Sarerik ez, kalitate eta prezio bera ez

Urak ez du kalitate eta prezio bera Ipar Euskal Herrian. Herri bakoitzak finkatzen ditu prezioak, dituen baliabideen arabera, saneamendua delarik buruhauste nagusia.

Angeluko Smun lantegiko zentroan edateko uraren prozesu osoaren jarraipen telematikoa egiten dute. BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Uraren kalitatea bermatzeko azpiegiturek eta saneamenduak baldintzatzen dute uraren prezioa, inbertsio handiak inposatuz. Ipar Euskal Herrian edateko uraren zerbitzu bateratua osatzea da etorkizuneko erronka. Lurralde erreformaren ondorioz, emeki-emeki egitura txiki horiek batu eta prezioa bateratzeari buruz joatea bultzatu nahi du Frantziak.

«Iparralde osoan edateko ura eta saneamendua kudeatuko lituzkeen egitura bat sortuko balitz, normala litzateke prezio bakarra egotea orotan», azaldu du Allande Errezaharretek, Juranconen (Frantzia) edateko ura kudeatzen duen sindikatuko zuzendari eta laborantza ingeniariak. Saneamendu arloan egiturak bateratzeari buruzko urratsak egin badira ere, edateko urarekin ez da horrelakorik egin oraindik. Herri bat saneamendu egitura batean egon daiteke, eta edateko uraren arloan bertze egitura batean. Otsailaren 28an, prefetak elkarlan plangintza bat osatu zuen.

Errezaharretek nabarmendu du orain artean herriek berek bermatzen zutela uraren zerbitzua, saneamendu egiturari begirune gutxi egiten ziotelarik. Europako arauak, ordea, biziki zorrotzak dira, eta urte luzeetan saihestu diren lanak egitea inposatu du, epe laburrean gainera.

Zuberoan, herri elkargoa gogoetatzen ari da saneamenduaren eskumena bere gain hartuko duen. Uraren kasuan ere abian da gogoeta, baina korapilatsua da. Basabürüko herri gehienek haien iturriak dituzte, eta, ondorioz, herri mailan kudeatzen dute zerbitzua. Herriaren «ondasun» gisa hartzen dute ura, eta, ondorioz, «garbia» da, nahiz eta hori bermatzeko azterketa edo jarraipenik egin ez.

Sakoneko arazoa

Uraren legeak arau zorrotzak inposatzen ditu. Adibidez, kabalak aske diren eremuetan iturriak edo errekak babestea inposatzen du, ura ez kutsatzeko. Ura kutsaturik ere, ez dute diru baliabiderik iraztegi eraginkorrak eraikitzeko. Ura mendian behera doan bezala doa kutsadura ere. «Uraren prezio bakar bati pentsatu baino lehen, uraren zerbitzu bakar bati pentsatu beharko litzateke, eta, beharbada, Iparraldeak hori beharko luke. Baina galdera hori ez da sekula pausatua izan», adierazi du Errezaharretek.

2011ko urrian, uraren kalitateari eta prezioei buruzko lantaldea osatzea deliberatu zuen Kontseilu Nagusiak Zuberoari begira. Urrats gutxi egin direla onartu du herri elkargoak. Nafarroa Beherean ere, antzeko egoeran daude. Mendian zaintzen ez denak eragina du beherago. Horrela, Baigorriko uren %37 baino ez ziren kalitate onekoak 2004an. Gaur egun, %57ra emendatu da kalitatea, helburutik urruti bada ere.

Uraren zerbitzua bermatuko lukeen egitura bakar baten ordez, hamaika eta bi dira Ipar Euskal Herrian zerbitzu hori gauzatzen duten egiturak. Berez, edateko uraren eskumena herriena da, eta horiek zuzenean kudeatzea deliberatzen dute, edo eskumena herri elkargo bati ematea. Horrekin batera, zerbitzu publikoa edo pribatua ukan dezake. Horregatik, Ipar Euskal Herrian urak ez du prezio jakinik. Herrialde, eskualde, hiri edo herrien arabera aldatzen da. Batzuetan, Mauleko kasuan bezala, hiri beraren barnean ere bi prezio egon daitezke, sare bati edo bertzeari loturik egonik.

Uraren prezioa zerbitzuari lotua dago, eta lurraldeari, alegia, biztanle kopuruari. Herri elkargoen barne ere, urak ez du prezio bakarra, herri batzuek haien zerbitzua dutelako. Hori gertatzen da Hego Lapurdi Herri Elkargoko zenbait herritan eta Baionan.

Ipar Euskal Herrian baliatzen den urik gehiena azalekoa da, erreketakoa. Istripu arriskua handia da; petrolio isurketak edo etxalde bateko ongarri edo herbiziden isurketak sarea kutsatuko luke. Horrela gertatu zen 2009ko abenduaren 18an. Istripu baten ondorioz, hidrokarburoen garraiorako ontzi baten edukia isuri zen Errobi ibaira. Ikatz aktiboaren teknika baliatuz, garbitzea lortu zuten, ur zerbitzua eten gabe. «Erreketatik lortzen da edateko urik gehiena, eta sistema bakarra dagoelarik, ordezko sistemarik gabe, gerta daitekeen edozein arrisku aurreikustea funtsezkoa da», azaldu du Thierry Patouillek, Errobiko ura tratatzen duen Smun egiturako zuzendariak.

Lapurdi kostaldeko edateko uraren %70 Errobitik hartzen da —Smunek %60, eta gaineratekoa Errepira (Uztaritze) eta Baionaren punpetatik—. «Ura ez da sal- gaia, ez da ordaintzen. Uraren tratamendua, hartzea, garbitzea, baliatu ondoren biltzea eta garbitzea, hori da ordaintzen», Patouillek dioenez. Uraren fakturaren %60 saneamendua ordaintzeko da, eta ondoko urteetan %75era emendatuko dela jakinarazi du.

1999an uraren egoerari buruzko gogoeta burutu zen. Baiona, Angelu, Miarritze, Bokale eta Bidarte sartu ziren Smun egituran, baina Hego Lapurdiko Herri Elkargoan dagoen Getaria, Errobi eta Aturrialdeko ibarrak kudeatzen dituen Ura sindikatuan biltzen diren herriak ere sartu ziren, Landetako bi herrirekin batera (Saint Martin de Seignanx eta Tarnose).

Egitura berezia du Baionak, aspaldian Lapurdiko Ursuia eta Laxia erreketako uren eskubidea erosi baitzuen. Biztanle kopuruak gora egin du, eta horrela segituko du geroan. Eskualde osoko beharrei buru egin ahal izateko, Baionak eta Smun egiturak kudeatzen dituzten sareen arteko lotura osatu zuten.

Landetako herriekin lotzeko egitura prestatzen ari dira. Helburua ez da gaurko beharrei ihardestea, datozen 30 edo 40 urteetako beharrak asetzea baizik. Landetako Ondres herrian uraren tratamendurako lantegia bukatuko dute apirilean, eta Lapurdiko egiturarekin sarean ezarriko dute, balizko kutsadura kasuak saihesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.