Nahikari Sanchez. Kriminologoa

«Sarritan, sexu erasotzailearen nahia ez da eraso hori egitea»

Sexu erasotzaileen motibazioak askotarikoak direlakoan, haiei sexu grina kentzeko bideak aztertu ditu Nahikari Sanchezek. Gaitza modu orokorrean tratatzea arriskutsua dela uste du.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2015eko irailaren 2a
00:00
Entzun
«Arreta eduki behar da kastrazio kimikoa sexu erasoei aurre egiteko soluzio sinplista gisa proposatzen denean». Gaia ikertu ostean, ondorio hori atera du Nafarroako kriminologoen elkarteko presidente Nahikari Sanchezek. Herrialde Katalanetan, 2009az geroztik, sexu harremanetarako gogoa kentzen duen tratamendu bat eskaintzen die sexu erasotzaileei, betiere nahi badute eta hartzaile egokiak direla frogatu bada. «Neurri zentzagarri gisa erabili behar da, ez mendeku hartzeko».

Sexu grina kentzeko tratamenduak ez dira eraginkorrak erasotzaile guztientzat. Zer ezaugarri bete behar dira?

Kastrazio kimikorako botikek hormona femeninoak dituzte, eta hainbat ondorio eragin ditzakete: gorputzeko ilea erortzea, bularrak handitzea eta, azkenean, organo genitalak erabili ezin izatea eta pentsamendu erotikoak ezabatzea. Sexu erasotzaileak mota askotakoak dira, ordea. Inhibitzaileek frustrazioa eragin dezakete haiengan, eta hori arriskutsua izan daiteke. Inoiz ez dira erabili behar adituen jarraipenik gabe eta tratamendu bakar gisa.

Zergatik da arriskutsua kastrazioa era orokorrean erabiltzea?

Batzuetan, erasotzailearen asmoa sexu erasoa bera da; baina oso gutxitan gertatzen da hori. Gehienetan, beste motibazio bat ezkutatzen da ekintzaren atzean: biktima umildu nahi izatea, harengan agintea sentitzeko nahia edo mendekua hartzea: bai emakume batengandik, edo andreengandik, modu abstraktuagoan. Hala bada, eta erasotzaileak organo sexualak erabili ahal ezin baditu ere, aurkituko du modua nahi duen hori lortzeko. Baliteke, biktima bortxatu beharrean, hura hiltzea ere. Kasu horietan inhibitzaileak kalterako izango lirateke.

Beharrezkoa al da kastrazio kimikoa? Aski al dira jokabidearen inguruko tratamenduak?

Estatistikei erreparatuz, era guztietako gaizkileen %36k berriz egiten dute delitu kartzela utzi ostean. Sexu delituak egin dituztenetan, gutxiagok: %20k, tratamendua jaso ez duten kasuetan. Orduan, jokabidearen tratamenduan eginiko terapiak erabiltzen dira gehien. Eta emaitza onak dituzte: %20 hori %4ra jaisten dute.

Zer gertatzen da ehuneko txiki horrekin? Sarritan, erantzun sinplea ematen da: «Terapia nahikoa ez bada, kastrazio kimikoa erabiliko dugu». Baina arriskutsua da. %4 horiek izaera psikopata izan ohi dute: enpatiarik eta damurik ez dute sentitzen, askotan. Kasu bakoitza modu zehatzean aztertzea oso beharrezkoa da joera psikopatak dituzten gaixoei sexu inhibitzailerik ez emateko.

Zer diote beste herrialdeetako legeek tratamendu horiei buruz?

Legeak oso aldakorrak dira herrialde batetik bestera. Frantzian eta Ingalaterran, adibidez, sexu inhibitzaileak erabiltzen dituzte erasotzaileekin, eta horien inguruko eztabaida puri-purian dago oraintxe. Australian, adingabeen erasotzaile sexualekin erabiltzen hastekotan dira. Tratamenduak oso modu zientifikoan aztertzen dituzte, kasuak banaka aztertuta.

Badira kaltea onartu nahi ez duten erasotzaileak, tratamendurik jaso nahi ez dutenak.

Ezinbestekoa da pazientearen motibazioa, zerbait gaizki egin duela onartu eta kaltea konpondu nahi izatea. Erasotzaile batzuek uste dute arazoa ez dela eurena, emakumeena baizik. Ezin dira derrigortu jokabidea aldatzeko tratamendua egitera, baina onura batzuk eskain dakizkieke. Frogatua dago: hasieran motibazioa ez duten presoetan ere berriz erasotzeko aukera txikiagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.