Sareei buruzko «antzinako eztabaida» alde batera utzi nahi du Uriartek legearekin

Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrari bidali dio hezkuntza legerako oinarrizko dokumentua. Adierazi du nahitaezkoa dela 1993ko legea ordezkatzea

Otsailean aurkeztu zieten lehen proposamena eragileei. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Hezkuntza lege berria egiteko ardura Eusko Legebiltzarraren esku geratu da. Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluan aurkeztu zuten atzo Akordiorako oinarriak dokumentua, eta legebiltzarrera bidaliko dute: hezkuntzako aditu eta eragile ugariren ekarpenekin osatu dute agiria, eta hezkuntzako premia nagusiak jaso dituzte. Parlamentuaren esku geratuko da gaia: hark hasi beharko du lege berria egiteko prozedura. Ez da bide erraza izango, korapilatutako gai batzuk bai baitaude; besteak beste, hezkuntza sareen finantzaketari buruzkoa. Dokumentuaren hitzaurrean gogoeta hori egin du Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak: gainditu egin behar dela publikoari eta itunpekoari buruzko «antzinako eztabaida».

Jaurlaritzak otsailean aurkeztu zuen dokumentuaren lehen bertsioa, hainbat adituk taxuturikoa. Bost arlo ditu: hizkuntzak, bizikidetza, ebaluazioa, autonomia eta modernizazioa. Besteak beste, proposatu dute euskaraz B2 maila lortzea eskolaldia bukatzerako. Dokumentua eragileei aurkeztu zien, eta ondoren EAEko Eskola Kontseiluaren esku geratu zen; hark ontzat jo du txostena, nahiz ekarpen batzuk ere egin zituen.

Uriartek adierazi du gogoeta dokumentu «plurala» dela, aditu eta eragile ugariren iritziak hartu dituztela. Eskola Kontseiluaren oniritzia ere baduela nabarmendu du; gogoan izatekoa da ebazpenaren aurka bozkatu zutela EHIGE guraso elkarteak eta Steilas, LAB eta CCOO sindikatuek—ELAk ez zuen parte hartu—.

'Sistema publikoa'

Hezkuntzako gaur egungo legea ordezkatzea ezinbestekoa dela uste du sailburuak. Euskal Eskola Publikoaren Legea dago indarrean orain, eta 25 urte bete ditu aurten. Ordutik hezkuntza sisteman «aldaketa ikaragarriak» izan direla ohartarazi du sailburuak, eta hezkuntza eredua «berriro pentsatu eta formulatu» behar dela. Lege orokorra egin nahi dute, ez sare publikoa soilik aintzat hartuko duena. «Titulartasuna gorabehera», Uriartek Euskal Hezkuntza Sistema Publikoa kontzeptua erabili du dokumentuan.

Eusko Legebiltzarraren eskuetan utziko dute gogoeta hori. Gobernuak, beraz, ez du lege proiekturik eta horrelakorik bidali parlamentura. Hortaz, legebiltzarrak berak erabaki beharko du orain nola bideratuko duen hezkuntza lege berria egiteko prozedura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.