Sanferminak 78 Gogoan-ek eta Iruñeko Udalak «errefusatu» egin dute Martin Villa hirian egotea

Plataformak elkarretaratzea eginen du gaur, 19:30ean. Alderdiek diote Martin Villa «'persona non grata'» dela Iruñean.

Rodolfo Martin Villa, 2017an, Efe agentziak eginiko elkarrizketa batean. EFE.
Rodolfo Martin Villa, artxiboko irudi batean. SANTI DONAIRE / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 8a
13:30
Entzun

Sanferminak 78 Gogoan taldeak elkarretaratzea eginen du gaur Iruñean, 19:30ean. Rodolfo Martin Villa Espainiako Barne ministro ohia hirian izanen da, eta hari «errefusa» adierazteko helburuarekin egin dute deialdia. Izan ere, Martin Villa 1978ko sanferminetako «polizia erasoaren arduradun politiko nagusia» dela diote. Iruñeko Udaleko gobernu taldeak ere (EH Bildu, Zurekin eta Geroa Bai), ohar bidez, adierazi du ministro ohiaren presentzia «arbuiatzen» duela: «2019tik, diktadurako agintari eta Adolfo Suarezen lehen gobernuan Barne Saileko arduradun izandakoa persona non grata gisa hartzen da Iruñean, osoko bilkurak hala adostu ondoren».

Plataformak adierazi duenez, Martin Villak Nafarroako PPko kide ohi Jaime Ignacio del Burgoren liburuaren aurkezpenean parte hartuko du. Tres Reyes hotelean eginen da ekitaldia, eta eraikinaren kanpoko aldean elkarretaratzea. «Dei egiten diegu herritarrei eta gizarte taldeei deialdi honekin bat egin dezaten, Martin Villa gure hirian egotearen aurka azaltzeko eta ‘joan dadila!’ eskatzearen alde agertzeko». Alde horretatik, talde batzuek jada bat egin dute deialdiarekin: Gasteizko Martxoak 3 elkarteak eta Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak, zehazki.

1978ko uztailaren 8a ongi gogoan dute iruindar anitzek: Espainiako Polizia Armatua tiroka sartu zen zezen plazan, eta, ondorengo orduetan, kaosa nagusitu zen karriketan. Egun hartan, poliziek German Rodriguez hil zuten, tiroz, eta ehunka lagun zauritu, horietatik 11 balaz. German Rodriguezen heriotzak sumin handia piztu zuen Euskal Herrian, eta hurrengo egunetan protesta andana izan zen. Gerora zenbatu zenez, egun hartan gomazko 5.000 pilota, 2.000 ke eta negar-gas pote eta 130 bala jaurti zituzten kalean eta zezen plazan.

Zigorrik gabe

Oraindik ez da inor zigortu auzi horrengatik, baina Sanferminak 78 gogoan taldeak urteak daramatza justizia eskatzen. Joan den hilabetean, erraterako, Nafarroako Probintzia Auzitegiak atzera bota zuen taldeak jarritako kereila, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Parlamentuak babestu zuten arren. Elkarteak salatu zuen bortz urte itxaron behar izan ostean jasotako erantzunak agerian uzten duela instantzia judizialek «pasibotasunez eta utzikeriaz» jokatu dutela kereila horren harira: «Justizia geldoa bada, ez da justizia».

Taldeak adierazi zuen 1978ko erasoez geroztik jarri dituzten kereila guztiak atzera bota eta artxibatu egin dituztela, argudiatuta «froga aski ez zela krimen hartan Poliziak izandako erantzukizunaz». Hala nola «zezen plazan milaka pertsonak ikusitakoa ez zen aski izan. Ezta Germanen bizitza suntsitu zuten Poliziaren tiroak ikusi zituzten dozenaka lekukoren adierazpenak ere».

Uste dute azken erabaki hartan ere justiziak arrazoi «zuzengabekoak» erabili zituela, betiere urte hartan gertatutakoa ez baloratzeko eta erantzunari izkin egiteko. Hala, erabaki zuten autoari errekurtsoa jartzea Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, eta bertze kereila bat ere aurkeztuko dute, galdera «sinple» batzuk erantzuteko eta «aferaren muina epaitzeko»: «Erantzule izan al ziren Polizia, haren agintariak eta Martin Villa Iruñeko populazioak, karriketan eta zezen plazan, pairatutako polizia erasoan? Erantzule zuzenak izan al ziren German Rodriguezen erailketan?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.