Sao Pauloko foroak ekainaren amaiera eta uztailaren hasiera bitarte egin zuen bere XXVI. bilkura, Brasilian. Hartan, Latinoamerikako ezkerreko alderdiek ontzat jo dute «euskal preso politikoei 30 urte baino gehiagoz ezarritako sakabanaketa eta urrunketa politikaren amaiera».
Parte hartzaileek hamasei ebazpen adostu zituzten, eta horietako bat da euskal presoei aplikatutako urruntze politikaren amaieraren aldekoa. Azaldu dutenez, Euskal Herrian «bake justu eta iraunkor bat» ezartzeko «urrats garrantzitsua» da hura. Gainera, bakearen eraikuntzan lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi dute, erakunde eta instituzioekin elkarlanean. Izan ere, gehitu dute euskal gatazkaren ondorioei so jarraituko dutela: «Egoeraren jarraipena egingo dugu, eta gatazkaren ondorioak behin betiko gainditzea eta Euskal Herrian bizikidetza demokratiko bat ezartzea espero dugu».
Ez da foro hark euskal gatazkari erreferentzia egiten dio lehen aldia. Besteak beste, 2011n «Euskal Herrian zabaldu den prozesu demokratikoari» babesa azaldu zion, Managuan (Nikaragua) eginiko bilkuran. Ebazpen hartan adierazi zuten euskal gizartea zein nazioartea lanean ari zirela «gutxiengo baldintza demokratikoak lortzeko eta erabateko demokrazia, bakea eta justizia soziala egon daitezen herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko», eta Sortu legeztatzeko eskatu zuten. Urtebete geroago, jada ETAk behin betiko menia ezarrita, ongietorria egin zioten «Euskal Herriak duen aro politiko berriari», eta neurriak eskatu zituzten «irtenbideen prozesu bat hasteko».
Sao Pauloko foroa 1990ean bildu zen lehen aldiz, Brasilgo hiri hartan, Fidel Castro Kubako presidente eta herrialde hartako alderdi komunistako buru zenak eta Inacio da Silva Lula Brasilgo PT Langileen Alderdiaren buru eta herrialdeko egungo presidenteak Latinoamerikako ezkerreko alderdiei eginiko deiari erantzunez. Lehen aldi hartan 48 alderdi bildu ziren, baina ordutik handituz joan da parte hartzaile kopurua, eta egun 27 herrialdetako 123 alderdik parte hartzen dute. Horien artean daude, besteak beste, Argentinako, Brasilgo, Txileko, Mexikoko, Venezuelako eta Kolonbiako gobernuetako hainbat alderdi. Era berean, foroetan parte hartu izan dute Sortuko eta Ezker Anitza-IUko kideek.
Aurtengo foroan, sakabanaketa politikaren inguruko ebazpenaz gain, Hego Amerikako eta Karibeko zenbait herrialdeetako egoeraren inguruko adierazpenak ere egin dituzte; besteak beste, Kolonbiako eskuinak «demokratikoki hautatutako herri gobernuaren kontra egindako desegonkortze saiakerak» salatu dituzte, eta Amazonasen deforestazioaren kontrako politikak sustatzearen alde egin.