Asier Borrero, Gregorio Eskudero, Garikoitz Etxeberria, Faustino Marcos eta Irantzu Gallastegi euskal presoak Euskal Herriratuko dituztela jakinarazi dute Espainiako Espetxe Erakundeek; denak Eusko Jaurlaritzaren esku dauden espetxeetarako mugituko dituzte. Espainiatik Euskal Herrira lekualdatzeko geratzen ziren bost presoak dira —Jaione Jauregik Alcalan jarraituko du (411 kilometrora, Espainia)—. Etxerat elkarteak eta Sare Herritarra plataformak «itxitzat» jo dute «hainbeste urte iraun duen sakabanaketa politika».
«Iritsi da azkenean guztiok hainbeste bilatu dugun berria, eta amaitu da 34 urte iraun duen urrunketa politikaren aroa», adierazi du Sarek, eta «bigarren fasera» begira jartzeko garaia dela azaldu du: «Oraindik indarrean dauden salbuespen politikak indargabetzeko». Etxerat-ek, berriz, «une zoriontsua» dela azaldu du, eta gogoratu du sakabanaketak «izugarrizko sufrimendua» eragin duela: «Etxean eta bizirik nahi ditugu».
Asier Borrero Duesoko espetxean dago egun (225 kilometrora). 2009an atxilotu zuen Frantziako Poliziak. Frantzian espetxeratuta egon ostean, 2019ko otsailean Espainiaratu zuten. Bi hilabete geroago, Dueñasera lekualdatu zuten ( 255 kilometrora, Espainia), eta 2021ean, Duesora. Urte hartako abenduan, sei urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Abuztuan beteko ditu kondenaren hiru laurdenak.
Gregorio Eskuderok 70 urte ditu. 2002an atxilotu zuten, eta 2021eko apirilean aldatu zuten Teixeirotik (600 kilometrora, Galizia) Dueñasera. 2024ko irailean beteko ditu hiru laurdenak.
Espetxe horretan bertan dago Garikoitz Etxeberria ere. 2021eko apirilean lekualdatu zuten bertara, Sevilla II-tik (Espainia, 885 kilometrora). 2007ko urtarrilean atxilotu zuten Azkainen (Lapurdi), eta martxoan Espainiaratu. Auzitegi Nazionalak 27 urteko kartzela zigorra ezarri zion; iazko urtarrilean bete zituen zigorraren hiru laurdenak.
Irantzu Gallastegik 1994an egin zuen ihes, eta 1999an atxilotu zuen Frantziako Poliziak. Aldi baterako Espainiaratu zuten, epailearen aurretik igarotzeko, eta ondoren Frantziara eraman, han ezarritako zigorra osorik betetzeko. Hura beteta, 2005ean Espainiaratu zuten berriz. 2006an, 30 urteko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak; 2024ko azaroan beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Egun, Estremeran dago (465 kilometrora, Espainia).
Faustino Marcos Darocan dago (280 kilometrora, Espainia), eta apirilean beteko du zigor osoa; 2010eko otsailean atxilotu zuten, Katalunian, eta 2012an hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak. 2020ko irailean lekualdatu zuten Darocara, Herrera de la Manchatik (Espainia, 580 kilometrora).
Jaione Jauregik, berriz, Alcalako kartzelan jarraituko du, behin-behinean. Hura 2020an atxilotu zuten, Belgikan, eta ondoren Espainiaratu. Haren aurkako auzibideak martxan daude Auzitegi Nazionalean. Atxilotu aurretik, Ganten (Flandria) bizi zen Jauregi, eta bere aldeko babes sare bat ere badu hiri hartan.
35 urteko salbuespena
Espainiako Gobernuak 1977an ekin zion presoak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan kartzelatzeari. Orain arte indarrean egon den sakabanaketa politikari, ordea, hamar urte geroago eman zion hasiera. 1988tik eta, batez ere, 1989ko maiatzetik aurrera.
ETAk 2018ko maiatzean adierazi zuen desegin egin zela, eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak hilabete geroago iragarri zuen «bestelako espetxe politika bat» martxan jarriko zuela. Lehen mugimenduak uda hartan egin zituzten. Espainiako Espetxe Erakundeak lehen presoak gerturatzen hasi zen, tantaka-tantaka. Etenaldi bat eragin zuen, baina, 2019ko azaroko Espainiako Gorteetarako bozetako kanpainak. Eta gero zenbait hilabetez luzatu zen, COVID-19ak eragindako pandemiaren eraginez.
2020ko ekainetik aurrera berrekin zuen Espainiako Gobernuak euskal presoak hurbiltzeko eta Euskal Herriratzeko prozesua, eta, 2021eko uztailerako, ia preso guztiak 600 kilometrora baino gutxiagora dauden kartzeletan zeuden. Ordutik aurrera, Euskal Herriratzeek pisu handiagoa hartu zuten presoen lekualdatzeetan. BERRIAren datuei erreparatuz gero, 2021eko urtarrilean euskal presoen %13,5 zeuden Euskal Herriko espetxeetan; iazko urtarrilean, %39,7; eta aurtengoan, %79,5.
Frantziako Gobernuak ere egin ditu urratsak, batez ere 2018tik aurrera. Pixkanaka, euskal presoak Mont-de-Marsanen eta Lannemezanen (Okzitania) biltzen hasi ziren —Euskal Herritik gertuen dauden kartzelak dira—, eta,2020. urtea bukatzerako, Frantziako Estatuan zeuden presoen hiru laurdenak bertan zeuden. Egun, berriz, Frantzian preso dauden hamahiru presotik 11 Lannemezanen daude. Beste biak emakumezkoak dira, eta Reaun(890 kilometrora, Frantzia) eta Naoneden (600 kilometrora, Bretainia) daude —Lannemezanen eta Mont-de-Marsanen ez dago emakumeentzako modulurik—.
Sakabanaketak presoengan eragin du, baina haien senide eta lagunengan nagusiki. Etxerat-en arabera, iaz bi istripu izan zituzten presoen senide eta lagunek. Gainera, 34 urtean hamasei lagun hil dira errepidean, kartzelara bidean edo handik bueltan.
Sarek bukatutzat eman du euskal presoei ezarritako sakabanaketa politika
Espainiako Gobernuak iragarri du Asier Borrero, Gregorio Eskudero, Garikoitz Etxeberria, Faustino Marcos eta Irantzu Gallastegi Euskal Herriratuko dituztela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu