EUSKAL PRESOAK

Sare: «Ez dugu pribilegiorik eskatzen; justizia baino ez»

Presoak «eskubideen subjektuak» direla ohartarazi du Sarek manifestazioen akaberan: «Ezin dira izan sistema politiko-judizialak gauzatutako mendekuaren bahi». Euskal presoen urruntzea bukatzea eta gradu progresioak desblokeatzea eskatu dute milaka lagunek karrikan. Biktimei «errespetua, laguntza, aitorpena eta elkartasuna» erakutsi diete.

Euskal presoen eskubideen alde gaur Donostian eginiko manifestazioa. GORKA RUBIO / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko urtarrilaren 8a
18:08
Entzun

Milaka lagun elkartu dira berriro Euskal Herri luze-zabalean euskal presoen eskubideen alde eginiko 200dik goiti manifestazioetan. Arantza Aldezabalek Bilbon irakurri du mezu nagusia, Sareren izenean, eta euskal presoek giza eskubideak dituztela onartzeko eta horiek errespetatzeko eskatu du: «Ez dugu pribilegiorik eskatzen. Justizia eskatzen dugu, justizia baino ez». Adierazi du «zaila» egiten dela «sinestea», «ageriko indarkeriarik gabeko hamarkada luze baten ondoren», oraindik ere «oinarrizko aldarrikapen bat» defendatu behar dutela: «Kondena ordaingarriak betetzen ari diren presoak eskubideen subjektu direla, hala ezarrita baitago nazioarteko itunetan, Espainiako Konstituzioan, legeetan eta xedapenetan, eta ezin direla izan sistema politiko-judizialak gauzatutako mendekuaren bahi».

Aldezabalek ohartarazi du, ezen, urrunen zeuden presoak hurbildu eta Euskal Herriratu badituzte ere, oraindik ere ez dela bukatu euskal presoen urruntzea: «Erregimen horrek indarrean dirau». Horrek senideei eragiten diela salatu du: «Gaur egun, oraindik ere, astebururo, senide asko eta asko, adingabeak eta adindunak barne, jarri behar dira ibilgailuaren bolantearen aurrean Aragoiko, Gaztelako, Asturiaseko eta Madrileko errepideetan edo Frantziako errepideetan, istripuak izateko arriskua hor dutela». Horri «amaiera» emateko eskatu du: «Euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan egon behar dute, batetik, eskubide bat delako, eta, bestetik, espetxeetako eskumena transferitu ondoren, jarraipen positiboa eta humanitarioa egiteko aukera dagoelako, euskal gizarteak bereganatutako legezkotasuna errespetatzen duten jokabideak espetxeak kudeatzeko protokoloetan jasota».

Aldezabalek zehaztu du duela ehun egun jaso zuela Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena, eta nabarmendu du oraindik «zain» daudela: «Espetxe politika humanizatua eta legea errespetatzen duena aplikatzeko jarduketa irizpide berriak errealitate bihurtu behar dira, eta, aldi berean, irizpide horiek espetxean dauden euskal herritar guztiei aplikatu behar zaizkie, lekualdatze orokor baten bidez». Hori hala izatea eskatu du: «Espero dugu gauzatzea, eta, gauzatzen ez bada, behin eta berriro gogoraraziko diegu benetako bakeak ausardia, gizatasuna, legearekiko errespetua eta askatasunarekiko konpromisoa behar dituela».

Gradu aldaketak, «blokeatuta»

Aldezabalek gogoratu du gradu progresioak «blokeatuta» daudela eta espetxe baimenak ukatzen dizkietela euskal presoei, nahiz eta «erdiari baino gehiagori» hirugarren gradua edo baldintzapean aske egotea dagokion: «11 preso baino ez daude espetxeko hirugarren graduan. Salatu du, gainera, atzera egiten ari direla batzuk, Espainiako Auzitegi Nazionalaren jarreraren ondorioz: «Kasu batzuetan, hirugarren graduan zeuden presoak espetxeratu egin dituzte eta bigarren gradua ezarri diete. Jokabide hori salbuespen erregimen bati dagokiona da, eta oso urrun dago justizia proportzionatutik eta espetxe sistema integratzailetik».

Aldezabalek adierazi du giza eskubideak direla eskatzen dituztenak: «Ez dira aldarrikapen politikoak». Nabarmendu duenez, «herritar gisa» eskubide horiek defendatu behar dira, «ezin baita eraiki gizarte adiskidetu bat zigor oinarri bidegabe eta mendekari batetik abiatuta, eta gatazkaz edo desadostasunez betetako hainbeste hamarkadek eragindako zauriak eta ondorio txarrak sendatu gabe».

Sareko eledunaren ustez, bide hori «lehentasunezko erantzukizuna» izan behar da erakunde politikoentzat: «Baina guretzat ere bai». Herritarrei mobilizatzen jarraitzeko deia egin diete: «Bizikidetzarako, bakerako eta etxerako bide honi bultzada ematen jarraitzeko eskatzen dizuegu. Jarrai dezagun pausoka, elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidean. Elkarrekin, lortuko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.