CAF-Elhuyar sarietako sariduna eta BERRIAko kazetaria

Enekoitz Telleria: «Sari hau kazetari kontalariari egindako aitortza bat da»

Enekoitz Telleria zientzia kazetaritzaren CAF-Elhuyar saria jasotzen, Tabakaleran. JON URBE / FOKU
Enekoitz Telleria zientzia kazetaritzaren CAF-Elhuyar saria jasotzen, Tabakaleran. JON URBE / FOKU
nerea intxausti
2024ko urriaren 24a
05:00
Entzun

Duela bi mila urte desagertu zen landarea da silfioa; gizakiak desagerrarazi zuen lehenengo espeziea izan ei zen, baina, modu berean, gizakiak berreskuratu du bere memoria; besteak beste, Enekoitz Telleria BERRIAko kazetariak (Segura, Gipuzkoa, 1974), Silfioaren enigma erreportajean —berripaper honetan argitaratu zen iazko ekainean—. CAF-Elhuyar sarietako Zientzia kazetaritzaren saria eman diote.

Nondik sortu zen ideia?

Telefono dei batetik. Horrenbeste agendaz kanpoko gai tratatzearen poderioz, komunikazio arduradun batzuek zugan pentsatzen dute halako gaiak esku artean dituztenean. Bada, horietako batek, Itsaso Velez de Mendizabalek, pentsatu zuen gai hau gustatuko zitzaidala, eta Fermin Jimenezen kontaktua pasatu zidan. Hasi nintzen ni ere aztarrika, eta oso istorio polita zela iruditu zitzaidan: elementu historikoa zeukan, artistikoa eta baita zientifikoa ere. 

Zer asmo zenuen?

Nire premisa zen esatea orain bi mila urte bazela landare bat, eta gizakiok hainbeste ustiatzearen poderioz desagerrarazi egin genuela. Nire artean pentsatu nuen gaur egun ere beste gauza askorekin akats bera egiten ari garela, konturatu gabe. Irakurlea ideia horretatik heldu nahi izan nuen.

Geroztik ez da silfiorik azaldu. Nola jakin zenuten nolakoa zen?

Esan daiteke landare horrek bi desagerpen jasan zituela: fisikoa eta haren irudiarena. K.a. 632. urteko txanpon baten ifrentzuan agertzen zen landarearen irudia, baina Libiako museo nazionalean izan zen lapurreta baten ondorioz, horiek ere desagertu egin ziren. Desagertzearen desagertzea da silfioarena. Nahiko lan izan zuten diseinatzaileek ere erreportajea ilustratzeko. 

Berreskuratzen saiatu al da inor?

Garai bateko usain bat desagertu izanak liluratzen du Fermin [Jimenez], eta bere buruari galdetu zion zeren antza edukiko zukeen: bada, mihiluarena. Orduan, mihilu zaporeko izozki bat egin zuen. Pena dut izozki hori ez nuelako dastatu, baina erreportajeari esker badakit Andoainen non dagoen mihilua.

Zer egingo zenuke silfio pixka bat izango bazenu esku artean?

Igual ez luke hainbeste misterio edukiko. Igual desagertuta egote horrek du xarma, erreportajerako behintzat. 

Zer sentitzen duzu sari hau jasoko duzulako?

Sekulako sorpresa eta, aldi berean, kazetari kontalariari eta behatzailearen figurari egindako aitortza bat. Gure etxean mordoa gara, baina eskasagoak izan ohi dira gai arraro hauek, eta estimatzen dut epaimahai bat jabetu izana horrelakoek istorio bat merezi dutela eta hau ondo harilkatu dugula. Uste dut erreportaje honekin itzuli naizela oinarrietara: boligrafora eta paperera, eta jendearekin hitz egitera, jakin-minera, pasiora... Eta sari honek berresten du nolabait esatea: «Ondo xamar ai haiz, Telleria!». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.