Sare Herritarrak Josu Narbaez Goñi euskal presoaren gradu erregresioa salatu du. Aste hasieran jakinarazi zuen fiskaltzak Iruñeko presoari emandako gradu progresioaren kontrako helegitea jarriko zuela, eta, behin aurkeztuta, Narbaezek bigarren gradura itzuli behar izan zuen atzo. Hala, plataformak datozen egunetan egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du: «Salbuespenezko erabakiek salbuespenezko egoerak sortzen dituztelako, Josu eta haren ingurua oso gogorra den prozedura baten aurrean jarri dituelako Auzitegi Nazionalak».
Martuteneko espetxeko (Gipuzkoa) tratamendu batzordearen proposamena jaso ostean, Eusko Jaurlaritzak apirilaren 4an onartu zuen Narbaezen progresioa. Beraz, sei egun soilik egin ditu hirugarren graduan, fiskalaren errekurtsoak eten duen arte. Espainiako Auzitegi Gorenak 2023an ezarritako jurisprudentzia dela medio, nahikoa baita fiskalak helegitea jartzea progresioa behin-behinean eteteko.
Erabakiaren balorazioa egitean, Sarek kritikatu du martxoan Xabier Zabaloren progresioaren kontra jarritako helegiteak «fiskalak aspaldian izan ez zuen jokaera bat» gogorarazi ziela, eta orain Narbaezi egokitu zaiola haren «biktima» izatea. Plataformaren arabera, «zentzugabea eta ankerra» da fiskalaren erabakia, eta argudiatu du Narbaez jada atera izan dela espetxetik irteera programatuen bidez. Izan ere, fiskalaren argudioetako bat izan da oraintsu jaso dituela lehen espetxe baimenak eta, ondorioz, horien eboluzioa aztertu behar dela, nahiz eta berak ere aitortu duen presoaren bilakaera ona dela.
Sarek defendatu du Narbaezek egin dituela «espetxe ibilbidean eman beharreko pauso guztiak», eta legedi arrunta aplikatuz gero zentzuzkoa dela hirugarren graduaren alde egitea: «Euskal presoek etxerako bidean urrats guztiak egitea da lege arrunta aplikatzea. Euskal presoek etxerako bidean urrats guztiak egitea da gatazkaren konponbidearen zentzuan urratsak egitea». Hain zuzen, defendatu dute zigorraren azken zatia erregimen irekian betetzearen aldeko apustua dela «birgizarteratzean sinesten duen sistema» batean egin beharko litzatekeena.