2016ko sanferminetako talde bortxaketaren egileetako bik beren zigorra murrizteko eskatu dute Nafarroako Probintzia Auzitegian. Soilik baietz da baietz legea oinarritzat hartuta egin dute eskaera, eta auziko gainerako aldeei ere igorri diete. Haiek bortz egun izanen dituzte alegazioak aurkezteko, eta, horiek jasota, Nafarroako Probintzia Auzitegiak ebazpena ematen ahalko du.
Ez da auzi horri lotuta eskatzen duten lehenbiziko zigor murrizketa: 2024ko uztailean, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen kondena laburtuko ziotela talde bortxaketaren egileetako bati. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak hartu zuen erabakia lehenbiziko, Soilik baietz da baietz legea oinarri. Epaileen irudiko, akusatuari hamabortz urteko kartzelaldia ezarri zioten garai hartan legez ezarrita zegoen gutxieneko zigorretik «gertu» zegoelako. 10/2022 legea indarrean sartuta, baina, delitu horrengatik ezartzen ahal zen gutxieneko zigorra urtebete eta hiru hilabete murriztu zen; hortaz, zigorra neurri berean apaltzea erabaki zuten magistratuek.