Euskal presoak

Sare Herritarrak "ziklo berri bat" hasiko du, bost urteren ostean

Orain arteko ibilbidearen balorazioa eta aurrera begirako helburuak zehaztuko ditu plataformak, ekainaren 16an Donostian egingo duen ekitaldian.

jarraia166126.jpg
2019ko maiatzaren 9a
07:54
Entzun

Desagertzeko helburuarekin sortu zuten Sare Herritarra duela bost urte, eta asmo bera dute oraindik ere. Izan ere, plataforma desagertzeak esan nahiko luke amaitu direla urteetako sufrimenduak eta giza eskubideen urraketak, eta hasiak liratekeela elkarbizitzan eta bakean oinarritutako gizarte bat eraikitzen. Bide horretan aritu dira lanean bost urteotan, eta atzera begirako baikorra egin du plataformak berak ere, nahiz eta aitortu urratsak "nahi baino motelago" datozela, eta oztopo asko daudela oraindik gainditzeko.

Dena den, egindako urratsak garrantzitsuak izan direla nabarmendu du plataformak komunikatu batean, eta, besteak beste, ETA desegin izana edota euskal presoak espetxe legeriaz baliatzen hasi izana. "Garai berri baterako atea zabaldu dute politikarien eta sindikatuen gehiengoak egindako adierazpen bateratuek eta Espainiako egungo gobernuaren jarrera aldaketak, nahiz eta azken hori ez izan guk nahi adinakoa".

Azken hauteskundeei begiratuta, berriz, Sarek uste du badagoela "gehiengo bat" espetxe politikak aldatu ahal izateko. "Barkamen eskeek ez dute gehiago balio. Gehiengo horiek baliatzea borondate kontua da. Sufrimendua amai dadila eskatzen jarraituko du Sarek".

Orain, bost urte igaro eta gero, "jauzi kualitatibo bat" emateko garaia dela uste du plataformak. Besteak beste, "sarea handituz" eta eurekiko mesfidantzaz jokatzen duten horiei ulertaraziz giza eskubideen aldekoa dela euren borroka, eta "alderdien eta ideologien gainetik" dagoela.

Hala, orain arteko bideari buruzko gogoeta plazaratu, eta datozen urteetarako helburuak zehazteko ekitaldi berezia egingo dute ekainaren 16an, Miramongo teknologia parkean, Donostian. Sareko kideez gain, ekitaldi horretan izango dira alderdietako, sindikatuetako eta kultur munduko ordezkariak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.