Santi Coca hiltzeaz akusatua erruduntzat jo du epaimahaiak

Zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa delitua egin zuela ondorioztatu du epaimahaiak, eta aringarri bat ezarri dio, alkohola eta drogak kontsumitzeagatik. Orain epaileari dagokio zigorra erabakitzea.

Santi Cocaren heriotza salatzeko elkarretaratze bat, azaro hasieran, Donostian. JUAN HERRERO / EFE
Santi Cocaren heriotza salatzeko elkarretaratze bat, azaro hasieran, Donostian. JUAN HERRERO / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko azaroaren 19a
16:10
Entzun

2019ko apirilean Santi Coca gaztea hiltzea leporatuta, gizon bat epaitzen aritu dira Gipuzkoako Auzitegian; epaimahaiak gaur ebatzi du epaitua hilketa horren egilea dela. Zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa delitua egin zuela ondorioztatu du epaimahaiak, eta aringarri bat ezarri diote, alkohola eta drogak kontsumitu zituelako. Hildakoaren anaiari «arinki jazarri» ziola ere ebatzi du epaimahaiak.

Coca, 17 urtekoa, jipoitu egin zuten dantzaleku baten kanpoko aldean, eta bi egun geroago hil zen, 2019ko apirilaren 28an. Orain epaileari dagokio zigorra erabakitzea. Herri akusazioa Donostiako Udala da, eta hogei urteko kartzela zigorra eskatzen du hilketagatik. Defentsak, berriz, errugabe izendatzeko eskatu izan du, baita mozkortasuna eta zoroaldia aringarri gisa aplikatzeko ere —lehen eskaria onartu du epaimahaiak—.

Fiskaltzak, berriz, giza hilketa leporatu dio, baina doloarekin, fiskalaren ustez akusatuak bazekielako halako kolpeak emanda hil zezakeela. Zehazki, hamabost urteko kartzela zigorra eskatzen du akusatuarentzat. Izan ere, fiskalarentzat epaiketan frogatuta geratu da akusatuak Cocaren kontrako erasoan parte hartu zuela, lekuko batzuek ezagutu egin dutelako eta beste batzuek identifikatu egin dutelako soinean zuen arroparengatik. Duela zenbait aste nabarmendu zuen sei lekukok esan dutela akusatuak Coca jo zuela, bai zutik zegoenean, bai lurrera erori zenean.

Azaroaren 14an egindako saioan, lekukoen adierazpenak gogorarazi zituen: «erotuta zegoen», «baloi baten moduan jo zuen buruan» eta «etengabe eman zizkion ostikoak, oldarkortasunez eta amorruz». 

Bigarren epaiketa

Santi Cocaren hilketaren harira egiten ari diren bigarren epaiketa da oraingoa. Lehen epaiketa iazko azaroan eta abenduan egin zuten. Bost lagun epaitu zituzten, Santi Cocaren heriotzagatik. Hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten bati, zuhurtziagabekeriazko hilketagatik; gainerakoak errugabetzat jo zituzten. Egunotan epaitu duten gizona ere orduan epaitu behar zuten, baina ihes egin zuen. Otsailean atxilotu zuten, Frantzian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.