Sare: «Salbuespenezko espetxe arauak bukarazteko ilusioa eta esperantza sentitzen dira»

Azkarragak eta Funosasek adierazi dute «denen artean» etxeratu behar direla presoak, iheslariak eta deportatuak, eta gehitu hori gauzatzea ez dela «pribilegio» bat.

Euskal presoen aldeko manifestazioa, udaletxe aurrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko urtarrilaren 13a
17:55
Entzun

Dozenaka milaka lagun elkartu dira Bilboko kaleetan, euskal presoen egoerari konponbide bat topatzeko «giltza» izateko asmoz. Casillatik udaletxerako bidea egin du manifestazioaren buruak, eta han hartu dute hitza Sare Herritarreko eledun Joseba Azkarragak eta Bake Bideko Anaiz Funosasek. «Manifestazio handi honetan, euskal presoei ezarritako salbuespenezko espetxe arauak bukarazteko ilusioa eta esperantza sentitzen dira», adierazi dute, eta aldarrikapen horren alde lanean jarraitzeko deia egin diete herritarrei. Izan ere, gogoratu dute eurena «erreibindikazio demokratiko» bat dela.

Eledunen hitzetan, Sare Herritarrak erakunde politiko, sindikal eta sozialekin eginiko lanaren ondorio izan da euskal presoei ezarritako urruntze politikaren amaiera. Etapa hori amaituta, baina, azaldu dute hurrengo urratsa dela salbuespenezko espetxe politikaren bukaera: «Euskal presoek etxera bidea egin dezaten ateak zabaltzea».

Haien esanetan, presoen eskubideak aitortu ezean «bidegabekeriek» iraungo dute, eta, ondorioz, «arazo bat konpondu gabe» egongo da oraindik ere. Helburua, beraz, «indarkerien zikloa ixtea eta egiazko bakea lortzea» da, «elkarbizitza eta konponbidea ekar ditzan», eta horretarako beharrezkoa da urteak preso egin dituztenek ere «elkarbizitza berreraikitzeko lanetan» parte hartzea. Hori litzateke «indarkeriaren zikloa» ez errepikatzeko bermea.

Hori «euskal gizartearen esfortzuarekin» eta «giza eskubideen defentsa helburu partekatu batekin» eskuratuko dela uste dute bozeramaileek, eta herritarrei «bultzaka» jarraitzeko deia egin diete, «elkarbizitzara, bakera eta preso, iheslari eta deportatu guztien itzulerara» bidean: «Denon artean egitea beste aukerarik ez dago».

Nahi horri erantzuten dio Konponbiderako Giltzak manifestuak, Azkarragak eta Funosasek azaldu dutenez: «Har ditzagun gure eskuetan konponbidearen giltzak. Sufrimenduari ateak itxiko dizkioten giltzak. Elkarbizitzarako ateak irekiko dituzten giltzak». Gakotzat jo baitute herritarrek bidea «eskutik helduta» eta «modu kolektiboan» egitea euskal presoak zein iheslari eta deportatuak etxeratzeko. «Horixe da elkarbizitzan oinarritutako gizarte baterantz aurrera egiteko modu bakarra», azaldu dute, argudiatuta azken urteetan hori izan dela gehiengo politiko, sindikal eta sozialean kontsentsuak eraikitzeko bidea.

Gehiengo horiek kontuan hartuta, Sare Herritarrak dei egin die Euskal Herriko erakunde politiko eta judizialei aurrera begirako prozesuak diseinatu eta erraztu ditzaten, horretarako «erabaki politiko ausart eta zuzenak» hartuta.

Era berean, Venezuelan, Cabo Verden eta Kuban deportatuta daudenei zein iheslariei elkartasuna adierazi diete, haien etxeratzea eragozten duten «oztopoei» aurre egingo dietela esanez. Funosasek gogoan izan ditu Txetx Etxeberri eta Bea Molle bakegileak ere. Haiek apirilaren 2an eta 3an epaituko dituzte, Parisen, Funosasek onartezintzat jo duen epaiketan: «Gure txalorik beroenak zuei eta bidean desagertu diren Mixel Bergouignani, Mixel Berhokoirigoini eta Michel Tubianari».

«Bake nahia»

Kontrako jarrera dutenei ere mezu bat helarazi diete bi eledunek: «Garaile eta garaituen mendekuzko agertoki bat marrazten tematzen diren horiei esan behar diegu agertoki hori asmakeria dela, eta, gainera, ez duela zerikusirik euskal gizartearen gehiengoak duen bake nahiarekin».

Izan ere, nabarmendu dute salbuespen politikak amaiaraztea ez litzatekeela «pribilegio» bat izango: «Legezkotasun arrunta aplikatzea eta askatasunik gabeko pertsonei dagozkien eskubideak errespetatzea eskatzen dugu, ez besterik». Hala, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren eta epaileen jokabidea kritikatu dute, esanez horien erabakiak «ideologia politikoaz kutsaturik» daudela. Are gehiago, horien jokabideekin bat egiten dutenei leporatu diete «justiziazko irizpideak» baztertu izana: «Aurrean izango gaituzte».

Era berean, baina, Azkarragak eta Funosasek azaldu dute euren lana biktimei zor zaien «errespetua, sostengua, aitortza, erreparazioa eta haien sufrimenduari elkartasuna» kontuan hartutako egingo dutela: «Esan nahi diegu haiek ere ezinbestekoak direla elkarbizitza berreraikitzeko prozesuan bake sendoa lortzeko». Biek ere biktimen «erabilera politikoa» salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.