Sarbide on bat, aurrerabide gutxiegirekin

Zaintza sistema bere zabalean aztertzeko eta ehuntzeko eskatzen ari diren eragileak bat datoz: zerbitzu on bat da etxez etxeko laguntza zerbitzua, baina ez du izan aski garapen urteotan, ez sistema bera fintzeko, ezta langileen egoera hobetzeko ere.

ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA
Etxez etxeko laguntza zerbitzua garatu beharraz ohartarazi dute adituek eta erabiltzaileek. BERRIA DISEINU TALDEA
arantxa iraola
2024ko otsailaren 11
05:00
Entzun

«Sortu zenetik ez da mugitu. Beste dena mugitzen ari da; hori, ez». Zaintza zerbitzuen erabiltzaileen familiartekoak batzen ditu Gipuzkoako Senideak elkarteak, eta horko kidea da Santi Ugarte. Kritiko mintzo da etxez etxeko laguntza zerbitzuak izan duen garapen urriaz. Nabarmendu du zerbitzu garrantzitsua dela: mendekotasunak dituzten pertsona askok arazoekin hastean jasotzen duten lehenetariko zerbitzua da sarri, sarbidea askorentzat. «Prozesuak usu hasten dira egoera arinetatik, eta hor ere ondo erantzun behar da». Zaintza lanen inguruan iaz argitaratu zuten Ez dadin bizitza eten liburuaren egileetako bat da Miren Aranguren, eta zerbitzuak izan duen aurrerabide murritza du hizpide berak ere: «Zerbitzua 80ko hamarkadan martxan jarri zenean bezala dago, gutxi gorabehera». Ondoren egin diren lege aldaketekin-eta ere, «oinarrian», lehengoan dago.

«Kontraesankorra da», nabarmendu du Arangurenek: «Zeren eta erakunde publikoetatik askotan esaten da jendeak etxean zaindua izatea nahi duela; kontraesankorra iruditzen zait horrelako zerbitzu bat ez garatzea eta, aldiz, askoz ere gehiago inbertitzea laguntza ekonomikoetan». Izan ere, laguntza ekonomiko horiek izaten dira mendekotasunak dituzten pertsonak familiak bertan zaintzeko, edo zaintzaileak kontratatzeko, baina horrek askotan dakar familiek gehiegizko lan kargak izatea, eta etxean lanerako kontratatzen diren zaintzaileen baldintzak ere sarri ez dira batere onak izaten. Etxeko langile egoiliarrak, sarri, familia horien etxeetan aritzen dira: egun osoko lanean.

«Kontraesankorra iruditzen zait horrelako zerbitzu bat ez garatzea eta, aldiz, askoz ere gehiago inbertitzea laguntza ekonomikoetan».

MIREN ARANGUREN'Ez dadin bizitza eten' liburuaren egileetako bat

Argi du zerbitzua goraipatu beharrekoa dela, duen izaerarengatik. «Potentzial handiko zerbitzu bat da, oinarrizko helburuetan bertan jasotzen baitu autonomia sustatzeko eta hobetzeko dela; oso interesgarria da hori», azaldu du. «Etxean eta eremu intimoetan jasotzen da; horrek ere ezaugarri jakin batzuk atxikitzen dizkio zerbitzuari». Baina murritza da: «Etxe batzuetan dauden zaintza premiak ez ditu inondik inora ere asetzen, eta derrigortuta daude beste zerbitzu batzuekin, bestelako kontratazioekin edo familiaren beste inplikazioarekin osatzera». Izan ere, 24 ordu ditu egunak, eta zaintza premiak handiak dira askotan: «Erronka da zerbitzu hau gehiago garatzea, eta toki batzuetan ari dira; gauei buruz pentsatzen, asteburuei buruz, larrialdi egoerez...».

Lotura falta da usu

Gehienez lau ordukoa da arta honen bidez erabiltzaileek jaso dezaketen laguntza, baina udalez udal aldatu egiten dira zerbitzuaren ezaugarriak: eskaintzen diren orduak, esaterako, edota prezioak, edota zerbitzua eskaintzen duten enpresen izaera. Ugarteren arabera, «ahal duten eran» kudeatzen dute baliabide hau udalek: «Batzuek gehiago sakonduta, besteek gutxiago». Ororen buruan, horren atzean, zaintza sistemaren ikuspegi oso eta egituratu baten falta ikusten du. «Supermerkatu batean produktuak egoten diren bezala antolatuta dago egun zaintza sistema; produktu hau dago, beste hau dago... Ez dago loturarik gero zaintzako baliabide guztien artean, ez dago eboluzio bateraturik». Etxez etxeko laguntza motz geratzen zaiela sentitzen dutenean, esaterako, familiek maiz antzematen dute zail dela hurrengo fase baterako urratsa egitea. «Zerbitzu hau udalaren esku dago, beste hau aldundiaren esku... Eta gero esaten da zaintza sistemak pertsona izan behar duela erdian? Instituzioz instituzio saltoka gabiltza eta!».

«Esaten da zaintza sistemak pertsona izan behar duela erdian? Instituzioz instituzio saltoka gabiltza eta!».

SANTI UGARTE Gipuzkoako Senideak elkarteko kidea

Etxez etxeko laguntza zerbitzuan, zaintzarekin lotutako beste hainbat eremutan bezala, lan baldintzak askotan txarrak direla nabarmendu du Ugartek: «Badira emakumeak lau ordu dituztenak lanerako, baina igual bat goizean eta besteak iluntzean; hori nahiko arrunta da». Horren atzean «malgutasunaren iruzurra» dagoela adierazi du Arangurenek. «Askotan egun osoa pasatzen dute zerbitzuaren inguruan bueltaka». Gogoratu duenez, liburua egin zutenean solaskide izan zituzten langileen hitzetan ohikoak ziren «soldata eskasaren» gaineko kexuak. Adierazi du zail dutela bat egitea, langile kolektibo bezala indartzea: «bakartuta» egiten dute askotan lan. Arazo horiek hizpide, Arangurenek kontratatzaileen izaerari ere erreparatu behar zaiola argi du: «Zerbitzu asko azpikontratatuta dituzte udalek. Enpresa pribatuak ari dira, enpresa kapitalistak, irabazi asmoa dutenak».

Zailtasun horiek guztiak agerikoak izanda ere, oro har, instituzioen partetik «propaganda» besterik ez dela egiten salatu du Ugartek. Errealitatean, zaintza sistema estu eta zatitu batean harrapatuta daude familia asko. Hortik abisua: «Zaintza sistemaren oinarria ez da egonkorra gaur egun; areago, gezurretakoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.