Sanferminetako lehenengo egunetan hamabost sexu eraso salatu dituzte, eta 11 gizon atxilotu. Javier Remirez Nafarroako lehendakariorde eta Funtzio Publikoko kontseilariak horren berri eman du gaur goizean, eta adierazi du «edozein sexu eraso» gaitzetsi behar dela. Era berean, Iruñerriko mugimendu feministak sexu erasoen aurka protesta egitera deitu du gaurko; 21:00etan elkartuko dira Gazteluko plazan. Iruñeko Udaleko bozeramaileen batzordeak bat egin du mobilizazioarekin, baita Nafarroako Gobernuak ere.
Remirezek azaldu duenez, sexu erasorik larriena larunbatean gertatu zen. Emakume batek salatu zuen etxe batean eraso egin ziotela. Egunean bertan, Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen. Atzo deklaratu zuen epailearen aurrean, eta aske utzi zuen hark, urruntze agindu batekin. Nafarroako Gobernuak larunbateko erasoa gaitzetsi du, eta elkartasuna adierazi die emakumeari eta haren familiari.
Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez, beste gizon bat atxilotu dute igande gauean, Gazteluko plazan bertan, sexu eraso bat egitea egotzita; ukituak egitea leporatu diote.