Euskal presoak

Sarek mobilizazioak antolatu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan Gabonetarako

Euskal presoen sakabanaketa «berehala» amaitu behar dela nabarmendu du plataformak.

Gabonen testuinguruan mobilizazioak antolatu ditu Sarek. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
unai etxenausia
2021eko azaroaren 30a
13:39
Entzun

«Euskal preso guztien hurbilketa berehala gauzatu behar da, beste atzerapenik gabe». Hala adierazi dute Sareko kideek Gasteizen egin duten prentsaurrekoan. Izan ere, sakabanaketa euskal presoen giza eskubideen «urraketa» bat dela salatu dute, eta gaineratu sektore batzuk, aurrera egin beharrean, iraganeko «konfrontazio egoeran erosoago» sentitzen direla. Horregatik, urtero bezala, urtarrilaren 8an Bilbon egingo den mobilizazioaren bezperan eta Gabonen inguruan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizazioak antolatu ditu Sarek, «jendarte zein herri gisa aurrera egin nahi duten herritar guztientzat».

Lehenengo manifestazioa abenduaren 18an izango da, larunbatarekin, 12:00etan. Basauriko (Bizkaia) Arizgoiti plazatik abiatu, eta bertako espetxetik igaroko da. Abenduaren 26rako, berriz, bi topaketa antolatu dituzte: batetik, Zaballan (Araba) ekitaldia egingo dute, eguerdian; bestetik, Martuteneko espetxetik (Gipuzkoa) bizikleta martxa egingo dute 12:00etan, eta, gero, manifestazioa abiatuko da Donostiako epaitegitik. Azkenik, abenduaren 31n, kultur ekitaldia eta urte berriko topa antolatu dituzte Iruñeko Baratxurien plazan, 12:30ean.

Espainiako Auzitegi Nazionala izaten ari den jarrera ere salatu du Sarek. Izan ere, Espetxeetako Tratamendu Batzordeen erabakiak atzera bota ditu auzitegiak. Ondorioz, irteteko baimena zuten edo baldintzapean aske zeuden preso batzuk bigarren graduan espetxeratu dituzte berriz. Sarek esan du espetxe politikaren aldaketan «atzerako urrats argia» dela hori: «196 euskal presoetatik soilik 77 daude Euskal Herrian. Gradu progresioari dagokionez, nahiz eta praktikan preso guztiak bigarren graduan egon, lehen graduan urteak eman ondoren, bederatzi bakarrik aurreratu dituzte hirugarren gradura».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.