2016ko sanferminetako lehen gauean, bost gizonek emakume gazte bat bortxatu zuten. Haserrea eragin zuen eraso hark, eta amorru bihurtu zuen epaiak, bortxaketa zena abusu gisa kalifikatu zuenean, eta ez eraso gisa. Elkartasun aldarri gisa zabaldu zen Nik sinesten dizut leloa, eta izenburu horixe jarri dio Samara Veltek (Zarautz, Gipuzkoa, 1991) kasuari buruz ondutako liburuari. Zortzi urtez BERRIAn kazetari jardun ondoren, EHUn ikerlari lanetan dabil orain Velte; Iruñean aurkeztuko du gaur Aleka bildumaren zortzigarren liburua.
Zer elementu izan zituen 2016ko eraso hark hainbesteko oihartzuna lortzeko?
Badago paradoxa bat: liburuan eta egunkarian, zein mugimendu feministaren irakurketetan, nabarmendu da sanferminetakoa ez dela salbuespenezko kasu bat, baizik eta indarkeria etengabekoa eta sistematikoa den sistema batean kokatzen dela, horren adierazpen bat gehiago dela. Baina egia da momentu batzuek esanahi berezia hartzen dutela, eta, kasu honetan, hainbat elementuk eragin zuten jendeak ulertzea erasoak bazituela konnotazio berezi batzuk. Batetik, hedabideek emandako kobertura ez-eredugarri baten ondorioz zabaldutako irakurketa okerrak. Eta bestetik, hasieratik izandako erantzun sozial handia. Hortik sortu zen gertatutakoaren eta indarkeriaren inguruko kontakizunen gatazka: salbuespenezkotzat jo zutenen eta indarkeria sistemikoaren irakurketa egin zutenen artekoa.
Iruñean gertatu izanak badu loturarik erantzun horrekin?
Kasuak bereganatutako arreta neurri batean erantzun sozialak eragin bazuen, kontuan hartu behar da erreakzio sozial hori ez dela edonon sortzen. Sortu zen Iruñean, 2016an, gaiarekin oso sentsibilizatuta zegoen gizarte batean: mugimendu feministak erreferentzialtasuna irabazia zuen, eta udala prest agertu zen gaia ikusgai egiteko —aurreko urteetan instituzioen tentazioa baitzen indarkeria hori ezkutuan uztekoa—. Halako gai bat eztabaida publikora ateratzeko, garrantzia emango dion testuinguru bat behar da, arazo sozial gisa aitortuko duena. Eta hori Iruñean badago.
Zer eragin izan du mugimendu feministaren indarrak kasuaren inguruko diskurtsoan?
Kasu honek mugimendu feminista behartu du posizionatzera, baina uste dut hasieratik oso kontziente izan zirela haiei zegokiela horren mediatikoa zen kasu batean euren irakurketa plazara ateratzea. Eta kontraofentsiba ere indartsua izan den arren —arreta mediatikoa oso handia izan delako eta irakurketa patriarkalak nabarmenak izan direlako—, esango nuke mugimendu feministak lortu duela bere irakurketetako batzuk eztabaida publikora ateratzea eta debatea baldintzatzea, seguruenera orain arte gutxitan lortu duen bezala. Nik sinesten dizut leloa orokortu izana urrats kualitatibo garrantzitsua da, berekin dakarrelako emakumeek edukitzea kuestionamendurik gabeko babes bat.
Salbuespenezko trataera horretan, hasieran oso gogor egin zen bost erasotzaileen kontra. Munstroak dira, ala patriarkatuaren seme osasuntsuak?
Eraso sexista bat gertatzen denean, lehen erreakzioetako bat izaten da saiatzea gertatutakoari azalpen bat bilatzea, nolabait lasaitzeko balioko diguna, erasoa inguruabar jakin batek sortu izan balu bezala, eta ez onartzeko bortxaketak gertatu direla garai eta espazio guztietan, eta denetan egon direla botere harremanak tartean. Irakurketa hori deserosoagoa da, eramango gaituelako hausnartzera gure eguneroko bizitzan indarkeriak hartzen dituen adierazpide diferenteak. Nerea Barjola ikertzaileak esaten du halakoetan ez direla erantzuleak bilatzen, baizik errudunak; joera dugu errua jartzeko pertsona zehatzen gainean, ez da inondik inora ardura konpartitu bat. Eraso bat egiten duenak ardura dauka, noski, baina geure buruari galdetu behar diogu zerk ahalbidetzen duen gizarte honetan bost gizonek halako zerbait egitea eta lasai jarraitzea festan.
Gerora, epaiketan eta hedabideetan, biktima bera errudun bihurtzen saiatu ziren. Nola?
Biktimaren kuestionamendua prozesu judizialarekin batera hasi zen, besteak beste, gizonen abokatuetako batek estrategia gisa erabili zuelako. Halako epaiketetan, askotan, sexu erasoen biktima da lekuko bakarra; beraz, haren kontakizunaren sinesgarritasunari eraso egiteak aukera ematen du erasotzailea salbatzeko. Defentsak oso modu kontzientean landu zuen hori, gizartean errotutako uste eta aurreiritzi patriarkalak aktibatuz. Adibidez, emakumeak probokatu zituela eta gizonek ezin zutela euren burua kontrolatu. Horrekin lotuta dago manada hitza orokortzea: gizonak animaliekin parekatzen dituen metafora bat da, eta berraktibatzen du ikasitako estereotipo bat, adierazten duena gizonek ezin dutela beraien instintu sexuala kontrolatu; argudio naturalizatzaile eta justifikatzailea da.
