Sare Herritarrak larunbateko mobilizazioaren inguruko xehetasunak eman ditu gaur goizean, eta gogoratu du «giza eskubideen» alde egingo dutela Bilboko kaleetan: «Mobilizazio hau presoen kolektibo baten eskubideen aldeko aldarria da, haien eskubideak urratzen baitituzte oraindik ere». Hala, «dagokien horiei guztiei» eskatu diete kontuan hartzeko asteburuan mobilizatuko diren milaka lagunen eskaerak.
Casillatik Bilboko udaletxera arteko bidea egingo du manifestazioak larunbat arratsaldean, 17:00etan hasita. Eta hura eragozpenik gabe egin dadin, bostehun boluntario inguru arituko dira lanean. Lehen lerroan, pankartari eusten, lagun talde hau izango da: Rosa Rodero ETAren biktima, Ane Muguruza estatu indarkeriaren biktima, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari ohia, Garazi Hach Embarek giza eskubideen aldeko ekintzailea, Arantza Aldezabal EHUko irakaslea, Amaia Izko abokatua, Eva Ferreira Harrera elkarteko presidentea, Patxi Bisquert aktorea, Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohia eta Rafa Larreina senatari ohia. Haiekin batera egongo dira Sare Herritarreko eledun Bego Atxa eta Joseba Azkarraga ere.
Aipatutako horiena ez ezik, beste eragile ugariren babesa ere eskuratu du Sarek manifestaziorako. Euskal Herriko eragileei dagokienez, EH Bilduk ordezkaritza bat bidaliko du, EH Baik ere bai, eta gehiengo sindikala ere han izango da: ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE, CGT, CNT eta Etxalde. Bake Bidea, Egiari Zor, Gure Esku, Harrera, Etxerat eta Ernai taldeen ordezkariek ere parte hartuko dute, besteak beste.
Herrialde Katalanetatik, berriz, JxC, ERC, CUP eta Mes Per Mallorca alderdiek ordezkariak bidaliko dituzte, baita ANC Biltzar Nazional Katalanak, Omnium Culturalek eta Kataluniako Abokatutzaren Koordinakundeak ere.
Horiek guztiek «bidegabekeriarik gabeko bakea» eta «biktima guztiei zor zaien errespetua» eskatuko dituzte Bilboko kaleetan. Horretarako, Behin betiko leloa hautatu du euskal presoen eskubideen aldeko plataformak. Hain zuzen, haren garrantzia nabarmendu dute gaur: «Konfrontazioaren eta sufrimenduaren hamarkadetako ondorio guztiak zigilatzeko garaia da, eta uste dugu euskal gizarteak zilegitasuna duela estamentu politiko eta judizialei eskatzeko lan horretan parte har dezatela».
Manifestazioa 17:00etan hasiko da, baina presoen eskubideen aldeko aldarria presente egongo da kalean aurrez ere. Goizean ekingo diote egitarauari, eta trikitilariak, dultzaineroak, erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira Zazpikaleetan gora eta behera. Horren bitartez «aldarrikapena eta festa uztartzea» dute helburu, antolatzaileen esanetan.
‘Bizumkada nazionala’
Sareko kideek azaldu dute plataformak diru laguntza gutxirekin egiten duela lan, eta antolatzen dituzten ekinaldiak direla diru iturri nagusia. Hala, herritarrei laguntza eskatu diete orain arteko lanari jarraipena eman ahal izateko: «Argi dago baliabideak behar ditugula gure lana egiten jarraitzeko». Hala, manifestazioaren egunean dirua bilduko dute, eta, horrez gain, Bizumkada nazionala ekinaldia jarri dute abian, «lanean jarraitu ahal izateko beharrezkoa den laguntza ekonomikoa» eskatzeko herritarrei.
Parte hartzeko deia
EH Baik eta EH Bilduk manifestazioan «masiboki» parte hartzeko deia egin dute, bakoitzak ohar bat argitaratuta. EH Bilduk adierazi du konpontzen ez diren arazoak «enkistatu» egiten direla «asko sufritu» duten gizarteetan, eta uste du bizikidetzan aurrera egiteko beharra daukala gizarteak. Horrekin lotuta, esan du euskal presoei salbuespen neurriak ezartzen zaizkiela oraindik ere, eta horiek «behin betiko amaitu» behar direla.
EH Baik uste du mobilizatzen segitu beharra dagoela euskal presoak etxeratzeko eta konponbide integrala lortzeko. Gogoratu du izan dela aurrerapenik, hala nola 7/2014 salbuespen legearen indargabetzea eta sakabanaketa amaitzea. EH Bairen irudiko, «garaipen horiek euskal gizartearen mobilizazio zabalari» esker lortu dira. Horregatik deitu du larunbateko manifestazioan parte hartzera.