Sare Herritarrak salatu du, ETA 2018an desegin izanagatik ere, haren izena «konfrontazio sozial eta politikorako komodin» gisa erabiltzen dela oraindik ere. Hori ikusirik, PSE-EEren eskuetan geratu berri den Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailari eskatu dio salbuespen legeei dagokienez jarrera «proaktiboa» izateko, eta euskal presoei espetxe politika arrunta aplikatzeko: «Ez litzateke atzera egin beharko». Azken urtean presoen egoerak izan duen bilakaeraren balantzea aurkezteko agerraldian egin dute eskaera Nahikari Iturbe eta Joseba Azkarraga eledunek: iazko abuztutik hona, 32 progresio onartu ditu Eusko Jaurlaritzak.
Eusko Jaurlaritzan izandako aldaketen ostean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketaren ardura ere eskuz aldatu da. Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren aginduetara, Alfonso Gomez Justizia sailburuordeak eta Ines Soria aholkulariak ordezkatuko dituzte Eugenio Artetxe eta Jaime Tapia, hurrenez hurren. Beraz, horiei helarazi die mezua Sare Herritarrak. «Azpiegitura hobetu da, plantilla osatu da lan poltsetako langileak kontratatuta, eta Espetxeetako Euskal Ereduaren bereizgarri izan nahi duten zenbait neurri ezarri dira jada», azaldu dute, eta ondorioztatu lantalde berriak dituen baldintzak 2021ean espetxe kudeaketaren oinarriak ezarri zituztenenak baino hobeak direla.
Horiek hala, Sareko kideek Justizia Sailburuordetzari eskatu diote eredu berrian sakontzeko, hura «euskal gizarte osoaren apustu bat» delako. Batetik, lanpostu zerrenda bat osatzeko eta langileen lan baldintzak egonkortzeko eskatu diote sailburuordeari, baita aurrekontua dituzten beharretara egokitzeko ere. Bestetik, euskal presoen egoerari helduta, aurreko gobernuari egindako eskaera berretsi du: «Espetxe politika arrunta aplikatzea, pribilegiorik, salbuespenik, diskriminaziorik eta irizpide partikularrik gabe». Horretarako, kartzeletako profesionalen proposamenak onartzea galdegin diote, baita «salbuespen legeek ezarritako mugei dagokienez» jarrera «proaktiboa» izateko. Bereziki, salatu dute presoek zigorrak osorik espetxean betetzearen aldeko irizpideak sustatzen dituztela lege horiek, eta Europako Batasuneko beste estatu batzuetan betetako zigor urteak kentzea galarazten dutela.
«Eskatzen dugu espetxe politika arrunta aplikatzea, pribilegiorik, salbuespenik, diskriminaziorik eta irizpide partikularrik gabe»
JOSEBA AZKARRAGASare Herritarreko eleduna
Hain zuzen, Sarek salatu du salbuespen legediaren oinarrian dagoela Espainiako zenbait erakunde, hedabide eta alderdi politikok «egoera berria» onartu nahi ez izana. Horri dagokionez, salatu du espetxealdiak luzatzera bideratutako legedi hori «estatu demokratiko batean zigorrek izan beharreko logika integratzailearen aurkakoa» dela. Iraganean argudiatu bazen ere neurri horiek «terrorismoaren aurkako borrokak behartuta» hartutakoak izan zirela, Sarek esan du egun ez dagoela horiek justifikatzeko aitzakiarik, «eskuin politiko eta judizialak» etekin politikoa lortzeko duen asmotik haratago.
Beraz, Sare Herritarrak espero du Justizia Saileko arduradun berriek eragileekiko «interakzioa erraztea» auzi horien inguruan aritzean. Hain zuzen, azken urteetako harreman «positiboak eta normalizatuak» eskertu dizkiete euren karguak utzi berri dituzten arduradunei: «Entzun egin digute, gure eskaerek erantzun positiborik izan ez badute ere».
Hortik haratago, 2021etik hona Eusko Jaurlaritzak izandako jokabidean «argi ilunak» izan direla uste du Sarek, nahiz eta gehitu duen aurrerapausoak eman direla: «Behar den baino ausardia txikiagoarekin, baina aurrera egin da». Presoen espetxe sailkapenari dagokionez, argudiatu dute egoera «normalizaziotik urrun« dagoela oraindik ere, eman den progresio kopurua «oso mugatua» izan delako: «Ez da aukerarik eman preso kopuru handi bat hirugarren gradura pasatzeko». Izan ere, Sareren arabera, ehun presok baino gehiagok betetzen dituzte erdi askatasuneko erregimenean edo baldintzapean aske egon ahal izateko ezaugarriak.
32 progresio; sei helegite
Egun, 148 euskal preso daude; horietatik 142, Euskal Herriko espetxeetan. Hala, Jaurlaritzara begirako balorazioetatik haratago, plataformak iazko abuztutik hona bitarte horien egoerak izandako bilakaeraren balantzea ere egin du. Tarte horretan, Sareren datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetako tratamendu batzordeek 34 progresio proposamen egin dituzte, eta Eusko Jaurlaritzak horietatik 32 onartu ditu; 29 presori onartu dizkiete, horietako hiruk bi progresio jaso baitituzte, lehenengoen aurkako helegiteak tarteko.
Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak sei errekurtso —kasuen %16— aurkeztu ditu azken urtean: lautan, harekin bat egin du Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak; bat ebazpenaren zain dago; eta beste batek erabakia iritsi aurretik bete zuen zigorra, osorik. Kopuru hori azken urteetakoa baino txikiagoa da, baina, plataformak salatu duenez, EAEko fiskaltzak halako kasuetan jarri ohi duen helegite kopurutik urrun dago oraindik; %3 inguru da.
«[Azken legealdian] Ez da aukerarik eman preso kopuru handi bat hirugarren gradura pasatzeko»
NAHIKARI ITURBESare Herritarreko eleduna
Etxeratze bidean, baina, egin daiteke bestelako urratsik ere. Horietako bat da espetxe araudiko 100.2 artikulua aplikatzea, egunez lanerako edo ikasketak egiteko espetxetik ateratzea ahalbidetzen duena. Hain zuzen, artikulu horren erabileran aldaketa bat ikusi du Sarek Eusko Jaurlaritzan: «2023ko irailean oso ordutegi laburrekin erabili zen, soilik boluntario edo prestakuntza lanetarako. Geroago, ordea, zabaldu dira artikuluaren aplikazioaren xede izan daitezkeen jarduera motak». Halere, Sarek gehitu du «familia kontziliaziorako eta harreman sozial eta familiarrak berregiten laguntzeko» ere baliatu beharko litzatekeela.
Bestalde, bi eguneko espetxe baimenak daude. Fiskalak ez du horien kontrako helegiterik aurkezterik, baina Sarek uste du horien erabilera «mugatua» izan dela, nahiz eta «funtsezkoak» izan gizarteratze prozesuan: «Baimenak onartzeko eskatu da zigorraren erdia betea izatea, eta hori legean ezarritakoa baino gehiago da».
«Negatiboa» da balorazioa adineko presoen egoerari dagokionez ere. Azaldu dute 70 urte baino gehiago dituzten presoak daudela, espetxean hogei urte baino gehiago daramatzatenak, eta legeak adierazten duela hirugarren gradua dela horiek zigorra betetzeko modurik egokiena: «Preso horiek guztiek hogei urte bete dituzte kartzelan, behin ere atera gabe, eta haien osasuna ahula da».