Euskal presoak

Sarek 'Etxerako bidean' kanpaina abiatu du, euskal presoen etxeratzea gauzatzeko

1987an hasitako sakabanaketa politikak eragindako sufrimendua gogora ekarri eta egungo abagune politikora egokituz, euskal presoak etxeratzeko kanpaina hasiko dutela iragarri du

Sarek gaur Donostian eginiko agerraldiaren une bat. Aurrean, Joseba Azkarraga eleduna. JON URBE / FOKU
2021eko ekainaren 10a
11:32
Entzun

Etxerako bidean kanpaina abiatu du Sarek. Iraganeko garaietara diseinatutako euskal presoen aurkako salbuespeneko espetxe politika «amortizatzea» eta legedi arruntera egokitutakoa aplikatzea eskatu du. «Gizatasuna, erreparazioa eta bizikidetza» ardatz izango dituen eredu bat defendatu dute, eta, hain justu, harantz doaz Eusko Jaurlaritzak hartzear duen espetxe eskumenari buruzko gakoak, atzo bertan Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Gaietarako sailburuak esan zuenez. «Behin ETAren jokabide zigorgarria desagertuta, presoen salbuespenezko tratu bat mantentzea ez da bateragarria zigorrak betearazteko printzipioarekin», esan zuen Artolazabalek.

Horrenbestez, dinamika berri bati ekin dio Sarek: Etxerako bidean. Lehentasunezkotzat jo dituzte gaixorik daudenak, 70 urte baino gehiago dituztenak eta salbuespenezko legediak aplikatuz zigortu dituztenak etxeratzea. Sareren arabera, euskal presoen %90i irizpide politiko hutsetan oinarritutako sailkapen politika aplikatu izan ez balitzaie, bigarren graduan ematen diren baimenak izateko aukera izango zuketeen legeria arrunta aplikatuta. Ondorioz, aspaldi egongo ziratekeen hirugarren gradua lortzetik hurbil, kondena erdi-askatasunean betetzeko aukerarekin. Gainera, heren batek baino gehiagok zigorraren hiru laurdenak beteak dituzte, eta, salbuespenezko araudirik ez balego, baldintzapeko askatasunean leudeke. Zigorra oso-osorik betetzeko euskal presoen aurka propio egindako 7/2003 lege organikoaren pean beste 60 bat euskal preso zigortu zituzten, eta EBn egindako espetxe urteak ere ez dizkiete zenbatzen.

Etxerako bidean kanpaina sustatuko dute, «gure herriak sufrimendu asko bizi izan duelako, bizitza asko galdu eta elkar ulertzeko zubi asko apurtu direlako, eta gizarte gisa berreraiki egin behar dugulako, bizikidetza oinarri hartuta». Euskal presoak etxerako bidean jartzeko, eragile, sindikatu eta administrazio guztiekin elkarrizketan segituko duela berretsi du, baita presoekin eta biktimekin ere.

Sarek gogora ekarri ditu 1987-1988an hasitako sakabanaketa politikaren ondorioz errepidean hildako hamasei pertsonak, eta sakabanaketaren ondorioz tratu «gizagabea» jasan duten ehunka lagunak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.