Sareren arabera, 52 euskal presori eragingo die 7/2014 legearen erreformak, eta zazpik aske beharko lukete lehenbailehen

Sare Herritarrak adierazi du salbuespen lege bati amaiera eman zaiola 7/2014 legea atzean utzita. Plataformak lanean jarraitzeko asmoa azaldu du; besteak beste, 7/2003 lege organikoa ere indargabetzeko.

Azkarraga eta Atxa, gaur goizeko ekitaldian. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko urriaren 17a
11:40
Entzun

PP hura atzeratzen saiatu den arren, BOE Espainiako aldizkari ofizialean argitaratzeko prest da 7/2014 lege organikoaren erreforma. Eta, harekin, amaiera emango zaio euskal presoei ezarritako salbuespen lege bati, Sare Herritarrak azaldu duenez: «Berandu, baina arbitrariotasunari amaiera eman zaio». Plataformak haren ondorioei ere erreparatu die, eta azaldu du Europako Batasuneko zuzentaraura egokitzeak eragin zuzena izango duela 52 euskal presoren egoeran; horietako zazpik aske beharko lukete lehenbailehen, Frantzian betetako zigor urteak kontuan hartuz gero. Euskal gizartearen mobilizazioaren ondoriotzat jo dute, eta aurrera jarraitzeko deia egin, gainerako salbuespen legeak ere indargabetzeko.

Sare Herritarraren egoitzan egindako agerraldian, Joseba Azkarraga eta Bego Atxa eledunek lege erreformaren balorazio juridikoa egin dute, eta hark etorkizunera begira dakartzan perspektibak aztertu. Hala, defendatu dute Espainiako Gorteek «euren zeregina» bete besterik ez dutela egin, eta hamar urtez eragindako kalteari erantzun diotela: «Pertsona asko urteak egon dira preso modu bidegabean». Hau da, bi kideen esanetan, haren ondorioa ez da zigorrak «murriztea», baizik «modu bidegabean atzeratutako» kaleratzeak bideratzea.

Izan ere, Sareren kalkuluen arabera, jada aske dauden hamabost lagunek zegozkien baino urte gehiago egin zituzten espetxean, eta gaur egun preso dauden beste 52k ere legearen ondorioak pairatu dituzte. Horietako lau Frantziako Estatuko espetxeetan daude preso, eta gainerakoak, Euskal Herrian: 29 Zaballan (Araba), hamabi Martutenen (Gipuzkoa), bost Basaurin (Bizkaia) eta bi Iruñean.

Erreforma indarrean sartuta, horietako zazpik zigor osoa beteta ateratzeko modua izango dute, eta badira zigorra aurten beteko dutenak ere. «Horietako batzuek 2021etik, 2022tik zigorra beteta daukatela ikusiko dute», azaldu dute Azkarragak eta Atxak: «Pertsona horiei egin zaien kalteak ez du konponbiderik».

Halere, bi eledunek nabarmendu dute 7/2014 lege organikoak eragindako kalteak ez direla preso horietara mugatzen, eta zehaztutako gainerakoek ere pairatu dituztela espetxe ibilbidean aurrera egiteko «oztopo bidegabeak». Izan ere, zigorra betetzeko «egoera hobeak» eskuratzeko, ezarritako espetxealditik bete den epeari erreparatzen zaio, eta horiek luzatzea baimendu zuen lege hark: zigorraren laurdena bete behar da espetxe baimenak izateko; erdia hirugarren gradua jaso ahal izateko; eta hiru laurden baldintzapean aske ateratzeko.

«7/2014 lege organikoa 'ad hominem' diseinatu zen, berariaz soilik pertsona batzuei eragin ziezaien»

BEGO ATXASare Herritarreko eleduna

Beraz, Sareko kideek txarretsi dute «lokutorioetan eta aurrez aurreko geletan» egin behar izan dutela familia bizitza, «haien bizitzako azken momentuetan» gurasoekin egotea eragotzi zaiela, edota beilatokira «eskuburdinez loturik» joan behar izan dutela, «erregimen irekian kalera ateratzeko eskubidearen jabe ziren arren».

Hala, behin erreforma gauzatuta, Euskal Espetxe Administrazioari eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Justizia Sailari adierazi diote haien garaia dela orain, eta «luzapenetan ez ibiltzeko» espetxeetako profesionalek egindako proposamenak ebazterakoan. Izan ere, zenbait presok modua izango dute zigor metaketaren ondorioz hirugarren gradua eskuratzeko eta baldintzapean aske gelditzeko. Hain zuzen, erregimen irekiaren aldeko apustua egin zuten euskal erakundeek euskal espetxe politika garatzerakoan.

Ez zen «onargarria»

Azken asteetan erreformaren inguruan sortu den eztabaidaren harira, hark eragindako «minari edo ezinegonari» erreparatu diote agerraldian, eta salatu dute helarazi zaizkien mezuetan dagoela horren oinarria: «Pertsona horiei pentsarazi zaie eskatzen zutena onargarria zela justiziaren eta zuzenbidearen aldetik». Txarretsi dute araua egin zutenek eta hura defendatu izan dutenek bazekitela «goiz edo berandu» auzia onbideratu beharko zela. Hori aurpegiratu diote erreformaren aldeko alderdiek PPri ere azken egunetan.

Izan ere, Sareko kideen esanetan, 7/2014 lege organikoa aldatzeak berekin dakar duela hamar urte «eragotzi» zen «normaltasun juridikoa» ezartzea, eta hala aitortu dute «orduan legea onartzen lagundu zutenek» ere. Salatu dute «azken orduan» eta «forceps-en bidez» onartu zutela legea 2014an, eta «borondate politiko jakin baten» ondorioz ez dela egindakoa konpondu ordutik. «Irizpide bikoitza txertatu zuten, arauak pertsona jakin batzuk kanpoan utz zitzan», gogoratu dute. Zehazki, xedapen gehigarri bat ezarri zioten legeari, hura 2010eko abuztuaren 15a baino lehen ezarritako zigorretan ez aplikatzeko. Xedapen hori da orain indargabetu dena.

Are gehiago, Azkarragak eta Atxak azaldu dute Auzitegi Nazionalak zigor metaketaren alde egin zuela 2010eko hamarkadan, «modu natural batean». Eta horren ostean, «norbanako, alderdi politiko eta komunikabide jakin batzuen iritzi subjektiboan, ‘zegozkien baino zigor txikiagoak’ beteko zituztela egiaztatze horrek» eragin zuela 7/2014 lege organikoa hala idaztea: «Ad hominem diseinatu zen, berariaz soilik pertsona batzuei eragin ziezaien».

«Eskuin politikoak ETAren biktimen inguruan duen sentiberatasunak goraka edo beheraka egiten du unean uneko errentagarritasun politikoaren arabera»

JOSEBA AZKARRAGASare Herritarreko eleduna

Aurrez ere ezbaian jarri izan da idazkera hori, baita Espainiako justiziak berak ere. Sareko kideek oroitu dutenez, Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 3. Ataleko hiru magistratu aferaren inguruko galdera bat egiten saiatu ziren Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari, baina Zigor Arloko Aretoko lehendakaritzak «errotik geldiarazi» zuen saiakera. Azkenik, Zigor Arloko Aretoko magistratuen bilkurak erabaki zuen galderarik ez egitea, baina erabaki hari boto partikular bat ezarri zioten hogei kidetik zortzik. «EBko Justizia Auzitegiak araua zuzenduko zuela uste zen, eta aukera hori itxi nahi izan zen», salatu dute.

Horiek horrela, defendatu dute aste honetan onartutako aldaketak «sentsibilitate demokratikoa duen herritar oro gogobete» beharko lukeela, eta auzitegiei eskatu diete lege erreforma aplikatzeko prozedura azkartzeko, hura indarrean ez sartzeko «jukutriarik» baliatu gabe. Eta adibide gisa jarri dute Kataluniako prozesu independentistara begira onartutako Amnistia Legearekin zenbait auzitegitan gertatzen ari dena.

«Lotsagarria»

Arlo politikoari helduz, Sareko kideek kritikatu egin dute Espainiako eskuineko alderdiek azken asteetan erakutsitako jarrera «lotsagarria». Besteak beste, salatu dute Miguel Tellado PPko diputatuak ETAren biktimen argazkiak erabili izanak «arinkeria eta arduragabekeria» erakusten duela biktimen sufrimenduari dagokionez: «Eskuin politikoak ETAren biktimen inguruan duen sentiberatasunak goraka edo beheraka egiten du unean uneko errentagarritasun politikoaren arabera». Hori ikusita, aldarrikatu dute badela garaia «ETAren euskarria» edozertarako baliatzeari uzteko: «ETA desagertu zen, eta denon ardura da orain elkarbizitzaren bidean aurrera egitea».

Hain zuzen, bide horretan aurrera segitzeko asmoa azaldu du Sare Herritarrak ere, martxan diren gainerako salbuespen legeak ere indargabetzeko. Izan ere, uste dute lege aldaketak erakutsi duela posible dela aurrera egitea: «Jendartearen mobilizazioak eta eragile politiko aurrerakoien jarduerak gauzak aldatzeko gaitasuna dute, egoera bidegabeei amaiera emateko gaitasuna».

Zehazki, 7/2003 lege organikoa «egokitzea edo indargabetzea» jarri dute helburu gisa, «bizitza osorako espetxe zigorrak» ezartzen dituelakoan. Zehazki, 30 urtetik 40ra luzatu zuen gehienezko espetxealdia, eta gradu progresioak eskuratzeko baldintzak zaildu; Etxerat-en datuen arabera, ia 60 preso ingururi eragiten die. «Medikuntzan aritzen diren profesional askok baieztatu dute hogei urtetik gora luzatzen diren espetxealdiek kalte fisiko eta psikologiko sendaezinak eragiten dituztela», esan dute Azkarragak eta Atxak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.