Sareren ustez, «babesgabetasun juridikoa» dakar sententziak

maddi ane txoperena iribarren
2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Xabier Atristainen atxiloketaren eta espetxeratzearen berria zabaldu eta berehala, hura salatu zuten euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduek zein Sortuk eta EH Bilduk. Sarek elkarretaratzera deitu zuen arratsalderako, presaz, eta dozenaka lagun elkartu ziren Donostiako Bulebarrean egindako mobilizazioan.

Azken orduan deituriko protestan, Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak salatu zuen «sinesgaitza, ulertezina eta bereziki giza eskubideen aurkakoa» dela Espainiako Auzitegi Gorenak Estrasburgoko sententzia ez aplikatzeko hartutako erabakia: «Auzitegi Gorenaren epaiak babesgabetasun juridikoa dakar, horrek dakarren guztiarekin». Oiartzabalek nabarmendu zuen halako erabakien ondorioz Espainiak ezin duela bere burua jo «estatu demokratikotzat eta zuzenbidekotzat».

Bertze presoekiko ere bai

Sareren arabera, Estrasburgok urtarrilean Atristaini buruz emandako sententziak inkomunikazio eta torturapeko deklarazioak «froga nagusitzat» dituzten bertze euskal presoen epaiak ere berrikustea ekarri beharko luke. Baina ez da hala izan: «Horren kontrara, Auzitegi Gorenak beste behin ere bere burua babestea hobetsi du, justiziari muzin eginez». Euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduaren ustez, «giza eskubideen, justiziaren eta demokrazia zantzu guztien aurka» doa Atristain atxilotzea.

Sortuko Haimar Altunak «astakeria» salatu zuen atzo, berriro ere, eta herritarrei «erantzun irmoa» eskatu zien. EH Bilduk adierazi zuen «eskandalu politiko» bat dela Atristain espetxeratzea: gogoratu zuen Estrasburgoko sententziak «lotesleak» direla. Etxerat euskal presoen senideen elkarteak «haserrea» adierazi zuen epaiarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.