Sarean gertatzen den 'bullying'-a gelditzeko tresna berria dute eskolek

Zelaak eskolako jazarpenari aurre egiteko protokolo bat aurkeztu du; 33 kasu izan ziren 2010ean

33 gaztek jasan zuten iaz ciberbullying-a Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. BERRIA.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ikaskideek eginiko jazarpena eskolako hormak gainditu eta Internetera jauzi egiten ari dela ikusita, sare sozialetan gertatzen diren bullying kasuei aurre egiteko beste tresna bat eskainiko du gaurtik aurrera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Jazarpen mota horri buruzko informazioa, jazarpenaren probak lortzeko moduak eta jokabide egokien berri ematen dute gida horretan, besteak beste.

Europan sare sozialen edota sakelako telefonoaren bidez jazarpena jasaten duten 16 urtetik beherakoen kopurua %5 dela gogorarazi du Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak, eta teknologia berriak garatu ahala jazarpen motak aldatzen ari direla. «Gure adingabeen %70 gizarte sareetara ohituta daude; horien erabilera positiboa da, baina ez du esan nahi arriskurik ez dagoenik».

Sare sozialen eta eskuko telefonoaren bidez jasotako jazarpenari aurre egiteko izan beharreko jokabidea zehazten du gidak. Epaitegietara jo ahal izateko datu bilketa, datuen babesa bermatzeko neurriak, elkarbizitza egokia sustatzeko proposamenak...

Ordea, neurriak hartu aurretik arazoa dagoela antzeman behar dela gogorarazi du Zelaak, eta familiek duten ardura nabarmendu du. «Familia bete-betean sartu behar da seme-alaben hezkuntzan».

Bide batez, sare sozialen bidezko jazarpenaren berri izateko sare sozialen erabilgarritasuna gogorarazi dute; erasoa egiteko anonimotasuna badago, salaketa horrela egiteko ere aukera badagoela gogorarazi du, bai biktimaren eta bai erasoa ikusi dutenen partetik.

Ciberbullying-aren Ikerketarako Diziplina Anitzeko Taldearen eta Pantallas Amigas-en artean landutako gida Bakeguneren webgunean egongo da gaurtik.

Protokolo berritua, martxoan

Teknologia berriak erabilita ikaskideen arteko jazarpenari aurre egiteko gidaz gain, eskola barruko bullying-ari aurre egiteko protokolo berritua bukatzear dago Hezkuntza Saila. Martxoan eskainiko zaie ikastetxeei. Esparru guztietan hartu beharreko neurrien berri ematen du: jazarpena jaso duen adingabeari laguntzeko, jazarpena egin duenak berriro errepika ez dezan, edo ikasle taldearekin egin beharreko lana. 2004. urtean sortutako protokoloak duen bigarren gaurkotzea izango da, arau berri guztietara egokitu ahal izateko.

Protokolo berriaren helburua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan erabiltzen diren irizpideak bateratzea da, ustezko jazarpenen aurka «modu azkar eta eraginkorrean» jokatu ahal izateko. Ikastetxean, prebentzioaz gain jazarriak direnen ikasleen aldeko enpatia sustatu behar dela nabarmendu du Zelaak. Bide batez, erasotzailearen aurka kasu bakoitzean egokiak diren neurriak hartzeko eskatu du, Adingabeen Fiskaltzara heldu arte.

Protokolo berria jazarpen zantzuak daudenean erabili beharko dute zentroek, egoera ikertu, kasua egiaztatu, familiekin hitz egin, eskoletan neurriak ezarri eta neurrien jarraipena egin. Kasuaren egoeraren araberako neurriak hartuko dira, ohartarazpen idatzi batetik ikastetxez aldatzeko proposamenera arte. Pauso guztiak Hezkuntza Ikuskaritzak gainbegiratuko ditu.

Eskolako jazarpenak izan zitezkeen 90 kasu ikertu ziren 2010ean, eta horietako 33 kasutan jazarpena gertatu zela jakinarazi du Zelaak. Horien prebentzioan lan egiteko modurik zuzenena eskola eta familien arteko harremana dela ondorioztatu du Zelaak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.