joxerra senar

Saratik Lesakara, gazte oldea

2012ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Gauzak bide onetik doazen pozarekin egiten du irribarre Elorri Arin Jalgi Hadi Garaipenerako kide eta aurtengo Gazte Martxako antolatzaileetako batek. Ez da gutxiagorako. Berako karriketan alde batera eta bestera dauden ehunka gazte kuadrillek aditzera ematen duten bezala, antolatzaileen zalantzak uxatu eta aurreikuspen onenak bete dira aurtengo martxan. «Aurretik 1.800 bonu saldu genituen, eta azken unean, berriz, beste 200», azaldu du Arinek. Asteburu osoan eguraldia nahiko petrala izan bada ere, Beran bazkaltzen ari diren bitartean eguzki izpi batzuk ageri dira, eta, «ez hotz ez bero den giroak» lagunduta, «balantze ona» egin du Elorri Arinek, «euskal gazteriak oso ondo erantzun duelako».

Herenegun hasi zen Gazte Martxa Saran (Lapurdi). Bertaraino iristeko Polizia kontrolak gainditu behar izan zituzten gazte askok. Uribe Kostako Aitorrek BERRIAri azaldu dionez, Bizkaitik zetozen hogei autobus inguru gerarazi zituen Espainiako Poliziak Iurretako ordaintokian. Dena miatu zieten, eta polizia batzuek grabaketak egin zizkieten autobusei. Irunen ere beste polizia kontrol bat jarri zuten, baina aurretik gerarazitako autobusei ez zieten ezer egin.

Polizia kontrolak, ordea, ez ziren oztopo izan. Saran, ostiraleko 19:00etan, adar deien eta txalaparta doinuen ostean, harrerako agurra egin zieten gazteei Elorri Arinek eta Aitor Martinezek. «Hiru egunez gazteon boz indartsu bat erakutsiko dugu. Denak desberdinak gara, baina denek bide berean dugu elkar topatzen: askatasunaren eta burujabetasunaren bidean gara!».

Saran, hiru gune nagusi jarri ziren —Mintza, Jalgi eta Dantza— eta bertan hitzaldiak, jolasak eta beste hainbat ekitaldi antolatu zituzten. Lau hitzaldi izan ziren, eta, Elorri Arinen arabera, guztiek ere «erantzun ona» izan zuten: lehenean, Bilgune Feministako Miren Arangurenek eta Kizkitza Gil de San Vicentek Feminista naiz, eta zergatik? hitzaldia eman zuten; bigarren solasaldia euskal kultura identitateari buruzkoa izan zen; hirugarrena, Eskoziako, Herrialde Katalanetako eta Irlandako ordezkaritzek euren errealitateaz hitz egin zuten, eta azkenekoan Iñaki Soto Gara-ko zuzendaria gazteen komunikazioari eta kazetaritzari buruz mintzatu zen.

Horrez gain, 22:00etan bi orduko bertso saio berezia egin zuten. Mozorrotutako sei bertsolarik Nafarroako konkistaren historia bertsotan kantatu zuten. «Oso originala izan zen», azaldu dute saio hura ikusi zuten Amaiak eta Maitanek.

Martxa Beraraino

Biharamunean 09:00etan atera zen Saratik Gazte Martxa, eta 13:00etarako gazte gehienak Sarara iritsi ziren. Bertan, paella erraldoi bat, salda eta gazta zati bat zuten zain. Batzuen aurpegietan nekea nabari bazen ere, beste asko bazkaria trankil jaten ari ziren. Leitzako gazte kuadrilla bat bezala. «Oso gustura gaude». Euretako batzuek lehen Gazte Martxa dute aurtengoa, eta martxa «lasai» joan dela nabarmendu dute.

Elorrioko Aitor, Itziar eta Lorerentzat, berriz, martxa «arin-arin» joan da, eta neke apur bat nabari zaie, besteak beste gauean zenbaitek ez dietelako lo askorik egiten utzi. Dena den, giroa «oso ona» dela azpimarratu dute.

Iritzi berekoak dira Deba eta Itziarko Gorka eta Leire. Duela hiru urte Amaiurtik Garazirako martxan parte hartu zuten, eta, orduan bezala, «jendea gainezka» ikusi dute aurtengoan ere. Orduan, elurra egin zien, eta aurten euri pixka bat egin badie ere eta horrek ez badu laguntzen ere, Beran zertxobait hobetu da.

Bazkalostean, 16:00 aldera atera zen martxa Beratik, eta ordubete inguruan Lesakara ailegatu ziren. Berehala kalejira eta poteoa egin zuten.

21:00etan, ekitaldi politikoa egin zen. Ondoren, kontzertuen txanda iritsi zen: Skatu, Governors eta Willis Drummond anai-arrebak. Jende gehiago biltzea espero zuten antolatzaileek. Dena den, kontzertuak goizaldeko 04:00etan amaitzea zuten helburu, gaupasarik egin gabe, gaur Iruñera joateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.