Aldatu egin dira hizkuntza ohitura batzuk. Euskaraz ondo dakiten gazte batzuek, baita euskaltzaleak direnek ere, beste hizkuntza batzuekin nahasten dute euskara sarean. Hori antzeman dute EHUko Agurtzane Elordui eta Jokin Aiestaran ikertzaileek, lagin txikiko ikerlan batean bada ere, eta atzo aletu zuten ikerketa, Euskalgintzaren Kontseiluak Eusko Jaurlaritzarekin batera antolatutako jardunaldietan, Bilbon. Gazteek Instagramen erabiltzen dituzten hizkuntza aldaerak aztertu dituzte Elorduik eta Aiestaranek. Euskaraz ondo dakiten unibertsitate ikasleek parte hartu dute ikerketan, eta ikertzaileek ikusi dute gazteek ondo bereizten dutela non erabili hizkuntza eta hizkuntza aldaera bakoitza. «Esparru batean onargarria dena beste batean ez da», laburbildu du Aiestaranek. «Superdibertsoa da haien [gazteen] ekoizpena, hizkuntzen artekoa eta euskararen barrukoa».
Izan ere, Instagrameko orri nagusian —jarraitzaile denek ikus dezakete— batuan idazten dute aztertutako gehienek. Kantuen eta poemen zatiak izaten dira. Txatean, ordea, euskalkidun oso gutxik erabiltzen dute batua, Aiestaranen arabera. «Ez jata urteten», adierazi die parte hartzaileetako batek. Ohartu direnez, batua «uniforme», «serio», «artifizial» eta «akademikotzat» jotzen dute gazteek, baina euskalkia «benetakoa», «gertukoa» eta «dibertigarria» egiten zaie.
Ez dira darabiltzaten erregistro bakarrak. Elebakartasuna eta eleaniztasuna izan ditu hizpide Elorduik. Azaldu duenez, «testuinguruen kolapso» bat gertatu da, eremu askotako jendeak batzen direlako pertsona bakoitzaren sareetan. Aztertuetako gazteetako bati katalanarekiko interesa piztu zitzaion gaztetxoa zela, eta hango taldetxo batekin erabiltzen du sare sozialetan. Beste batek harremana egin zuen Italiako familia batekin oporretan, eta, ordutik, italieraz idazten du noizean behin sarean. Gazte hori bera gehiago hasi zen ingelesez «ekoizten», Erasmusean joan zenean egindako lagun taldearengatik, baina gaztelaniarako joera hartu zuen berriro atzerritik itzultzean.
Hainbat hizkuntza nahasten dituzte gazteek sarean, hainbat esparrutako jendearekin lotuta daudelako: «Sare sozialen praktika digital normatiboaren ezaugarri garrantzitsuena superdibertsitatea da: sare sozialak Londresen egitura soziolinguistikoarekin konparatu izan dira», azaldu du Elorduik. «No me digas ke zuk ebai»; «Sería a very big fail»; «Reaallyy? Gaur zenekan?», izan dira txatean bidalitako mezuen adibide gisa jarri dituztenetako batzuk.
Europan ere, antzera
Aiestaranek ere horretan sakondu du: «Pertsona bakoitzak bere hizkuntzaren errepertorioa du, norberaren bizi ibilbideak taxutua». Haren arabera, errepertorio hori «inoiz ez da laua», «ñabartua eta gorabeheratsua» da beti, pertsonen «bizitzaren isla» delako. Elorduiren berbetan, «oso garrantzitsua» da kontuan hartzea euskal gazteak ez direla salbuespena. Ikertzaileak joera berak ikusten ari dira Europan zehar. «Hemen kontua ez da euskara erabiltzeko gaitasun falta. [...] Ziurrenik, ideologia aldaketa orokorrago baten aurrean gaude», azpimarratu du Elorduik. Azaldu duenez, «beti» egon dira «translanguaging praktikak», baina horren inguruko pertzepzioa aldatu dela deritzo. «Lehen ere nahasten ziren hizkuntzak, eta lardaskatu egiten zutela pentsatzen zen, baina hauek [gazteek] ez, hauek hori guaitzat edo benetakotzat dute».
Sarea, Londresko kale eleaniztuna
Gazteek sare sozialetan erabiltzen dituzten hizkuntza aldaerez hausnartu dute EHUko Agurtzane Elorduik eta Jokin Aiestaranek, Kontseiluak eta Jaurlaritzak Bilbon antolatutako jardunaldietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu