Errenteriako Sanmarkosene zahar etxean (Gipuzkoa) bizi direnen senideak oso kezkatuta agertu dira azaroaren 25ean hasitako greba mugagabeak egoiliarrengan dituen ondorioengatik. 122 egoiliarretatik 90en senideek bat egin dute, eta esan dute premiazkoa dela inplikatutako aldeak —Gureak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta sindikatuak— negoziatzera eta behin betiko akordio bat lortzera mahaian esertzea: «Ulertezina da abendutik negoziaziorako urrats zehatzik egin ez izana». Azpimarratu dute, halaber, egoera konpontzeak izan behar duela lehentasuna, adinekoek arreta duina jasoko dutela bermatzeko.
Egoitzan bizi diren pertsonek mendekotasun handia dutela gogorarazi dute, eta, horregatik, etengabeko arreta behar dutela. «Gure kezka bakarra gure senideen ongizatea da; ezin dugu ahaztu egoera honetan haiek direla kaltetu nagusiak», azaldu dute. Gainera, azpimarratu dute ez dutela lan gatazkan parte hartu: «Gure lehentasuna gure gurasoak eta senideak dira, oso egoera ahulean baitaude. Honek ezin du horrela jarraitu. Beraz, gure eskaera nagusia da lan gatazka honetan zerikusia duten guztiak mahaian esertzea eta negoziazioekin hastea».
Azaldu dutenez, egoera luzatzeak tentsioa sortzen du egoitzan, eta «larriki» eragiten die egoiliarrei. Senideek gatazka amaitzeko proposamen bat egin dute: kanpoko bitartekari bat gehitzea. «Egoera honetan guztiz inpartziala den norbaitek lagundu dezake. Bitartekaritzako profesionala edo egoera hauetan esperientzia duen norbait izan daiteke, baina premiazkoa da akordio baterako negoziazioarekin lehenbailehen hastea», adierazi dute.
Senideek inplikatutako alde guztiei dei egin diete «erantzukizunez» joka dezaten eta gatazka lehenbailehen konpontzeko konpromisoa har dezaten. «Badakigu ez dela erraza, baina ezin dugu egoera hau luzatzen utzi. Gure nagusiek ezin dute gehiago itxaron. Denen arteko elkarrizketa bati ekitea da gizarteko pertsona ahulenak babestuko dituen irtenbidea lortzeko bide bakarra», esan dute.
Sindikatuak
ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta, Sanmarkosene zahar etxeko langileek 50 egun baino gehiago daramatzate greban. Hau eskatzen dute: lan baldintzak hobetzea eta langileen kontratuetan murrizketarik ez egotea —20 langileri lanaldia %60ra murriztu nahi die enpresak—. Gatazka 2023. urtearen hasieran hasi zen. Ordurako, langileek salatu zuten txandak ez zirela betetzen eta egoiliarreko zaintzaile ratioak ez zirela nahikoak. Harrezkero kaosak bere horretan dirauela diote langileek, eta lan baldintzek okerrera baino ez dutela egin.
Gureak enpresak kudeatzen du Sanmarkosene zahar etxea, baina eskaintzen dituen leku gehienak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin itunduak dira. Erakundearena da zerbitzuaren ardura. Langileen arabera, ez batak eta ez besteak ez dute jarrera aktiborik izan gatazka konpontzeko.