Sarek maiatzerako antolatutako ekimena debekatzeko eskatu du AVTk

Auzitegi Nazionalean aurkeztu du salaketa, eta eskatu dio ikertzeko ea nork antolatu duen. Sarek Lesaka eta Iruñea batuko ditu maiatzaren 17an eta 18an, erregimen irekien defentsan.

Sarek antolatutako mobilizazio bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sarek antolatutako mobilizazio bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2025eko apirilaren 22a
16:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal presoen etxeratze prozesuaren puzzlea osatzeko asmoz, Sare Herritarrak Lesaka (Nafarroa) eta Iruñea batuko dituen mobilizazio baten berri eman zuen hilabete hasieran. Asmoa da maiatzaren 17an eta 18an erregimen itxian dauden euskal presoen udalerriak batzea, horien «etxerako bidea» ere sustatzearen alde. AVT elkarteak, baina, ez du ontzat jo proposamena, eta Espainiako Auzitegi Nazionalari eskatu dio hura debekatzeko.

AVTren ustez, mobilizazioaren helburua da «ETAren parte izateagatik edo harekin kolaboratzeagatik zigortutakoak goraipatzea». Ondorioz, argudiatu dute «terrorismoaren gorazarre» eta «biktimen umiliazio» delituak egin daitezkeela: «Horrek oinarri legitimo bat ezartzen du ekimena debekatzeko». Hala, ekitaldia debekatzeko eskaera egiteaz gain, auzitegiari eskatu diote Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari agintzeko ikertu dezatela nork antolatu duen, tartean «legez kanpoko erakunderen bat» egon badaiteke ere.

Ekitaldiaren berri eman zuena Sare Herritarra bera izan zen. Hilaren 8an aurkeztu zuen Puzzlea osatu arte ekimena. Azaldu zutenez, haren xedea da egun erregimen itxian dauden EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 58 presoen udalerriak batzea —denera, 29— bi egunetan. Hala, irudikatu nahi dute beharrezkoa dela preso horiei ere erregimen irekiak aplikatzea —bigarren gradu malguagoa edo hirugarren gradua—: «Baldintzak betetzen dituztelako, eta legeak horretarako aukera ematen duelako».

AVTk, baina, ukatu egin du euskal presoei salbuespen legedi bat aplikatzen zaienik, eta gehitu du ETA 2018an desegin bazen ere «espetxe onurak» lotuta daudela «presoak parte ziren erakunde terroristaren helburuak eta bitartekoak alde batera uztearekin». Hala, Sareren eskaerari kontra eginez, AVTk salatu du modu «malguegian» aplikatzen zaiela espetxe legedia presoei, ez baititu ontzat jotzen horietako hainbatek egindako kaltearen inguruan idatzi dituzten gutunak.

Era berean, AVTk salatu du mobilizaziorako deiak egoera «desitxuratzen» duela, eta gaitzetsi egin du gatazka bat egon dela esateak, «indarkeria ezberdinen biktimei» erreferentzia egiteak eta presoen auziak «sufrimendua» eragiten duela adierazteak, ETAren biktimak berriz biktimizatzen dituztelako.

Espainiako egoera politikoarekin ere lotu du auzia elkarteak, eta adierazi ETAren «oinordekoek» estatua gobernatzen dutela Pedro Sanchez gobernuburuarekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.