Justizia patriarkalaren sinbolo bihurtu da auzia. Nola ulertu dute epaileek indarkeria?
Espainiako Zigor Kodeak erasoa eta abusua bereizten ditu; bietan egon daiteke sarketa, baina desberdintasuna da erasoan indarkeria eta intimidazioa erabiltzen direla, eta abusuan ez. Epaia irakurtzean, egitateen atalean nabarmena da intimidazio eta izu egoera bat deskribatzen ari dela, baina amaieran bira egiten du, eta ondorioztatzen du han ez zela intimidaziorik egon. Ez da ulertzen nola iristen den ondorio horretara. Eta badago beste elementu interesgarri bat: delitu bakoitzak bere astungarriak ditu, eta erasoaren astungarrietako bat da taldean gertatzea; abusuaren kasuan ez dago halakorik, ulertzen delako batek baino gehiagok egitean zuzenean intimidazioa dagoela, eta, beraz, erasoa dela. Edonola ere, bereizketa hori ez dator bat gizartearen gehiengoak sexu erasoak ulertzeko duen moduarekin.
Zergatik iruditu zaio onartezina gizarteari?
Epaiaren ondoren, hiru emakumezko epailek gutun bat idatzi zuten horri buruz: pertsona askorentzat, abusua da boterea gehiegikeriaz erabiltzea, baina nolabait jardun legitimo batean kokatzen dute. Baina jende gehienak argi ikusi zuen kasu honetan ez zegoela gehiegikeria bat berez legitimoa zen harreman batean, baizik eta emakumearen askatasun sexualaren urraketa bat.
Hedabide gehienek ikuskizun gisa tratatu dute gaia. Zer mezu igorri dute indarkeria sexualaren inguruan?
Batetik, salbuespenezko kasu bat balitz bezala irudikatu zuten, eta, ondorioz, kasuarekin lotutako xehetasun pila bat esplotatu zituzten, nahiz eta informazioaren ikuspegitik ez zuten inolako erabilgarritasunik. Adibidez, askok fokua jarri zuten bortxaketa gertatu zen lekuan: nolakoa zen, neurriak, planoak... Baina ez ditugu detaile horiek behar jakiteko bortxaketa bat zer den eta horren aurrean posizio bat hartzeko. Zer lortu zuten horrekin? Barjolak dioenez, komunikabideetan eraso bat horrenbesteko xehetasunez berreraikitzen zaigunean, mezu bat bidaltzen ari zaigu egoera horretan egon gaitezkeen emakumeoi: «Kontuz, zuri ere pasa dakizuke»; eta horrekin batera: «Zure ardura da hori saihestea». Hau da, gure askatasuna mugatu behar dugula gure segurtasunaren izenean. Beste irakurketetako bat izan zen sexu erasoa bi aldeen arteko gatazka baten moduan irudikatzea; ematen zuen edozein posizio zela zilegi, futbol partida batean bezala. Debatea elikatzeko, hedabideek kazetaritza praktika onen eta legezkotasunaren mugak gainditu zituzten.
Hain justu, hori saihesteko erabaki zuten epaiketa ateak itxita egitea. Kontrako eragina izan zuen?
Erabaki hori hartu zen biktimaren intimitatea babestearren. Bazeuden erasoaren irudiak, eta zaila zen kazetariak barruan egonda irudiok edo horiei buruzko erreferentzia ez ateratzea. Erabaki hark alde txarrak izan zituen: informazio iturri bakarra ziren epaitegi barruan zeudenak, eta ez zegoen haien iritziak, bertsioak eta adierazpenak egiaztatzeko modurik. Halere, uste dut epaiketa irekia egin izanez gero biktimarentzat are okerragoa izango zela; garrantzitsua zen gutxieneko neurri batzuk hartzea haren intimitatea zaintzeko.
Beste kasu batzuetan, hedabideen tratamenduak lortu du izua zabaltzea. Oraingoan?
Uste dut baietz, nahiz eta sekulako ahaleginak egin diren kontrako diskurtsoak plazaratzeko. Alegia, gaur egun bost gizonekin parrandan dabilen inor ez da seguru sentituko. Horrela kontatu dizkiguten bortxaketa basatiak oso barneratuta dauzkagu txikitatik, gorputzak ikasi egiten dituelako lezio horiek: erregistratuta geratzen dira. Gainera, indarkeriaren inguruko diskurtso horrek badu tranpa bat: hainbeste hitz egin digute bortxaketa eredu horretaz —kalean, gauez, ezezagun batek harrapatuta, bortizkeria handiz...—, eta hain gutxi egunero askoz gehiago diren bortxaketez —etxean, lagun artean, parranda espazio seguruetan...—, eraso horien aurrean erreakzionatzeko tresnak falta zaizkigula.
[youtube]https://youtu.be/O5bRkxzZIrg[/youtube]
Samara Velte. Kazetaria eta ikerlaria
«Sanferminetako bortxaketa ez da salbuespenezko kasu bat»
Sanferminetako talde bortxaketak eragin dituen hausnarketak liburu batean bildu ditu Samara Veltek. Indarkeria matxista ulertzeko moduak, justizia sistemaren ajeak, hedabideen tratamendua eta izuaren inguruko diskurtsoak aztertu ditu. Bideoa elkarrizketaren amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu