Hamar urte eta zortzi egun. Hori da Sare Herritarraren lehen ekitaldiaren eta gaurkoaren arteko denbora tartea. Epe motza «gertaera politiko eta sozialen abiada bizian», Joseba Azkarraga eta Bego Atxa plataformako eledunen esanetan, baina luzea «bizitza baldintzatzen dieten arazoen konponbideen zain daudenentzat». Izan ere, bere hamargarren urtemugan, plataformak gogoratu du oraindik ez dela konpondu euskal presoen auzia, eta euskal gizarteari dei egin dio, lanean jarrai dezan «erakunde politiko eta judizialen bitartez».
2014ko ekainaren 15 hartako ekitaldia bezala, gaur Donostiako Zuloaga plazan egindakoa ere aldarrikapenez betea izan da. Azkarragak eta Atxak, baina, abagunea baliatu nahi izan dute balantzea egiteko. Balioa eman nahi izan diete azken hamarkadako aurrerapenei, eta, batez ere, urruntze eta sakabanaketa politikaren amaierari: «Bukaerako puntua jarri diegu 34 urte luze iraun duten urruntze politikek eragindako eskubide urraketei». Izan ere, gogoratu dute ez dela hainbeste denbora igaro euskal presoei ezarritako bakartzeak eta lehen graduak «arau» zirenetik, ezta horien senide eta lagunek ehunka kilometroko bidaiak egiteari utzi ziotenetik.
Bi eledunek aitortu dute Sarek bere bideari ekin zionean ez zutela espero plataformak hamar urte betetzea: «Espero genuen ETAk jarduera armatua uzteko erabakiari beste batzuen urratsek erantzungo ziotela, sufrimendu eta konfrontazio garaiak atzean uzteko helburuarekin». Eta urratsen falta hori «agertoki aldakor» batekin lotu dute, batez ere azken urteetako hauteskundeekin eta gobernu aldaketekin. Hala, azaldu dute «egonkortasun eta aurrerapen» garaiak izan diren arren giro garratzagoa iritsi dela horien atzetik, eta, ondorioz, «blokeo egoera bat» ere izan dela konponbiderako bidean. Horren atzean, Sareren ustez, ETAren eta «biktimen oinazearen» erabilera «politiko alderdikoiak» daude.
«[Etapa hau] Motzagoa izango da, ziur, eta oztopoak izango ditu, baina prest gaude haiei aurre egiteko».
BEGO ATXA Sare Herritarreko eleduna
Halere, urruntze politika atzean utzita, «etapa bat» amaitu zela uste du Sarek, eta orain beste bat dela martxan: «Motzagoa izango da, ziur, eta oztopoak izango ditu, baina prest gaude haiei aurre egiteko». Hain zuzen, salbuespen politiken amaieraz aritu dira, argudiatuta horiek egungoarekin zerikusirik ez duen garai batean onartu zirela. Batetik, salatu dute Espainiako justiziak ez dituela kontuan hartzen presoek Frantziako espetxeetan betetako zigor urteak. Bestetik, presoen inguruko auziak Euskal Herritik 400 kilometrora, hau da, Espainiako Auzitegi Nazionalean hartzea kritikatu dute. «Garaia da eskumen hori gertuko epaitegien esku uzteko», aldarrikatu dute.
Aldarri hori iaz martxan jarritako Konponbiderako giltzak dinamikarekin lotu dute Azkarragak eta Atxak, eta lelo horren atzean dagoen nahia xehatu: «Esan nahi dugu euskal gizarteak erabaki behar duela, bere erakunde politiko eta judizialen bitartez, euskal presoek noiz eta nola itzuli behar duten etxera». Horiek hala, plataformak nabarmendu du «letra larriz idatzitako politika» egiteko ordua dela, eta epaileei adieraztekoa «giza eskubideak bermatzea» dela haien eginkizuna eta ez horiek «urratzea».
«Gehiengoaren» babesa
Gaur egun, euskal preso ugari espetxe araudiak zehaztutako ibilbidea egiten ari dira etxeratze prozesuan, eta Sarek uste du prozesu horrek «Euskal Herriko gizartearen gehiengoaren» babesa duela: «Baita biktima asko eta askoren onarpena ere, eta eskertu egin behar diegu elkarbizitzari egin eta egiten dioten ekarpena». Hala, plataformak Eusko Jaurlaritzari eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeei eskatu die segitzeko presoen gizarteratzeko bidea zabaltzen.
«Haiek togak ematen dien boterea izango dute, baina gure helburuek euskal gizartearen parte handi baten babesa dute».
