Bilboko Euskalduna jauregian eginiko ekitaldian azken urtearen balorazioa eta aitzina begirako erronkak xehatu ditu Sare plataforma herritarrak. Mugimenduaren izenean, Arantza Aldezabalek adierazi du «argi-ilunez betetako urtea» izan dela 2021a: «Aurrera egin da, baina gai batzuetan atzera». Bertzeak bertze, Aldezabalek nabarmendu du «pozgarria» dela euskal presoak Euskal Herri ingurura eta Euskal Herrira bertara ekarri izana: «Asko arindu da familia askoren egoera». Baina harago joan behar dela ohartarazi du: «Urratsak ematen jarraitu behar da, guztion artean konpondu behar ditugun egoera konplexu ugari baititugu aurrean». Eta, horiek konpontzeko, batasunerako deia egin du: «Elkarrekin baino ezin izango ditugu lortu helburu horiek».
Euskal presoen egoeraren argazkia egin du Aldezabalek Euskalduna jauregian. Salatu duenez, «salbuespen erregimena estatuko botereek euskal presoen aurka erabiltzen duten araua» da oraindik ere. Espetxeko graduen egoera da horren erakusle, Sareko kidearen ustez: «Gaur egun, soilik 11 presok lortu dute espetxeko hirugarren gradua. Gainerakoek bigarren graduan blokeatuta jarraitzen dute, kondenak osorik betetzera behartuta, nahiz eta estatuan espetxeratuta dauden gainerakoen %95ek normal egin gradu batetik besterako progresioa». Sareren arabera, espetxe politika «normalizatua» izanen balitz, etxean beharko lukete euskal presoen herenak.
Aldezabalek gaitzetsi duenez, gainera, espetxe politika normalizatzeko prozesua «desitxuratzeko» elementu bat agertu zen iaz: Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzaren eta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren jarduna. «Etengabe atzerako ispilutik begiratzen ari da justizia», Aldezabalen hitzetan, «zeina atzera botatzen ari baita espetxeetako tratamendu batzarrek euskal presoei emandako gradu progresioak eta baimenak». Azaldu du preso batzuek espetxera itzuli behar izan dutela hirugarren gradua lortu ondoren berriz bigarrenera itzularazi dituztelako.
«Diskrezioz» lanean
Alde guzietako biktimek eginiko mahai inguruaren ondotik hartu du hitza Aldezabalek, eta eskerrak eman dizkie horiei. Plataforma herritarrak jakinarazi du haiekin eta euskal presoekin lanean jarraituko duela, «diskrezioz»: «Uste dugu oso garrantzitsua dela biktimei buruz gutxiago hitz egitea eta haiekin gehiago hitz egitea, eta esateko dutena entzutea. Eta gauza bera euskal presoen kasuan. Garrantzitsuagoa da haiekin hitz egitea haietaz hitz egitea baino».
Azken hilabeteotan izandako hainbat eztabaidaren harira, berriz, Sarek adierazi du badakitela ez dutela «jakin» euren «aldarrikapenak edota zioak behar bezala transmititzen edo komunikatzen»: «Baina, hala gertatu izan denetan, zuzentzen jakin dugu, eta edonori sortu ahal izan dugun mina sortu izana sentitzen dugula adierazi dugu, zintzotasun osoz».
Sarek uste du euskal presoek ere egin dituztela urratsak biktimekiko: erraterako, ongietorriei buruz hartutako erabakiak. «Aurrerapen positibo horiek, ordea, batzuentzat ez dira nahikoak. Euskal presoen kolektiboak adierazpenen bat egiten duen bakoitzean, jarraian beste eskakizun bat dator. Hori guztia, ez ahaztu, legeak ezer eskatzen ez badu ere». Aldezabalek gogoratu du urteak joan direla ETA desagertu zenetik, eta, beraz, ezin dela gaur egun hari buruz orainaldian hitz egiten segitu: «Aurrera egiteko ordua da. Elkartzeko ordua da. Zubiak berregiteko ordua da. Eta eurak horrela iraganean jarraitu nahi badute, ez gaitzatela gu oztopatu. Gu gurera. Aurrera eta aurrera. Aurrera inor ahaztu gabe eta gorrotorik gabe».