Sarek salatu du Zelaiaren eta Barbadoren aurkako auzia lekuz kanpo dagoela

Plataformak salatu du justizia «mendeku tresna» gisa erabiltzen dela, egungo testuingurua kontuan hartu gabe.

Barbado eta Zelaia, haiei babesa adierazteko ekitaldi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko irailaren 28a
12:12
Entzun

Sare Herritarra plataformak Aitor Zelaiaren eta Galder Barbadoren aurkako ebazpena salatu du: «Galderri eta Aitorri ezarritako sententziak atzera garamatza, eta guztiz zentzugabea da salbuespeneko politika atzean uzten ari garen garaiotan». Horiek hala, bat egin du Ankerkeriari Stop taldeak larunbaterako deitutako mobilizazioarekin: Gasteizen izango da, 18:30ean, Artium museoko plazatik abiatuta.

Plataformak salatu du oraindik ere «mendeku tresna» gisa erabiltzen dela justizia, ETAren behin betiko su etenaren ostean irekitako «itxaropen aroa» kontuan hartu gabe. «Urte luzez luzatu den indarkeriaren mamua betikotzeko jarrera nabaria da», salatu du, eta gehitu du horren adibide dela Zelaiaren eta Barbadoren aurkako auzia.

Nabarmendu dute halako erabakiek ez dutela lekurik «espetxeen problematikari» aterabide bat emateko eta «sufrimendu guztiak amaitzeko» urratsak egiten ari diren garai batean: «Presondegiak betetzeak ez du inolako tokirik elkarbizitzarako eta bakerako bidean». Are gehiago, Sarek argudiatu du bi gazteek argi adierazi zutela «indarkeriarik gabeko estrategiarekin» bat egiten dutela, eta gehitu du epaiketan ez zela haien kontrako «froga irmorik» erakutsi.

Zelaiaren eta Barbadoren aurkako prozesuak lau urte baino gehiago iraun ditu. Ertzaintzak 2019ko otsailean atxilotu zituen bi gazteak, Auzitegi Nazionaleko Maria Tardon instrukzio epaileak aginduta. Biei leporatu zieten Ertzaintzak hilabete batzuk lehenago Duran (Arrantzua-Ubarrundia, Araba) aurkitutako material lehergailuaren arduradunak izatea, eta, beraz, «armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristekin gordetzea eta trafikatzea». Ia urte eta erdi egin zuten behin-behineko espetxealdian, epaiketaren zain.

Epaiketa amaituta, launa urteko espetxe zigorrak ezarri zizkien Espainiako Auzitegi Nazionalak 2021ean. Helegitea aurkeztu zioten ebazpen hari, baina aurtengo maiatzean Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen lehen epaia. Hala, aurreko astean espetxeratzeko agindua jaso zuten gazteek.

Epaiaren eta espetxeratzeko aginduaren kontrako hainbat protesta egin dira azken urteetan, eta horiek areagotu egin dira azken egunetan. Gazteen babeserako Ankerkeriari Stop taldeak salatu izan du «Ertzaintzak kozinatutako prozesua» izan dela Barbadoren eta Zelaiaren aurkako prozesua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.