«Mobilizatzeko garaia da». Steilas sindikatua ez da bat etorri Eusko Legebiltzarrean alderdiek adostutako hezkuntza itunarekin, eta ikastetxe publikoetan eta Haurreskolan partzuergoko zentroetan lanuztera deitu du etziko. Nagore Iturrioz bozeramaileak (Ordizia, Gipuzkoa, 1979) salatu du testua «anbiguoa» dela, eta ez duela jotzen hezkuntza sistemaren arazoen errora.
Nolatan deitu duzue lanuztera bakarrik, ELA, LAB eta CCOO sindikatuekin abiatutako batasunetik kanpo?
Beste sindikatuekin batera ezin izan dugulako: ez zegoen baldintzarik. Arduraz jokatu arren, guretzat ez da gustukoena bakarrik deitzea lanuztera, baina iruditzen zaigu mobilizatzeko garaia dela, ez diogulako zilegitasunik eman nahi zirriborro honi. Horrek ez du esan nahi etorkizunean ez dugunik berriro batasun sindikala bilatuko: hori da esparru aproposena mobilizazioetara deitzeko.
Zer mezu jasotzen ari zarete eskoletatik itunaren inguruan?
Desadostasuna agertzeko eskatzen ari zaizkigu. Denok dakigu zein den errealitatea eskoletan, azpiegiturei, segregazioari eta inbertsioei dagokienez. Zirriborroak bi sareak berdintzen ditu, eta ikastetxe publikoetan hori ez da ulertzen. 30 urteren ondoren lege bat jorratu behar bada, salatu ditugun arazoak konpontzera bideratu behar litzateke, eta hori ez da jaso: neurriak partxeak dira, baina ez dituzte egiturazko arazoak konpontzen; eta sare bikoitza da egiturazko arazo nagusia.
Itunak sare publikoaren protagonismoa aitortzen du, eta plan estrategiko bat egitea ere aipatzen du; baina, zuen ustez, eskola publikoa ez da nahikoa indartuta atera. Zergatik?
Uste dugu eskola publikoa lehenetsi behar litzatekeela. Adibidez, plan horren barruan ikastetxe berriak irekitzea aipatzen da, baina egun arazoa da zentro asko eta ikasle gutxi daudela. Egoera anakroniko honen iturburuetako bat da 1985ean itunpetzea egin zenean ume asko zeudela eta publikoan ez zegoela eskaintza nahikorik; orain, kontrako egoera dugu; beraz, hezkuntza publikoko matrikulazioa lehenestera jo behar da: planifikazioan, onarpenean eta eskaintzan eragin, eta itunpekoen gehiegizko eskaintza mugatu. Horregatik, guretzat, akordioaren abiapuntua bera da okerra: sistema duala apurtu behar dugu, publifikazio prozesu baten bidez.
Nolakoa izango litzateke publifikazio prozesu hori?
Hezkuntza komunitateak findu behar luke, adituen laguntzaz eta langileen partaidetzaz, eta, noski, lanpostuak bermatuz; eta ezingo litzateke egin egun batetik bestera. Horretarako, bi sareak parekatu behar dira; izan ere, titulartasun pribatuko zentroek egiteko —eta finantzatzeko— beste modu batzuk dituzte. Adibidez, zirriborroak aipatzen du langileen kontratazioa gardentasunez egitea: hori ezin da bermatu, zentro pribatuek kontratazio eskubidea dutelako, ezin zaie ukatu. Publifikatzeko, langileen zerrenda bakarra osatu behar litzateke publiko zein pribatua hornitzeko; eta, horretaz gain, eskolen funtzionamenduak parekatu, eta, hala, titulartasuna aldatzera jo.
Itunpeko ikastetxeei betebehar batzuk ezarriko dizkiete. Ez dira nahikoak, legez ezin dira bete, ala ez zarete fidatzen?
Denetik pixka bat: egun betetzen ez diren baldintzei gehiago gehitu dizkiete. Laikotasuna, adibidez, ezingo da bermatu, Erlijioa irakatsiko delako, eta, gainera, ebanjelizatzea delako ideario erlijiosoa duten zentroen helburu nagusietako bat —beren izateko arrazoia—. Berriro diot egiturazko arazoa dela: titulartasun pribatuko ikastetxeek eskubidea dute bere funtzionamendua zehazteko. Eta funtzionamendu horiek ere eragingo dute segregazioa.
