Brandon Hamber. INCORE ikerketa institutuko zuzendaria

«Sarritan, ezinezkoa da justizia erabatekoa egitea»

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2013ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Batik bat esparru akademikotik ezagutzen ditu bake prozesuak Brandon Hamberek. Incore Nazioarteko Gatazken eta Trantsizio Justiziaren Ikerketa Institutua zuzentzen du, Ulsterko Unibertsitateko egoitzan.

Zer da trantsizio justizia?

Gatazketan gertatutako giza eskubideen urraketei aurre egin behar zaienean erabiltzen da. Hainbat tresna jar daitezke martxan, hala nola egiaren batzordeak. Ez da justizia egitura desberdin bat, trantsizioaren beharretara egokitutakoa baizik.

Badago trantsizio justizia gutxiesten duenik, egiazkoa izango ez balitz bezala. Zergatik?

Gatazka politiko batean, egoera batzuk zailak direlako eta, sarri, ezinezkoa delako justizia erabatekoa egitea. Beraz, justizia modu osatu gabea da trantsizio justizia, baina, era berean, justizia egiteko tresna asko ematen ditu.

Indarkeria egoerek desagerrarazitako eskubideak itzultzea da trantsizio justiziaren egitekoa?

Eskubide horiek emanda daude. Baina biktimek aldarrika dezakete beren sufrimenduaren jatorriaz egia jakiteko eskubidea, edo erreparazio eta ordaintza eskubidea. Hortaz, arazoa da hori nola gauzatu: batzuetan erabat ezinezkoa da, baina halere, desiragarria da printzipio horiek azpimarratzea horrelako prozesu batean.

Kontzeptuok Euskal Herrira ekarrita, zein aldaketa egin beharko litzateke?

Ez dut uste Euskal Herriko egoeraz iritzia eman dezakedanik. Baina beste lekuetako gatazkek irakatsi digute iraganari aurre egin behar zaiola: akordio politikoren bat lortuta ere, zaila izango da giza eskubideen urraketen ondorioei aurre egin behar ez izatea. Hortaz, iragana jorratzeko prozesuren bat hausnartu beharko duzue, eta komeni da egituratua izatea, alderdi politiko guztien partaidetzaz. Ipar Irlandan, adibidez, bake prozesuan aurrera egitea lortu dute alderdi politiko guztien parte hartzearekin, baina ez dute adostu iragana nola jorratu, eta arazoa behin eta berriz itzultzen zaie; esaterako, biktimei iruditzen zaie ez daukatela justiziarik.

Euskal Herrian dozenaka lagun daude kartzelan politikan aritzeagatik, eta alderdi politikoak legez kanporatuta daude. Hori aldatu behar da?

Iraganari aurre egitean, biktimen eta presoen auziak jorratu beharko dituzue. Baina helburuak arazo jakin horiek baino zabalagoak dira: luzerako bake egonkorra, haurrei irakatsi behar zaiena gauza batzuk berriro gerta ez daitezen... Bake prozesuen giltzarrietako bat da bizi nahi dugun gizarte motari buruzko oinarrizko ikuspegia edukitzea. Ikuspegi desberdinak egon daitezke, batzuek independentzia nahi dutelako, eta beste batzuek ez; kontua ez da denentzako ikuspegi politiko osatua lortzea, baizik eta adostea nolako lekuan bizi nahi dugun. Adiskidetzeak hor hasi behar du, gizarte guztiak izan behar duelako prozesu horren parte.

Nola hauts daitezke bandoak?

Ez da erraza. Baina oinarri-oinarrian, alde batekoak eta bestekoak gela berean sartuz lor daiteke, besteek diotena zintzoki entzunez eta ulertzen saiatuz. Pertsonak ohartzen dira ez daudela elkarrengandik hain urrun, maila humano oinarrizkoenean. Baina gatazkak bandoetan jartzen gaitu, eta hortik oso gutxi dakigu beste bandoari buruz.

Gatazka sozial edo banaketa handia ikusten duzu Euskal Herrian?

Adiskidetasuna eraikitzeko bost gauza behar dira: ikuspegi komuna garatu, giza eskubidea urratu direla onartu, pertsonen arteko harremanak konpondu, besteekiko jarrerak aldatu, eta gizartean berdintasun ekonomiko eta politikoa lortu. Hegoafrikan oso ikuspegi komun indartsua zuten Nelson Mandelaren lanari esker, baina oso berdintasun gutxi zegoen. Ipar Irlandan, berriz, berdintasun handiagoa dute, eta ahalegin handia egin dute desberdinen arteko harremanak eraikitzeko, baina ez dute etorkizuneko gizarteari buruzko ikuspegi sendorik. Euskal Herrian inguruan baino egoera ekonomiko hobea duzue, eta ez dut uste banaketa sozial handirik dagoenik. Baina bitxia da horrek izan dezakeen eragina: egoera ekonomiko eta soziala eroso samarra bada, banatuta bizitzeko aukera onets dezake jendeak.

Gizartearen parte bat bake prozesutik kanpo gera daiteke?

Ipar Irlandan hala da, neurri batean: klase ertaineko zati handi bat nahiko lasai dago, bakea ezarri eta batzuek besteak hiltzen ez dituzten bitartean, euren bizitzekin jarrai dezaketelako. Gainerako gauzez ez dira gehiegi arduratzen ari, eta horrela segurtasun handirik gabeko bakea eratzen ari dira.

Indarkeria itzul daitekeelako?

Bai. Gertatu berri egin da Ipar Irlandan; ez dut uste indarkeria maila berean itzul daitekeenik, baina banderen afera horren adierazgarri da: auzi batzuei aurre egiten ez bazaie, erraz itzuliko dira agendara, gatazka eragitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.