Sarek 'konponbiderako giltza' izatera deitu ditu herritarrak

Euskal preso, errefuxiatu eta deportatuen egoera konpontzen laguntzeko manifestaziora deitu dute Bilbon, urtarrilaren 13rako.

Sarek urtarrilaren 13ko manifestaziora deitu du
Sareren agerraldia gaur, Gasteizen, urtarrilaren 13ko manifestaziora deitzeko, Bilbora. ANDONI CANELLADA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2023ko abenduaren 1a
14:34
Entzun

«Konponbiderako giltza» gizartearen esku dagoela ohartarazi du Sarek. Helarazi dute euskal gizarteak berak hartu behar duela bere gain, erakunde politiko eta judizialekin batera, euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera itzultzeko bidea diseinatzeko gaitasuna. Konponbidea Euskal Herrian eman behar zaiola aldarrikatu du, eta gizartea deitu dute horren alde mobilizatzera urtarrilaren 13rako, Bilbon, konponbiderako giltza lelopean. Agerraldia egin dute gaur Bego Atxak eta Joseba Azkarragak beste hainbat sarekiderekin batera, Gasteizen.

Hamahiru urte joan dira ETAk behin betiko su etena eman zuenetik, eta euskal presoen espetxe ibilbidea Espainiako Auzitegi Nazionalean erabakitzen jarraitzea gaitzetsi du. «Ez da demokratikoa, ezta logikoa ere, Auzitegi Nazionaleko epaile eta fiskalek aurka egitea behin eta berriz Euskal Herriko espetxeetako tratamendu batzordeen erabakiei, eta trabatzea pertsona horiek etxera itzultzeko bidea; are gutxiago, kontuan hartuta preso horietako askok 20 urte baino gehiago eman dituztela askatasunik gabe, eta, kartzelan egindako denboraren arabera, eskubidea dutela baldintzapean aske edo erregimen irekian egoteko».

EAEko Fiskaltzaren 2022ko memorian jasotako datuen arabera, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak onartutako 387 gradu progresioetatik, fiskaltzak hamar kasuetan jarri du helegitea; hau da, %2,85. Euskal presoen kasuan, ordea, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak kasuen %60tan jarri du helegitea, eta horien ondorio zuzena izaten ari da helegitea jarriz gero hirugarren graduan dauden pertsona horiek kartzelara zuzenean itzuli behar izatea, berriz ere epaileak helegitea ebatzi artean. Kasu gehienetan, hamarkadak kartzelan emandako pertsonak dira, eta adinekoak, maiz osasun arazoekin.

Sarek azpimarratu du legearen barnean dagoena betetzea eskatzen dutela: «Sistema juridikoan eta espetxe sisteman aurreikusita daude zigorrak betetzeko beste aukera batzuk, kartzeletako hormetatik kanpokoak, euskal presoen kasuan aplikatu behar direnak».

Bizikidetzaren izenean

Horiek horrela, Konponbiderako giltzak goiburua izango du datorren urtarrilaren 13an Bilbon egingo den manifestazioak. Hainbat mobilizazio deitu dituzte 13ra bitartean ere. Guztiak ere baketsuak izango dira, eta Sareren helburua da bertan milaka pertsonak giltzak hartzea beren eskuetan, «presoen etxerako bidea, konponbidea eta bizikidetza irekiko dituzten giltzak».

Azpimarratu dute bizikidetzarekin lotura duen afera dela, eta horregatik egin diote deia giza eskubideen alde dagoen orori, edozein dela ere haien ideologia edo atxikipen politikoa. «Zeren ez baikara hizketan ari helburu politiko edo alderdikoiez. Eskubideez ari gara hizketan, eta salbuespen egoera, juridikoa eta espetxe arlokoa, bukatu beharraz. Gure herrian bizi izan ditugun indarkeria guztien biktima guztien mina errespetatzeaz. Finean, bizikidetzaz ari gara».

Uste dute gaur egungo euskal gizartea ez dagoela gatazka politikoari lotutako konfrontazio egoeran, eta txarretsi du «iraganean pentsatutako lege eta jarrerei eustea», ez datorrelako bat gaur egungo errealitatearekin.

Urtarrilaren 13a bitarte hainbat egitasmo prestatu dituzte, eta herri eta auzoetako dinamikak suspertzeko deia egin dute «Denok gara aurrera egiteko giltza, jarreretan gotortu gabe, hainbeste urte konfrontazioan iragan ondoren jomuga gizarte gisa irrikatzen dugun etorkizunean jarrita».

hurrengo mobilizazioak

  • Abenduak 9. Ekitaldia kulturgileekin Durangoko Landakon, 13:00etan. 
  • Abenduak 20. Hego Euskal Herriko hiriburuetan gehiengo sindikalaren elkarrretaratzeak.
  • Abenduak 23. Martuteneko espetxetik manifestazioa, 12:00etan.
  • Abenduak 24. Gasteiz, Ahateen Iturritik manifestazioa, 19:00etan.
  • Abenduak 29. Nafarroan kontzentrazioak.
  • Abenduak 30. Basauriko espetxetik manifestazioa, 12:30ean.
  • Urtarrilak 13. Bilboko La Casillatik abiatuta manifestazioa, 17:00etan.

 

Konponbiderako giltza dinamika urriaren 21ean aurkeztu zuten, Gernikan. Han aurkeztu zuten manifestuan dozenaka lagunen babesa jaso zuten. Manifestuaren sinatzaileen artean daude Juan Jose Ibarretxe eta Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak, ETAren, GALen eta torturaren hainbat biktima, Gerry Adams Sinn Feineko buruzagi historikoa eta Euskal Herriko eragile ugaritako kideak. Denera, 150 lagunetik gora, eta haiekin batera, baita EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta gehiengo sindikala ere. «Giltzari esker sartu eta irten egiten gara: aurrera egiten dugu. Edo atzean geratzen gara, gotorturik», zioen manifestuak. Era berean, giltza «iraganeko minak, gorrotoak eta biolentziak» atzean uzteko baliatu beharrean, «inoren sufrimendua ahaztu edo gutxietsi gabe» aurrera egiteko irakaskuntza izan daitekeela adierazi zuten: «Akatsetatik ikasiz ez errepikatzeko, norgehiagokak giltzapetu eta iraganean ainguratzen gaituzten lehiak ixteko».

Manifestu hartan urratsak eskatu zituzten, bi arlotan. Batetik, biktima guztiei «tratamendu justu eta berdina» ematea ahalbidetzeko, «sufritu duten pertsona guztiak» aintzat hartuz eta errespetatuz. Bestetik, euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbide bat bilatzeko, legeak ezarritako aukerei bide emanez: «Espetxe eredu berri, humanizatu eta justuago batean sakonduz, euskal presoei dagozkien eskubideen jabetza aitortuz». Gaineratu zuten eskaera hori ez dela «zigorgabetasunarekin» nahastu behar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.