Nola?
Adibidez, titulartasun pribatuko ikastetxeak behartuko dituzte matrikula bizian egoera zaurgarrian diren ikasleak hartzera. Katalunian ikusi da horrek eragozpenak dituela: muina da ez dagoela borondaterik ikasle horiekin lan egiteko, gizartearen segregazio nahi bati erantzuten baitio sistema honek. Ikasle horiek deseroso sentituko dira, esaterako, txandala garestia delako, eskolaz kanpoko jarduerak ez daudelako egokituta... Hor birmatrikulazioa gertatzen da: lehenik, pribatuan onartzen dituzte, eta, hurrengo ikasturtean, publikora doaz, ezin direlako bestean geratu.
Segregazioari aurre egiteko, hala ere, matrikulazioa udal kontseiluetan egitea planteatzen du itunak. Ez al da pauso bat?
Leihatila bakarra gure aldarrikapen historiko bat da. Baina itunean jasotzen da udal bulegoen bitartez ematea matrikulazioari buruzko aholkularitza; hau da, matrikulazioa ez da ikastetxeetatik aterako. Egitura horiek jada badaude egun. Egiaz leihatila bakarra balitz, kontseilua litzateke matrikulatzeko eta ikasleak banatzeko bide bakarra, baina ez da.
Adierazi izan duzu euskara pribilegiatuen hizkuntza bihur daitekeela. Zer esan nahi duzu?
Gure helburua izan behar da euskara hedatzea: gutxien duenari ematea. Egungo errealitatea, ordea, eskolen ghettifikazioa da: batzuetan euskara gutxi dago eta beste batzuk euskararen gotorleku bihurtu dira. Euskal eskola publikoa guztion topagune bada, euskara duenak ez duenarekin partekatzeko tokia ere bada; eta euskara sustatzeko baliabideak jarri beharko dira hegemonikoa ez den tokietan. Hori egin ezean, arazo soziolinguistiko bat etor daiteke: euskara ez dutenek euskaratik urrundu nahi izatea.
Irudi lezake ikasleak euskalduntzea ez dela uztargarria segregazioa saihestearekin. Hala da?
Ez luke behar. Ez dut uste bi gaiak kontrajarriak direnik: eremu berdinean borrokatu behar dira; segregazioaren kontra egiteko tokia euskal eskola publikoa da, eta euskara irabazteko ere bai.
Ikastetxe bakoitzak hizkuntza proiektu propioa izan beharko du. Ondo ikusten duzue?
Bereziki larria da euskararen arloan adostutakoa, kontuan izanda hezkuntza komunitatean adostasuna zegoela. Ikastetxeen autonomiak desarautze bat ekar dezake: euskarak izango duen tokia zentroaren esku uztea arriskutsua da, eta, Hezkuntza Sailaren aldetik, arduragabekeria galanta. Zer gertatuko da eskola batek ez badu hainbesteko ahalegina egiten euskararen alde, eta, adibidez, guraso elkarteari inportanteagoa iruditzen bazaio hirugarren hizkuntza indartzea? Ebaluazioari ematen zaio garrantzia, eta ez baliabideei eta prozesuari.
Irakasleen euskara maila eta prestakuntza ere hobetzeaz ari da ituna. Kritika bat dago hor?
Gu beti egon gara etengabeko formakuntzaren alde. Baina badago beste zerbait mezu horien atzean: azkenaldian auzitan jarri da eskola publikoaren kalitatea, eta hori zerbitzu publikoen desprestigioaren estrategiaren parte da, desegitearen aurretik datorrena. Hezkuntzan badago zer hobetu, baina gabeziak langileei egoztea ardurak indibidualizatzea da.
Bihar: Irati Tobar (LAB).
EAEko hezkuntza legea. Hezkuntza akordioa (VI). Nagore Iturrioz (Steilas sindikatua)
«Sare bikoitza da egiturazko arazo nagusia»
Itunaren abiapuntua okertzat jo du, ez duelako auzitan jarri sistema duala. Euskararen aldeko eta segregazioaren aurkako borrokak uztartu nahi ditu: publikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu