gatazka» eragingo ez duenik. «Guretzat, otsoaren presentziak bizi baldintzak nabarmen okertzea dakar».
Arabako eta Bizkaiko abeltzainek otsoen erasoak jasan dituzte. Azken hamar urteetan, 450 baino gehiago izan dira otsoak abereen kontra egindako erasoengatik irekitako espedienteak. 82 izan ziren iaz. Baina Agirrek nabarmendu du ez dela hori arazo handiena. «Otsoaren eragin nagusia da prebentzio neurriak jarri behar izatea. Neurri horiek berekin dakarte kristoren lanordu pila egin behar izatea, eta sekulako gastua». Azienda otsoarengandik babesteko prebentzio neurriek abeltzainei bi milioi euroren gastua sortzen diela kalkulatu du Abere zerbitzu enpresak. «600-700 lanordu gehigarri» egitea dakar. «Otsoaren presentziak ekartzen digu lanaldia luzatzea, lan baldintzak okertzea, kontziliazioa ezinezkoa izatea, eta lanetik ezin dugu deskonektatu segundo bakar batean ere», adierazi du Agirrek. «Ez dugu XIX. mendera bueltatu nahi gure bizimoduan».
«Otsoaren eragin nagusia da prebentzio neurriak jarri behar izatea. Neurri horiek berekin dakarte kristoren lanordu pila egin behar izatea guk, eta sekulako gastua»
IKER AGIRREUAGAko presidenteordea
UAGAko presidenteordeak uste du Eusko Jaurlaritzaren planak babesik gabe uzten dituela abeltzainak, eta otsoaren hedatzea bilatzen duela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoan. Agirreren esanetan, planak arriskuan jarriko du nekazaritza estentsiboaren etorkizuna. Otsoari sartzen utziz gero, abeltzainek sistema intentsibora joko dutela iragarri du, edo sektorea utziko dutela. «Dauzkagun paisaiak, larreak, abeltzaintzari esker ditugu, ez dira era naturalean sortu. Urtero, animaliak mendira joaten dira, eta urtero baliabideak sortzen dira animaliak elikatzeko. Azkenean, otsoak jarduera jasangarri bat ezabatuko du gure ingurutik».
Kontrako iritzia du Andres Illana Euskadiko Otso Taldeko kideak. Haren esanetan, bada «eztabaida honetatik beti kanpo gelditzen den elementu garrantzitsu bat»: otsoaren ekarpen ekologikoa. «Inoiz ez ditugu izango ekosistema funtzionalak Euskal Herrian, otsoari etortzen uzten ez badiogu. Ez da egia gu ari garela otsoa sartzeko eskatzen. Otsoak 30 urte baino gehiago daramatza Euskal Herrian sartu nahian, eta ez diogu uzten».
Illanaren esanetan, «harrapakin nahikoa duelako» agertu da otsoa Euskal Herrian. Basurdeak, oreinak eta orkatzak, besteak beste. «Arazoak ditugu basurdeekin, orkatzekin; eta, aldi berean, ez diogu sartzen uzten horien predatzaile naturala denari». Ganadua babesteko «ahal diren prebentzio neurri guztiak» hartzearen alde agertu da.
«Lau, sei edo zortzi otso talde ugaltzailerentzako tokia baldin badago, babes handia izanagatik ere, ez dira sekula hamasei egongo»
ANDRES ILLANA
Euskadiko Otso Taldeko kidea
Abeltzaintza estentsiboa eta otsoa bateragarri egiteko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzaren planak jasotzen du erakundeek zenbait «praktika on» sustatuko dituztela. Funtsean, azienda otsoen erasoetatik babesteko prebentzio neurriak. Horien artean, mastin txakurren erabilera, abereak mendian daudenean zaintzeko artzain profesionalen kontratazioa edo hesi itxituren erabilera. Planak oinarri duen diagnostikoaren arabera, neurri horiek «eraginkorrak» dira, batez ere, elkarrekin konbinatzen direnean. Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek zenbait egitasmo jarri dituzte martxan halako neurriak probatzeko; Araba mendebaldean, zaintza artzainekin, eta Bizkaiko Karrantza haranean, abeltzainei mastinak eskuratzeko eta hezteko laguntza programekin. Esperientziek balorazio ona jaso zuten parte hartu zuten abeltzainen aldetik, txostenaren esanetan.
Aldiz, neurri prebentiboen zama abeltzainen gainean gelditzen dela salatu du Agirrek. «Araban hasi dira foru aldunditik artzainak jartzen, baina artzain horiek lan baldintza egokiak nahi dituzte. Azkenean, gauak, asteburuak eta zortzi ordutik harago luzatu behar diren lanak abeltzainarentzat dira. Estresa berbera da». Mastinen erabilerari dagokionez, «arazoak» sortu direla ohartarazi du UAGAko ordezkariak. «Mastinek aske egon behar dute artaldearekin, eta mendizale bat txakurrarekin hurbiltzen bada, egunen batean, mastin batek hozka egingo dio zakurrari edo zerbait larriagoa pasako da». Gogora ekarri du iaz 27 urteko emakume bat hil zela Zamoran (Espainia), mastin eta Leongo artzain txakur talde baten erasoaren ondorioz. «Hori ere artzainaren bizkarrera». Agirrek gaineratu du aipatzen diren prebentzio neurriak ardiei begirakoak direla, baina behientzako eta zaldientzako ez dagoela «prebentzio neurri aproposik».
