Sare Herritarrak salbuespenezko espetxe politikak amaitu daitezela eskatu du Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean gaur egindako agerraldian, eta horretarako «kontsentsuak indartzeko» deia egin. Plataformak EAJren eta EH Bilduren babesa jaso du. PSE-EEk eta PPk, berriz, ukatu egin dute salbuespen legedirik dagoela; ez da Elkarrekin Podemos-IUko ordezkaririk izan batzordean.
Ikusi gehiago
Joseba Azkarraga Sareko kidearen esanetan, euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen politikak ad hoc prestatu ziren, egungoarekin «zerikusirik ez» zuen testuinguru batean. Hala, argudiatu du gaur egun ez duela zentzurik horiek «era hertsian aplikatzeak». Haren esanetan, hala ulertzen du euskal gizartearen gehiengoak, baita, besteak beste, Jose Antonio Martin Pallin eta Joaquin Gimenez Espainiako Auzitegi Goreneko epaile ohiek ere. Bere egin ditu azken horren hitzak: «Legeak aplikatzeko orduan, ez litzateke onartu zireneko momentua kontuan hartu behar, baizik eta bizi dugun momentua».
Horri lotuta, azaldu du salbuespen politikak amaitzeko eskatzea ez dela «inolako pribilegiorik» exijitzea, «gainerako presoei aplikatzen zaien legedi bera» erabiltzea baizik. Hau da, «etsaiaren zigor zuzenbidea» baztertu eta «herritarren zigor zuzenbidea» aplikatzea. Norabide hori jorratzeko nahia islatzen da urrian aurkeztutako Konponbiderako giltzakmanifestuan, haren hitzetan.
Egoeraren errepasoa eginez, Azkarragak ontzat jo du azken urteetako bilakaera. Urruntze politikaren amaiera eta espetxe eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku geratu osteko aroa aipatu ditu. Izan ere, 2021eko urritik aurtengora bitarte 66 presori onartu dizkiete hirugarren graduak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetan. Halere, haren esanetan, badago «hobetzeko» aukera, 115 inguru direlakoan hirugarren gradua eskuratzeko oinarrizko baldintza betetzen dituztenak.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak onartutako 66 gradu progresioetatik 34ri helegitea jarri die Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, eta hamasei presok espetxera itzuli behar izan dute Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hala ebatzita; hamar kasutan progresioak babestu ditu, eta zortzi ebazteko daude.
«Auzitegi Nazionalak uko egiten dio errealitate berria onartzeari, eta zuzenbidea bihurritzen du», adierazi du Azkarragak, eta gehitu auzitegi hark gizarteratzearen aurka egiten duela, «irizpide ideologizatuen» bitartez. Horrek «estresa» eragiten die presoei, eta espetxeetako tratamendu batzordeen eta Eusko Jaurlaritzaren jardunean eragin.
Progresioena ez da, baina, euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko lege bakarra. Europako beste estatu batzuetan betetako zigorrak ez zenbatzea, gehienezko espetxe zigorrak 40 urtera luzatzea eta presoen egoeraren ingurukoak Auzitegi Nazionalean ebaztea ere salatu ditu Azkarragak.
«Ukaezina» da
EAJk eta EH Bilduk babesa adierazi diote Sare Herritarrari. Markel Aranburu jeltzaleak adierazi du «ukaezina» dela euskal presoei salbuespenezko neurriak aplikatzen dizkietela, eta prest azaldu da horiek indargabetzeko lan egiteko. Era berean, baina, «ETAko presoei eta indarkeriaren bidea babestu dutenei» eskatu die urratsak egiteko, «sortutako mina zintzoki eta publikoki aitortzeko».
EH Bilduko Eraitz Saez de Egilazek aldi politikoaren garrantzia nabarmendu du, eta azken urteetako urratsak gogorarazi: «Lan andana egin da, bereziki, elkarbizitza sano bat hauspotzeko». Aurrera begira, berriz, eskubide urraketak eteteko eskatu du, euskal herritarren gehiengoak hala nahi duela argudiatuta: «Uste dugu preso politikorik gabeko herri bat behar dugula».
PSE-EEko eta PPko kideek, berriz, ukatu egin dute egun salbuespenezko neurririk aplikatzen dela. Miren Gallastegi sozialistak argudiatu du zenbait progresio izan direla, eta hori badela «ohiko legedia» aplikatzen den seinale. Hark gehitu du Auzitegi Nazionalaren ebazpenak «errespetatzen» dituztela. Carmelo Barrio popularrak, bestalde, esan du bat egiten duela horiekin, «legezkotasun demokratikoa» dutelako oinarri, eta urruntze politika ere babestu du, «funtzionatu» zuelakoan.