BEGO ATXASare Herritarreko eleduna
Halere, plataformak azaldu du badela arazo bat auzi horren konponbideari eta gainerako salbuespen legeen amaierari heltzeko. «Ez dugu geure burua engainatzen. Badakigu zenbait sektore aurrerapauso horien kontra daudela epaileen artean, politikan eta hedabide batzuetan», esan dute Azkarragak eta Atxak. Halere, zehaztu dute horrek ez dituela isilduko, eta euskal gizarteari ere dei egin diote, bidea markatu diezaien «iraganean kateaturik gelditu direnei»: «Haiek togak ematen dien boterea izango dute, baina gure helburuek euskal gizartearen parte handi baten babesa dute».
Are gehiago, Sareko kideek adierazi dute «gotortze judizialak» ez duela laguntzen «inoren mina arintzen», eta azpimarratu biktimen eta presoen eskubideak bermatzea dela bidea: «Ezin da herrialde bat eraiki pertsonen eskubideei bizkar emanda, gure historiako aro tragiko bat gaitz osatzea ekarriko lukeelako».
Hala, bi auzi horiei erreparatzera deitu dute gizartea, presoen etxeratzea aurrera eramateko, eta «indarkeria guztien biktimei» babesa eta erreparazioa emateko, dinamikak sustatuz, baita iheslari eta deportatuen egoera bideratzeko urratsak eginez ere. «Modu bakarra da denok irabazle izateko. Elkarbizitza irabazteko. Eta gizarte osoak irabazteko». Eta horrek, bere hartan, beste helburu bat ere badu, zehaztu dutenez: «Etorkizuneko belaunaldiei utziko diegun gizartea guk gure aurrekoengandik jaso genuena baino hobea izatea».
Hamar urtean ezarritako mugarriak
- 2015eko urtarrilaren 10a.Now! Euskal Herrira leloa baliatu zuten Sarek antolatutako lehen manifestazio handian, izen bereko dinamikaren barruan. Xedea zen zehaztea sakabanaketa berehala amaiarazi behar zela.
2016ko urtarrilaren 9a. Mugi daitezen harriak izan zen 2016ko urtarrileko manifestazioko leloa, Espainiako eta Frantziako gobernuek jarritako «oztopoei» erreferentzia eginez. Hartu trena dinamikak eman zion jarraipena.
2017ko urtarrilaren 14a. 2016ko irailetik aurrera, Salatzen dut dinamika jarri zuen martxan Sarek, eta hura izan zen 2017ko leloa, gizarteari parte hartzeko deia egiteko asmoz.
2018ko urtarrilaren 13a.Prest gaude izan zen 2018ko leloa. Urte hartan, Bilboko manifestazioak aurrekari bat ere izan zuen abenduan, Parisen, Frantziako Gobernuari ere erreparatzeko, eta, hain zuzen, urtarril hartan ekin zion presoak gerturatzeari.
2019ko urtarrilaren 12a. 2018ko ekainean, ETA desegin ostean, Orain presoak dinamika aurkeztu zuen Sarek, eta, hala, hurrengo urratsa presoen auziari heltzea zela azpimarratu eta gizarte zibila inplikarazi. Urrian mobilizazio bat egin zuten Donostian, eta lelo bera izan zuen 2019ko urtarrilean Bilbon egindakoak ere.
2020ko urtarrilaren 11. Lelo berari eutsi zion Sarek. Tartean, bere bosgarren urteurrenean, sorrerako helburuak berretsi zituen.
2021eko urtarrilaren 9a. Pandemia betean, Izan bidea egitasmoa abiarazi zuten, «jendarte aktibazioan sakontzea» xede hartuta, eta ireki zen aukerari so. Urtarril hartan, Bilboko manifestazio nazionalaren ordez, herriz herri antolatu ziren mobilizazioak, Bidea gara lelopean.
2022ko urtarrilaren 8a. Dinamikari eutsita, besteak beste, Ibilian-ibilian, etxerako bidean mobilizazioa egin zuten Donostian. Halere, haren ostean pandemiaren eraginak nabarmendu ziren berriz ere, eta urtarrileko mobilizazioak herriz herri egin ziren, Bidean leloa baliatuta.
2023ko urtarrilaren 7a. Urruntze politikaren amaiera gertu zela ikusita, Etxera bidea gertu leloa hartu zuen Sarek 2022ko urrian, eta hura izan zen urtarrilean Bilbon erabilitakoa. Aurrez, 2023. urtearen hasieran, Etxera ikurra ere estreinatu zuten plataformak eta Etxerat elkarteak.
2024ko urtarrilaren 13a. Orain arte egindako azken manifestazioak Konponbiderako giltzak izan zuen leloa. Iazko urrian abiatu zuten dinamikaren izena da, eta helburua da gizarteari adieraztea gizartea bera dela presoen auzia konpontzeko gakoa.