Plan proposamenak 480.000 euroko aurrekontu bat zehazten du, eta kopuru horren erdia da abereak zaintzen laguntzeko diru partidetarako. Zehazki, artzain profesionalak kontratatzeko eta zaindari boluntarioak lortzeko programetara. Beste diru sailak erabiliko lirateke otsoak ganaduan eragindako kalteengatik konpentsazioak emateko, otsoa dagoen eremuetan jardunean ari diren ustiapenei beren ingurumen zerbitzuagatik ordaintzeko edo otsoari buruzko ikerketak egiteko, besteak beste.
Planaren «kontraesana»
Prebentzio neurriei egiten zaien aipamena begi onez ikusten du Illanak, eta plana lehenbailehen indarrean sartzea eskatu du. Hala ere, neurri gehiago eskatu ditu legez kanpoko ehiza galarazteko. Euskadiko Otso Taldeari kezka eragiten dio baita ere Eusko Jaurlaritzaren «ageriko kontraesan» batek: otsoak legez duen babes berezia indargabetzearen alde mintzatu baita gobernua, otsoaren kontserbaziorako plan bat ontzen ari den aldi berean. Otsoari interes bereziko espezie gisa duen babesa kentzeak atea irekiko lioke otsoa ehizatzeko uxaldiak baimentzeari. PPk horretarako proposamen bat aurkeztu du Espainiako Kongresuan, eta zuzenketak aurkezteko fasean da, Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografiko batzordean. Planak berak zehazten du haren indarraldiak iraungo duela otsoak legezko babes berezi bat duen artean. «Gerta daiteke plana bertan behera gelditzea onartu baino lehen», kritikatu du Illanak.
Euskadiko Otso Taldearen iritziz, otso uxaldiak baimentzeak ez du inolako zentzurik, helburua espeziearen kontserbazioa baldin bada. Illanak nabarmendu du otsoak ez duela inolako esku hartzeren beharrik haren populazioa orekatzeko, kate trofikoaren gailurrean dagoelako. Predatzaile apikala denez, habitatak ugaltzeko ematen dizkion aukeren arabera hedatuko da. «Euskal Herrian lau, sei edo zortzi otso talde ugaltzailerentzako tokia baldin badago, babes handia izanagatik ere, ez dira sekula hamasei egongo».
Horrez gain, Illanak azaldu du otsoak funtsezko rola betetzen duela ekosistemen orekan. AEBetako Yellowstone parke naturalean gertatutakoa ekarri du gogora. Hainbat adituk azken hamarkadetako esperimentu ekologikorik garrantzitsuenen artean kokatzen dute Yellowstonen otsoak leheneratzeko egin zuten esku hartzea. Gizakiak otsoak desagerrarazi zituen parketik, XX. mendearen hasieran. Ondorioz, oreinen hazkunde handia izan zen hurrengo hamarkadetan, eta kudeatzaileek erabaki zuten 31 otso askatzea, 1995 eta 1996 artean. Zenbait ikerketek azaltzen dutenez, otsoaren presentziak aldaketa ugari eragin zituen parkean; besteak beste, ibaien aurreko ibilbidea leheneratzea.
Batetik, otsoek ibarretako landaredia leheneratzen lagundu zuten. Orein populazio handiek suntsitua zuten ibai ondoko flora, txiki-txiki egiteraino, kopuru handitan bazkatuta. Baina otsoaren presentziak oreinak behartu zituen ibai haranetan denbora gutxiago ematera, eremu horretan otsoek harrapatzeko arrisku handia zutelako. Beraz, ez zuten inguru horretan jateko asti handirik, eta landaredia hazten hasi zen. Ibarretan basoak sortu ziren. Basoetan, hegaztiak ugaritu ziren, eta, baso horien ondoko ibaietan, kastoreak eta kastoreen presa inguruetan bizi ohi diren espezieak: abiroia, ahatea, igela, arrainak... Bestalde, otsoek koioteak uxatu zituzten, eta zelaietan ugaztun txiki gehiago hasi ziren agertzen. Gutxira azaldu ziren ugaztun txikien harrapatzaileak eta sarraskijaleak. Gainera, ibarretako landaredia leheneratzeak erreken ondoko lurra sendotu zuen, eta horrek leheneratu egin zuen ibaiek zuten ibilbidea.
Illanak nabarmendu du otsoak, beste edozein espeziek bezala, ekarpen garrantzitsu bat egiten duela ekosistemen harreman sare konplexuan, eta ez dela zilegi gizakiaren garaiko nahien arabera espezieen sailkapen bat egitea. «Politikariei ahoa betetzen zaie biodibertsitateari buruz hitz egiterakoan, baina azkenean agerian gelditzen da kartara hautatutako biodibertsitate bat nahi dutela. Bonelli arranoa babestuko dugu, igaraba ere bai, baina otsoa ez».