Sare euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak salatu du Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak «trabak eta oztopoak» jarri dizkiela larunbaterako Iruñean deitua duten mobilizazioa egiteko. Zehazki, manifestazioaren aitzinetik egitekoak zituzten lau zutabeetatik bi debekatu dizkiete, «bi egun eskas falta direnean»: ekialdeko eta mendebaldeko zutabeak, hain zuzen. Manifestazioaren hasierako lekua ere aldarazi egin diete: «Hasieran lau zutabeetarako eta manifestaziorako jakinarazpenak egin genituen, eta manifestazioaren irteera lekua aldarazi ziguten: Antoniuttin ezin zela».
Mobilizazioari eutsiko diote, halere. Intsumiso parketik abiatuko da manifestazioa, eta, aitzinetik, aurreikusiak zituzten bertze bi zutabeetan bilduko dira herritarrak: Decathlondik abiatuko da bata, Cordovilla poligonotik bertzea, biak 17:00etan. Manifestazioa 18:00etan hasiko da.
Euskal presoek oraindik ere jasaten dituzten salbuespen neurriak salatuko dituzte manifestazioan, eta, joan den maiatzean manifestazioa iragartzerakoan azaldu zutenez, «elkarbizitzaren eta bakearen alde bat egiten duten herritarrak» bildu nahi dituzte martxan. Etxera bidea, gertu lelopean eginen dute mobilizazioa —lelo bera jarri diote urriaren 8an Donostian eginen duten aldarrikapen egunari—.
Sareko kideek maiatzean adierazi zutenez, azken bi urteak «garrantzitsuak» izan dira euskal presoentzat: «Urte luzeetan ezarritako urruntze politikaren amaieraren atarian gaudela esan genezake, eta, horrekin batera, salbuespen legedia atzean utzi eta legedi arruntera salto egiteko unea dela». Salatu zuten, ordea, kontrako jarrerak ere azaleratu dituela aldaketa horrek, eta oraindik ere badirela «oztopoak». Horregatik deitu zituzten herritarrak karrikara ateratzera: «Aldaketa hau egia bihurtzeko, euskal presoen etxeratze bidean ezarritako oztopo bakoitza salatu eta kalera atera behar dugu». Nabarmendu zuten «guztien ardura» dela: «Izan gaitezen aktibo, elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidean».