«Etapa berri baten» hasiera irudikatu du Sare Herritarra plataformak Donostiako Artzain Onaren eskaileretan egindako agerraldi jendetsuan. «Zigorra familiaren etxetik gertu» betetzeko eskubidea onartu den arren, euskal presoen «eskubideen urraketek» hor dirautela nabarmendu dute Bego Atxa eta Joseba Azkarraga eledunek, argudiatuta azken hilabeteetan bestelako arazoak azaleratu direla; «fiskaltzak eta justizia auzitegiek sortutakoak» direla diote, «berezko botere politiko» bilakatu direnez gero.
Plataformako eledunek adierazi dute euskal gizarteak 34 urte egin dituela euskal presoei ezarritako urruntze politika «ankerra eta gizagabea» salatzen, iritzita presoen oinarrizko eskubideen kontrakoa zela: «Min eta sufrimendu handia ekarri du, eta horrek denoi eskatzen digu haren biktima izandakoei erreparazioa ematea».
Sakabanaketa albo batera geratu dela baliatuta, baina, gainerako urraketen kontra indarrak batzeko deia egin du Sarek; nagusiki, gradu progresioen harira Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak duten jarreraren aurka. Izan ere, Sarek uste du fiskalak eta auzitegiak ezbaian jarri dutela Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kartzelek martxan jarritako espetxe politika, euskal presoen «kalterako» egin ere: «Salatzen ditugu beren togak mendekurako tresna bihurtu dituzten horiek, ederki asko baitakite hartzen dituzten erabakiak legez kontrakoak direla».
Zenbait datu ere izan dituzte hizpide. Urte eta erdi igaro da Eusko Jaurlaritzak Basauriko (Bizkaia), Martuteneko (Gipuzkoa) eta Zaballako (Araba) kartzelen kudeaketa bere gain hartu zuenetik, eta, tarte horretan, 42 presori onartu diete hirugarren gradua. Fiskalak bi herenen kontrako helegiteak jarri ditu —denera, 28 kasu—; eta auzitegiak, oraingoz, hamabi lagun espetxeratzeko agindu du, bigarren gradura itzularazita.
Kasu horietako bat azpimarratu du plataformak, Joseba Arregi preso oñatiarrarena (Gipuzkoa). Arregik 77 urte ditu, eta horietatik 30 baino gehiago daramatza preso. Bi aldiz eman diote hirugarren gradua, baina fiskaltzak helegitea aurkeztu du bietan. Lehen aldian, zortzi hilabete egin zituen erdi-askatasunean, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak espetxeratzeko agindu arte. Bigarren aldian, apenas egin zituen egun batzuk, Auzitegi Gorenaren ebazpen bat tarteko, orain nahikoa baita errekurtsoa tramiterako onartzea progresioa behin-behinean eteteko.
Egoera kontuan izanik, Sarek salatu du gradu erregresioek kalteak eragin dizkietela euskal presoei berriz gizarteratzeko prozesuan: «Horietako batzuek hilabeteak zeramatzaten bizimodu normala egiten, lan merkatuan sartuta eta bizitza sozial eta familiarra egiten».
Eledunek azaldu dutenez, plataformak ez du «inongo pribilegiorik» eskatu presoentzat, haien eskubideen urraketa etetea baizik: «Eskakizun hori inpunitatearekin nahasten dutenei, nahita nahastu ere, gogorarazi ahal zaie, batez beste, hogei urte preso daramatzaten pertsonak direla, horietako batzuek 30 urte baino gehiago».
Bide beretik, plataformak Etxerat elkartearekin batera aurkeztutako Etxera leloa ere babestu dute Atxak eta Azkarragak: «Espetxe arloko legeek babesten dute eskakizun hori, ez baitute inola ere esaten zigorrak espetxeko hormen artean bete behar direnik azken egunera arte». Gehitu dute «eskakizun demokratiko bat» dela, eta kontrako noranzkoan egiteak ukatu egiten diela presoei gizartearekin harreman estuagoa izateko aukera.
Fiskaltzaren eta auzitegien erabakien oinarrian, salbuespen legediaren aplikazioa dago. Hala, Sarek 5/2003, 7/2003 eta 7/2014 lege organikoak indargabetzeko eskatu du, hamarkadak preso egin dituztenei «etxera itzultzeko bidea zabaltzeko». Lehena indarrean sartzean, Auzitegi Nazionalaren esku geratu zen euskal presoen inguruko erabaki oro, EAEko eta Nafarroako espetxe zaintzako epaitegien eskumenekoa izan beharrean. 7/2003 lege organikoak, berriz, gehienezko espetxealdia 30 urtetik 40ra luzatu zuen, eta gradu aldaketak eta espetxe baimenak jasotzeko epeak luzatu. Azkenik, 7/2014 lege organikoaren arabera, Frantzian betetako zigor urteak ez zaizkie kontuan hartzen presoei. Era berean, gehitu dute erbesteratu eta deportatuek ere etxera itzultzeko aukera izan behar dutela.
Biktimei begirunea
«Denbora nahikoa eta gehiago jarrerak eta legeak bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen zerbitzuan jar daitezen», gehitu dute bozeramaileek, ETAk bere jardun armatuaren amaiera iragarri zuenetik hamabi urte igaro direla gogoratuta.
Era berean, azaldu dute egindako eskakizunek ez dutela alboratzen Euskal Herrian indarkeria jasan duten biktimei «elkartasuna eta begirunea» adieraztea; haien «erabilera alderdikoirik» egin gabe, eta «arma gisa» baliatu gabe. «Euskal gizarteari gure konpromisoa helarazi nahi diogu, bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde lan egiteko», azaldu dute, eta gehitu horretarako beharrezkoa dela «salbuespen jokaerak» etetea eta kontsentsu politiko, sindikal eta sozialetarako indar egitea. Bide horretatik, Sarek esan du lan egingo duela eskubide urraketa guztiak kontakizunean jasota geratzeko, lehen eta bigarren mailako biktimarik ez egoteko eta bizikidetza eraikitzeko.