Sare Herritarra: «Eusko Jaurlaritzaren esku dago egiazko elkarbizitzara bidean aurrerapausoak egiten hastea»

Jaurlaritzari eskatu diote espetxe zigorrak betetzeko erregimen irekien alde egiteko, salbuespen legeak aldatzeko zain egon gabe. Sarek 'Puzzlea osatu arte' ekimena egingo du maiatzaren 17an eta 18an.

Sareren batzarra, gaur, Hernanin. JON URBE / FOKU
Sareren batzarra, gaur, Hernanin. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko martxoaren 22a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Espetxeen auziko azken faseari» nola heldu. Horri erreparatu diote Sare Herritarraren X. batzarrean, Hernanin (Gipuzkoa), eta Eusko Jaurlaritzari bidali diote mezua: «Espetxeen arloko euskal administrazioaren esku dago oraingo egoera bukatzea eta egiazko elkarbizitzara bidean aurrerapausoak egiten hastea».

Joseba Azkarraga plataformako eledunak espero du batzarra «iraganaren eta etorkizun hurbilaren arteko azken mugarri» izatea. Hain zuzen, zehaztu du bukatu direla presoei eta haien senideei «min handia egiten zieten eskubide urraketak»; hau da, euskal presoei ezarritako urruntze politika eta lehen graduak.

Azken urteetan, gainera, bestelako urratsak ere egin dira: baldintzapeko askatasunak, hirugarren graduak eta espetxe araudiko 100.2 artikuluaren erabilera —bigarren gradu malguago bat, egunak espetxetik kanpo igarotzea baimentzen duena—. Horren ondorioz, preso askoren eta haien ingurukoen «sufrimendua eta etsipena irribarre bihurtu» direla uste du Azkarragak: «Estatuko aparatuen kontrako borroka desorekatu baten garaile garelako, bai politikan, bai justizian».

Halere, espetxe politika arrunt bat ezartzeko urrats horiek azkarrago egin nahiko lituzke Sarek: «Guk pentsatzen genuena baino mantsoago, baina aurrera goaz, eta, batez ere, azken hiru urteetan bultzada handia gertatu da».

Abiada hori areagotzeko eskaera Eusko Jaurlaritzari zuzendu dio, esanez haren esku dagoela «injustizia» amaitzea: «Politika ausart batekin, gauza arrarorik egin gabe, alda ditzake oraindik indarrean dauden salbuespen juridikoak, eta espetxe politika arrunt batean ohikoak diren balio eta arauetara bueltatu». Horretarako, Euskal Espetxe Eredua osorik garatzeko eskatu dio gobernuari, eta gogorarazi du zigorrak erregimen irekian betetzearen alde egiten duela eredu horrek.

Sareren arabera, horrek bide emango luke bestelako espetxe politika bat aplikatzeko, salbuespen politikak aldatzeko zain egon gabe. Zehazki, 7/2003 Lege Organikoari erreparatu dio Azkarragak: «Biziarteko zigor ezkutua da». Lege hark 30 urtetik 40ra luzatu zuen gehienezko espetxealdia.

«Politika ausart batekin, gauza arrarorik egin gabe, oraindik indarrean dauden salbuespen juridikoak alda ditzakete [Jaurlaritzak]»

JOSEBA AZKARRAGA Sare Herritarreko eleduna

Hizpide izan du 7/2014 Lege Organikoaren erreforma ere. Iaz onartu zuen Espainiako Kongresuak, eta Frantzian betetako zigor urteak kontuan hartzea dakar. Horrek 52 presori eragingo lieke, Sarek urrian emandako datuen arabera, eta zazpik lehenbailehen behar zuketen aske. Oraingoz, baina, Balbino Saenz Olarra da lege aldaketaren eraginez espetxetik atera den bakarra. Horren errua Espainiako Auzitegi Nazionalari egotzi dio Azkarragak, eta salatu du haren jarreraren ondorioz zenbait preso ezarritako zigorrak baino epe luzeagoak betetzen ari direla kartzelan. Horrenbestez, Jaurlaritzari beste behin eskatu dio irtenbide bat topatzeko lan egitea, preso horien hirugarren graduen eta baldintzapeko askatasunen alde.

Mobilizatzeko gai

Batzarrean, euren jardunari ere erreparatu diote Sare Herritarreko kideek. Azkarragak uste du «borroka justu baten erreferente» bilakatu direla, eta lehen hura «kriminalizatzen» saiatzen ziren zenbaitek ere errespetuz begiratzen diotela jada plataformari.

Aurrera begira, berriz, auzia behin betiko konpontzeko lanean jarraitzeko deia egin du Azkarragak, Jaurlaritzaren eta Auzitegi Nazionalaren eskumenetatik haratago, gizartean eragiten ere jarraitu behar delako: «Gure helburua lortzeko, askoz garrantzitsuagoa da gu gai izatea euskal gizartearen zati handi bat mobilizatzen jarraitzeko». Hala, Puzzlea osatu arte ekimena aurkeztu dute: maiatzaren 17an eta 18an egingo dute, salbuespen egoeran dauden presoen herrietan.

Azkarragak uste du datozen urteetan iritsi beharko litzatekeela konponbide hori. Hala, Sare Herritarrari dagokion «lanaren azken tartea» iristear egon daiteke: «Ziur gaude oso luzea izango dela, gorabehera ugarikoa, baina ziur gaude, halaber, gorabehera horiek gainditu egingo ditugula, orain arte bezala».

Ideia horrekin bat egiten du Euskal Herriko gehiengo politiko eta sindikalak, Azkarragaren ustez, eta erakutsi du «espetxe politika errestauratibo eta humanista» baten aldeko jarrera, nahiz eta eskuineko alderdiek auzi hori konfrontaziorako baliatu nahi duten: «Mendekuan eta iraganari buruzko kontakizun unilateral batean gotorturik daude».

Nazioarteko testuinguruari erreparatuz, Azkarragak adierazi du ez direla garai onak giza eskubideen arloan. Eskuin muturraren gorakada aipatu du, eta gogoratu Espainiako Estatua gobernatzeko aukera noiz iritsi zain daudela. Horregatik, Espainiako Gobernua eta Kongresuko gehiengoa «aurrerakoiak» izatea baliatu beharrekoa dela gehitu du, «benetako bakea ekarriko duen agertokia» kudeatzeko aukera ematen duelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.