Sare berriak, eragiteko

Kontseiluak hizkuntza politikak eraldatzeko bide orria aurkeztuko du bihar. Ehun bat eragilek eta entitatek bat egin dute agirian jasotako helburuekin

Hizkuntza gutxituen esparruko ehundik gora eragilek sinatu zuten Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, 2016an, Kursaalen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
2016ko abenduaren 18an, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa sinatu zuten ehundik gora eragilek Donostian, Kursaal jauregian. «Europako hizkuntza komunitate gutxituek inoiz egindako ariketarik handienaren emaitza» izan zen hura, sustatzaileen esanetan. Bost urte geroago, Kursaalera itzuliko da Euskalgintzaren Kontseilua, «paradigma berri bat» proposatzera: Hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala izeneko agiria.

«Duela lau urte eta erdi Kursaalen aurkeztu genuen protokoloak hiru oinarri nagusi zituen: adostasuna, hizkuntza politika eta kohesioa, eta, oraingo honetan ere, horietan sakondu nahi dugu, hizkuntza politikak erdigunera ekarrita», azaldu du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak. Haren irudiko, hizkuntza politiken bidea ez dago agortua, ezta gainditua ere: «Hizkuntza politikak egin behar dira, oraindik orain, Euskal Herriko lurralde guztietan. Ezinbestekoak dira, hizkuntza eskubideak bermatze aldera».

Zehazki, orain arteko eztabaida esparrua «gainditzera» deitu du Bilbaok: «Atzean utzi behar dugu, behingoz, euskararen ezagutza-erabilera paradigma; besteak beste, euskaldunon bizkar jartzen duelako egungo egoeraren erantzukizun guztia». Euskararen ezagutza eta erabilera bermatu ahal izateko, «baldintza egokiak» behar direla uste du Kontseiluko buruak, eta horixe da bihar Donostian aurkeztuko duten bide orriaren gako nagusia: euskararen erabilera «erosoa» bermatzea. «Gure helburua izan behar da erabilera erosoa bermatzeko baldintzak sortzea. Eta, horretarako, arreta jarri nahi dugu bi faktoreren gainean: batetik, norabideratzea, nondik jo behar duten hizkuntza politikek; eta bestetik, erabilera erosoa ahalbidetuko duten espazioak».

Adostasun zabala

Kontseiluko kideak iazko abendutik daramate paradigma berri horren gainean gogoeta egiten eta konpromiso horiek bilduko dituen agiria prestatzen. «Prozesu aberasgarria izan da zinez», nabarmendu du Bilbaok. «Dozenaka eragilerekin bildu gara, mintegiak egin ditugu, hamaika ekarpen jaso ditugu... Eta ekarpenak ere askotarikoak izan dira. Niri poz handia eman zidan ikusteak gogoeta honek interesa pizten zuela Nafarroako Erriberan eta Ipar Euskal Herrian, besteak beste. Balio erantsia eman dio horrek, tokian tokiko ezinegonak eta proposamenak jaso ahal izan ditugulako».

Guztira, Euskal Herriko ehun bat eragile batu dira egitasmora, eta sinatzaileen zerrenda osoa bihar aurkeztuko duten arren, zenbait zertzelada eman nahi izan ditu Kontseiluko buruak: «Hizkuntza politiken aldeko konpromiso horrekin bat egin dutenen artean ditugu kirol taldeak, kooperatibismoaren esparruko elkarteak, enpresak, sindikatuak, elkargo profesionalak, abokatuak, osasun langileak, mugimendu feminista, LGTBI elkarteak eta, nola ez, euskalgintzako eragileak».

Bilbaorentzat, gainera, sinatzaile horien guztien konpromisoa «harago» doa: «Honakoa ez da atxikimendu orokor edo lauso bat. Beste kanpaina edo egitasmo batzuetan, eragileen babesa baliatu izan da, besteak beste, hizkuntzaren erabilera gizartean bultzatzeko, ahalduntzeko, hizkuntzarekiko jarrera positiboa aldarrikatzeko... Guk urrats bat harago egin nahi dugu: eragile horiek subjektu aktibo bihurtu, hizkuntza politiketan eragiteko xedez».

Zehazki, Kontseiluaren asmoa da, agiria sinatu ostean, «eragile bakoitzak eraman ditzala aldarrikapen hauek bere lan esparrura». Izan ere, Bilbaoren esanetan, Hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala agirian proposatutako baldintza orokorrak «oso baliagarriak» izan daitezke sektore askotan: «Erizainek, adibidez, euskara eroso erabiltzeko baldintzak behar dituzte beren lan esparruan. Guk norabidea ezarri dugu dokumentu honetan, eta geroago zehaztuko dira eremu bakoitzean aurrera eraman beharreko politikak».

Presioa, politikan eragiteko

Kontseiluko idazkari nagusiak argi du, hala ere, lurralde bakoitzeko hizkuntza politika erabakitzea ez dagoela gizarte eragileen esku, administrazioen esku baizik. «Alderdi politikoen menpe dago kontua, eta badakigu horretan eragin beharko dugula». Horretarako, hizkuntza politika eraginkorren aldeko «adostasun soziala» orokortu nahi du Bilbaok, alderdien gaineko presioa handitzeko: «Zenbat eta adostasun sozial handiagoa eta trinkoagoa, orduan eta errazagoa izango da alderdi politikoak interpelatzea». Hori dela eta, Kursaalen izanen diren eragileez gain, beste hainbat entitate erakartzeko lanean ari da Kontseilua, sarea handitze aldera: «Egia da bide luzea dugula aurretik, baina babes eta sostengu handia lortuta, errazagoa izango da alderdi politikoak mugiaraztea».

Bihar 11:30ean aurkeztuko dute agiria, Donostiako Kursaal jauregian. Ekitaldia irekia izanen da, eta herritarrek ere bertaratzeko aukera izanen dute, aldez aurretik izena emanda. Gonbidapenak eskuragai dira Euskalgintzaren Kontseiluaren webgunean [www.kontseilua.eus], edo mezu bat bidalita [email protected] helbidera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.