Torturaren gaia hizpide, Madrilera ez hainbeste begiratzeko esan dio SAko Jone Goirizelaiak Eusko Jaurlaritzako Hirukoari (EAJ, EA eta EB-IU), eta etxera begiratzeko. Ildo horretatik, 2000tik 2003ra bitartean Ertzaintzak 172 lagun inkomunikatu zituela eta haietako 117k torturak salatu zituztela gogorarazi dio.
Rafa Larreinak hartu du hitza gero, eta horrelako gauza bat proposatzeko ez duela inolako legitimitaterik esan dio SAri, beraiek ez dutelako ETAren ekinbidea gaitzesten. Bestalde, polizia beraiek kontrolatuko balute ez luketela inkomunikazioa ezarriko adierazi du.
EAJko Iñigo Urkulluk, berriz, beraiek torturarekiko duten jarrera "tolerantzia 0" dela esan du. Bide horretan, Ertzaintzari dagokionean, salaketak baldin badaude ere, epairik ez dagoela, eta Ertzaintzak torturatu egiten duenaren frogarik ez dagoela.
PP eta PSOEk ez dute parte hartu ez eztabaidan eta ez bozketan, SAk proposatu duelako.
"Lotsagarria"
Legebiltzarrean izan dira TAT-eko kideak eta tortura salaketak jarritzako batzuk, eztabaida jarraitzen. Bozketa hasi denean "Inkomunikazioa=tortura" afitxak atera dituzte, eta orduan, Legebiltzarreko presidente Juan Maria Atutxaren aginduz, kalera bota dituzte.
Haiek, Jaurlaritzaren jarrera "lotsagarria" dela esan dute, eta torturatuei "barre" egin dietela. Gainera, Ertzaintzaren protokoloak tortura babestu egiten duela esan dute.
Tortura
SAren proposamena baztertu eta Hirukoarena onartu dute Legebiltzarrean, torturaren gaian
Eusko Legebiltzarrak atzera bota du SA Sozialista Abertzaleak taldeak Theo Van Boven Nazio Batuetako Torturen arloko kontulariaren txostenean oinarrituta tortura ezabatzeko egindako proposamena. Osoko zuzenketa egin dio Hirukoak SAren proposamenari, eta hura onartu dute. Testu horretan, Nazio Batuen Erakundearen proposamena "babestu" egiten da, eta Espainiako Gobernuari proposamen horrek esaten duena betetzeko "beharrezkoak diren lege aldaketak" egiteko eskatzen zaio. SAren proposamenean, berriz, NBEko kontulariaren gomendio nagusiak "onartu" egiten dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu