«Irribarre egiten hasi nahi dugu», adierazi du Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak gaur Illunben egin duten agerraldian. Izan ere, euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak uste du «bateragarriak» direla aldarrikapena eta besta, eta biak uztartuko dituen ekitaldi baten berri eman dute gaur: urriaren 8an eginen dute, Donostian, Etxera bidea, gertu lelopean. Sarek aurten eginen duen «mobilizazio handiena» izanen da.
Egun horretan Sarek bukatutzat emanen du bere buruari jarritako hiru milioi pasatxo kilometroko erronka. Izan Bidea dinamikaren bidez asmoa zuten «Euskal Herrian dauden biztanle beste kilometro egitea» euskal presoen eskubideen alde, eta urriaren 8ko egunean eginen dituzte azken kilometroak, goizez, Bulebarrean. Ondotik manifestazio «koloretsua» eginen dute, 12:00etan Pio XII plazatik hasita, eta 15:30ean musika jaialdia Illunben: bertzeak bertze Su Ta Gar, Doctor Deseo, Belako, Zea Mays, Esne Beltza, Dupla, Rotten XIII eta Trikidantz taldeak igoko dira oholtza gainera, eta haurrentzako gune bat ere jarriko dute —bertzeren artean Porrotx izanen da gune horretan—. Jatekoa eta edatekoa eskainiko dute, eta goizaldera arte luzatuko da besta.
Hiru milioi kilometroko erronkara iristea ez ezik, elkargune bat sortzea ere izanen da Sareren helburua: «Urte luzeetan urruntze politikaren amaiera eskatu duten pertsona guztiak elkartu nahi ditugu, astiro-astiro politika hori desagertzen ari baita». Azpimarratu dute, halere, oraindik ere badela bidea egiteko, euskal preso guztiak ez baitaude Euskal Herriko kartzeletan, eta gehienek trabatua baitute gradu progresioan aitzinera egiteko bidea: «Salbuespeneko espetxe politika oraindik ere arau da euskal presoen kasuan».
Senideei eta biktimei
Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko bozeramaileek euskal presoen senideak eta indarkeriaren biktimak izan dituzte gaur goizean gogoan, eta haiek egindako lana «aitortu» dute. Batetik, senideena: «Milaka eta milaka kilometro egin dituzte Espainiako eta Frantziako espetxeetara, eta kostu pertsonala izugarria izan da». Biktima «askok» erakutsitako «enpatia» eta espetxe politika arrunta ezartzeko egin duten aldarria ere «eskertu» dute.