Iaz bezala, ezin izanen dituzte Bilboko eta Baionako karrikak euskal presoen eskubideen aldeko aldarri ozenez bete. Sarek atzo goizean Gasteizen egin zuen agerraldi batean jakinarazi zuenez, izan ere, bertan behera utzi dute Bilbon egitekoa zuten urtarrilaren 8ko urteroko manifestazio jendetsua, eta, horren partez, herrietan eginen dituzte mobilizazioak. 17:00etan izanen dira protestak, eta Bilbon bertan ere eginen dute mobilizazioa —inguruko herri batzuek hara joateko deia eginen dute—.
Goizerako antolatua zuten mahai ingurua bere horretan mantenduko dutela jakinarazi du Sarek. Bilboko Euskalduna Jauregian elkartuko dira ordezkari politiko, sindikal eta sozialak—heldu den astean erranen dute zehazki nork parte hartuko duen, eta ekitaldiari alde guzietako biktimek emanen diote hasiera, mahai inguru batean: ETAren, GALen eta poliziaren indarkeriaren biktimek. Zehazki, Robert Manriquek, Naiara Zamarreñok, Rosa Lluchek, Maider Garciak eta Idoia Zabalzak hartuko dute hitza. Mahai inguruaren ondotik, Sareko bozeramaileek «elkarbizitzarako bidean aurrera egiteko beharrari buruzko hausnarketa labur bat» plazaratuko dute.
Sarek jakinarazi du Bilboko manifestazio jendetsua bertan behera uztea ez dela erabaki «erraza» izan, bigarren urtea baita mobilizazio handia bertan behera uzten dutena: «Baina argi daukagu bizitzen ari garen egoera honetan, non gero eta positibo gehiago baitaude eta gaixotasuna erraz kutsatzen baita, 80.000 eta 100.000 pertsona artean elkartzen dituen mobilizazio batera deitzea arduragabekeria dela, eta Sarek kosta ahala kosta saihestu nahi du hori». Adierazi dute «sakon hausnartu ondoren» hartu dutela erabakia, COVID-19ak eragindako egoera kontuan hartuta eta «atsekabe handiz».
Aldarri egunari eustea garrantzitsu ikusi dute, ordea, eta iragarri dute aldi berean «ehunka mobilizazio» eginen dituztela Euskal Herriko herrietan. «Milaka pertsonaren» parte hartzea espero dute, eta jakinarazi dute «segurtasun neurri guztiak» beteko dituztela horietan.
Bego Atxa Sareko bozeramaileak hiru arrazoi eman ditu aldarrikapenari eutsi izana azaltzeko. Batetik, azaldu du egun hori «ikur» bat dela euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenean. Bestetik, nahiz eta espetxe politikaren «aldaketari» dagokionez urte «garrantzitsua» izan —hurbiltze eta Euskal Herriratze ugari gertatu dira—, ohartarazi du euskal preso «gehienak» Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudela oraindik, eta gradu progresioa «blokeatuta» dagoela: «Presoek ezin dute egin etxera itzultzeko prozesua». BERRIAren kontaketaren arabera, gaur egun kartzeletan dauden 197 euskal presoetatik 79 daude Euskal Herriko espetxeetan. 22 Frantziako kartzeletan daude, eta 96, Espainiakoetan.
Azkenik, Sarek salatu du pandemiak «eragin zuzena» duela presoengan eta haien senideengan: «Berriro ere zailtasunak daude zenbait espetxetan bisitak egiteko, batez ere aurrez aurrekoak». Hala, Sarek «inoiz baino beharrezkoago» ikusten du «aldarrikapena bizirik mantentzea eta Euskal Herriko herri guztietako kaleak betetzea bidea egiten jarraitzeko». Aldarrikatu dute «bizikidetzarako eta bakerako bidea» dela «etxerako bidea».
Baimendu dituzte gaurkoak
Gaur arratsaldean Sarek eta Etxerat-ek Iruñean eta Arrasaten (Gipuzkoa) antolatu dituzten mobilizazioen harira, Jose Luis Calama Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak erabaki du mobilizazioak ez debekatzea. Azaldu du deialdi horiek «gizarteko hainbat sektore urduritzen edo talka egiten duten iritziak adierazteko» direla, baina deliturik egin den egiaztatu aurretik ez dutela eskubide penalik.
Hala ere, Espainiako Poliziari eta Ertzaintzari eskatu die mobilizazioen kontrol eta jarraipen egokiak egin ditzatela, delituak izan daitezkeen «beste ekintza» batzuk gertatzen badira: «Egileak identifikatu eta, hala badagokio, atxilotu daitezen». Gainera, horretarako, ez dute ordena judizialik behar, «legezko betebeharra» dutelako, azaldu duenez.
Sareko kideek nabarmendu dute mobilizazioak «bateragarriak» direla «ETAren biktimekiko elkartasunarekin», eta berretsi dute Arrasatekoa ez dela «omenaldia» izango, baizik eta salbuespenezko espetxe politika arbuiatzea: «Salbuespeneko espetxe politika baztertzea da kontua. Gainerako guztia, berriz, desitxuratzea da».
Sarek herrietara eramango du urtarrilaren 8ko mobilizazioa
Plataformak azaldu du COVID-19aren hedapenaren ondorioz erabaki dutela Bilboko martxa ez egitea: «Ez da erabaki erraza izan». Manifestazioak 17:00etan eginen dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu