Sanzen bi aurpegiak

Sanzek bere erantzukizuna zuritu du, baina CANen hainbat erabakiri buruzko zalantza batzuk agertu ditu. 'Diario de Navarra'-ren mesedetan CANek akzio truke bat egin zuela baieztatu du

Miguel Sanz. Nafarroako Kutxako presidente izandakoa, atzo, parlamentuko batzordean. IÑAKI PORTO / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2019ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Zazpi urte igaro eta gero, azkenean hitz egin du. Atzo ikerketa batzordean lehen aldiz kudeaketari buruzko azalpenak eman zituen Miguel Sanzek, 1996tik 2010era Nafarroako Kutxako (CAN) presidente izan zenak. Agerraldian, Miguel Sanzek bi aurpegi azaldu zituen. Une oro, ardura zuritu zuen, eta, hainbat aldiz, erabaki polemikoen inguruan ez zela oroitzen taktika erabili zuen. Erasora ere jo zuen, kritiken atzean UPN gobernutik botatzeko konplota zegoela salatuz. Alta, Sanzek ez zien inoiz parlamentarien galderei uko egin, eta, apurka, iritzia eman ahala, hainbat erabaki auzitan jarri zituen: hala nola CANen aurre erretiro politika edo bulegoen hedapena. Batzordeko azken agerraldian, autokritikaren itxurako iritzia entzun zen lehen aldiz.

Hasieran, bere buruaz oso seguru agertu zen Miguel Sanz. Argi utzi nahi izan zuen ez zuela irregulartasunik egin eta CANen ez zela ustelkeria kasurik izan. Haren hitzetan, «ez dago ezer, ez dago kudeaketa arduragabetzat edo administrazio desleialtzat jo daitekeen ezer», eta inoiz ez zuen jokatu «ez alderdiaren ez familiaren mesedetan».

Haren ustez, «UPNren nagusitasun politikoa eta alderdi konstituzionalisten arteko lankidetza amaitzeko interes politikoari» erantzun dio aurkako kanpainak. Kontuz elkartearen atzean EH Bildu dagoela ere iradoki zuen: «Berberak ez badira, oso antz handia dute». Boterera heltzeko, «zintzotasunaren eta duintasunaren gainetik» pasatu nahi izatea aurpegiratu zien.

BANCA CIVICA - CAIXABANK

Sanzek tesi ofizialari heldu zion. Izan ere, haren hitzetan, Nafarroako Kutxa ez zen desagertu, baizik eta gainerako aurrezki kutxak bezala «eraldatu» egin zen. 2010ean Banca Civica taldea sortu zenetik 2012ko martxoan Caixabankek xurgatu arte, %80 pasako ondare galera jasan zuen CANek, eta 950 milioi euro galdu ziren bidean. Sanzek justifikatu zuen kontabilitate liburuek egindako balorazioaren eta finantza merkatuek jarritako prezioaren arteko aldearen ondorio izan zela, eta,finantza krisiaren ondorioz, burtsan kotizatzen duten bankuek pairatu zutela galera. «Duela hamar urteko ispilura begiratzen badugu, zein gutxi balio dugun; baina, era berean, orduko lehiakideekin alderatuta, zenbat balio dugun ere esan dezakegu».

Hala, Sanzen irudiko, «Nafarroako Kutxa ez da gaizki atera». Caixabanken barruan, gizarte ekintzari eutsi egin zaiola eta akziodunek zein lehentasunezko partaidetzen erosleek ez zutela galerarik izan azpimarratu zuen. Hala, haren ustez, Caixabank aukeren artean «onena» izan da.

ENRIQUE GOÑI

Figura garrantzitsua izan zen Enrique Goñi zuzendari ohia, eta batzordearen helburuetako bat izan da argitzea nolatan heldu zen kargu horretara. Manuel Lopez Merino Iruñeko udal aurrezki kutxako zuzendari ohiak 1998an Sanzekin eta Javier Taberna Nafarroako Merkataritza Ganberako presidentearekin jatetxe batean egindako bazkari baten berri eman zuen: han, Tabernak aipatu zuen «Quico Goñi» izango zela zuzendari. Pasarte horrekin agerian utzi nahi izan zuen Nafarroako Kutxaren bat egite prozesua amaitu ostean, gidaritza Goñik hartuko zuela buruan zuela UPNko orduko buruzagiak.

Sanzek ez zuen gogoan pasartea, baina, gerora, bazkaloste baten testuinguruan esandako zerbait zela gaineratu zuen. Enrique Goñi nola ezagutu zuen argitu zuen: «Ezagutu nuenean, Katalunian egiten zuen lan mutualitate bateko zuzendaritzan, eta asteburuetan etortzen zen Iruñera. Pertsona batek kafea hartzera gonbidatu ninduen, eta han ezagutu nuen». Sanzek aipatu zuen ordu hartan ez zuela buruan CANeko zuzendari izateko. Haren hitzetan, 2000ko hamarkada hasieran, bestelako diru sarrerak lortzeko negozio eredua bultzatu behar zuen kutxak, eta, bide hori jarraitzeko, ez zen pertsona egokia Lorenzo Riezu, Goñi baizik. Bere gaitasun profesionala nabarmendu zuen.

Aitzitik, bai Riezu bai Lopez Merino oso kritiko agertu dira Goñiren gestioarekin, eta Sanzek oso gogor hitz egin zuen euren aurka. «Gaur egungo Lopez Merino ez dut ezagutzen». 1998ko bazkari hura grabatzeagatik Villarejo poliziaburu ohiaren trikimailuak erabiltzea egotzi zion; Riezuri, berriz, Goñiren aurka «etsaitasuna eta sumindura» izatea aurpegiratu zion.

INBERTSIOAK

Ustekaberik ere izan zen atzoko batzordean. 2004an, Auna telekomunikazio taldean, eta haren telefonia arloko filial batean (Tenaria) partaidetzak zituen CANek. Hain zuzen inbertsio horren arriskuaz ohartarazi zion bi urte lehenago Espainiako Bankuak. Urte hartan, Tenariaren eta Aunaren arteko akzio truke bat egin zuen CANek. Operazio horren erdian, Tenariako bazkide baten 635.000 akzioez jabetu zen CAN. Horri buruz galdetuta, ez zekien ezer Sanzek: «Ez dakit noraino iritsi nahi duzun, baina ni ez nintzen kudeaketaz arduratzen». Koldo Martinezek zehaztu zion akzio horiek La Informacion Diario de Navarra-ren argitalpen taldearenak zirela, eta operazio horri buruzko akta Sanzek sinatu zuela. «Orain zerbait badut gogoan, Diario de Navarra-k atzera egin zuen, eta ez zuen arriskurik hartu nahi izan, baina akzio horiek ez zituen oparituko, CANek ordainduko zituen eta kito». Martinezek gogorarazi zion salerosketa horren prezioari buruzko informaziorik ez dagoela inon.

Pasarte horrek Miguel Sanz urduritu zuen. Oesia Networksez galdetu zion segidan Martinezek: Guascor enpresaren akzioak saldu zizkion Cajasoli, eta 2008tik 2010era Oesia Networksen partaidetza erosi zion 90 milioi euroren truke. Salerosketa hura merkatu prezioetan ez zela egin ohartarazi zuen Espainiako Bankuak 2010ean, eta gerora inbertsioaren %100 galdu zuen CANek. Horri buruz ez zuen ezer esan Sanzek.

Gerora, urte horietan, CANek higiezin enpresei erositako hainbat zoruri buruz ere galdetu zion Martinezek. Sanzen arabera, enpresen zor trukeak edo zorra birfinantzatzeko operazioak ziren. «Ez, lur erosketak izan ziren», zehaztu zion Martinezek, eta gaineratu: «Orain arte ez CANeko idazkariak ez higiezin negozioen arduradunak ez digu esan nori erosi zitzaizkion». Sanzek ere ez zuen argitu: «Ez dakit ezer, ez dakit nora iritsi nahi duzun, ez zen nire eskumena». Urduri, irregulartasunik ez zela izan zehaztu zuen.

KUDEAKETA

Martinezen itaunketa amaituta, EH Bilduko Arantxa Izurdiagak gogora ekarri zion Sanzi iragan legealdian UPNk eta PSNk parlamentuari informazioa ematea blokeatu zutela eta horregatik jo zuela Kontuz-ek auzitara. «Ni ez nengoen gobernuan, baina ez nuke arazorik izango informazioa emateko parlamentuari. Ez dakit zein izan zen arrazoia, baina ez zegoen ezkutuko interesik», aipatu zuen.

Enrique Goñiri leporatu zaio bere agintaldian langileak aurrez erretiratu zituela jende berria kontratatzeko. Sanzek onartu zuen hasieran ez zuela begi onez ikusi, baina «konbentzitu» egin zutela. 2004tik 2008ra bitarteko bulegoen hedapena ez zela egokia izan onartu zuen: «Astelehenetan denok asmatzen dugu kiniela». Halaber, ordu hartan, Washingtongo bulegoa ireki izana ere «huts egindako inbertsioa» zela aipatu zuen. «Hala ere, ez ziren aipatu izan diren kopuru handi horiek izan». Beraz, kopuruez galdetu zioten. «Ez dakit zein izan ziren zenbakiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.