Sara guztien alboan egoteko

Feminista independentistek Majarenasen auzia salatu dute. Igandean manifestazioa Donostian

Euskal emakume feminista, ezkertiar eta independentistak, atzo, Donostian egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
enekoitz esnaola
Donostia
2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Orain dela bi urte eta erdi pasa—2017ko urtarrilean—, Sara Majarenas euskal presoa artean Picassenteko espetxean zegoela (Valentzia, Herrialde Katalanak), haren bikotekide ohia bi urteko alaba Izar hiltzen saiatu zen. Joan den otsailaren 15ean, epaileak baldintzapean aske utzi zuen; fiskaltzak eta akusazio partikularrak eskatu zuten epaiketa egin bitartean espetxeratzeko, baina epaileak ekainean zioen akusatuak ez zuela ihes egiteko arriskurik. Gaur zortzi hasiko da auzipetuaren aurkako epaiketa, Valentzian; auzia bera, emakumeen aurkako «diskriminazio egoera» eta «sistema heteropatriakal honen zapalkuntza» salatzeko, 35 bat euskal emakume feminista, ezkertiar eta independentistak agerraldi bat egin dute Donostian, Kristina Enea parkean, Justizia hau ez da gurea. Sara eta Izarrekin, elkartasuna lelopean. «Sara eta Izarren eskubideak berma daitezela nahi dugu», adierazi dute. «Herri honetako Sara guztien alboan egongo gara».

Halaber, atxikimendua agertu diote datorren iganderako Donostian deituta dagoen manifestazioari —13:30, Bulebarra—.

Majarenas preso eduki zuten hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorra osorik bete artean —ETArekin lotuta zigortu zuten—, eta Donostiako agerraldian gaitzetsi dute Espainiako Justizia sistemak «etengabe oztopoak» jartzen jarraitu zuela haren alabaren aurkako erasoa gertatu ostean. «Historikoki gure eskubideak behin eta berriro urratu dituen justizia batek erabakiko du Sara eta Izarren bizitzaz», ohartarazi dute Lur Albizuk eta Mati Iturraldek, hedabideen aurrean.

Gogorazi dute biolentzia matxistak 101 emakume hil dituela Euskal Herrian 2003tik. Baita 11 haur ere: «jakin badakigu biolentzia matxistak haurren kontrako biolentzia ere erabiltzen duela emakumeok zigortzeko». Haien esanetan, Majarenasen eta haren alabaren kasua «errealitate gordin» horren adibidea da.

Askatasuna eta burujabetza aldarrikatu dituzte. «Emakumeok libre izan nahi dugu. Burujabetza behar dugu erabakiak hartu ahal izateko. Baina ez soilik hori: euskal errepublikarako bidea bera ere feminismotik egin nahi dugu. Horregatik borrokatzen gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.