Sandra Barrenetxearen kontra jotzeko eskatu du guardia zibilen abokatuak

Epaiaren zain gelditu da Barrenetxeak salatutako torturen auzia. Akusazioak bederatzina urteko kartzela zigorra eskatu du lau akusatuentzat. Defentsak uste du «salaketa faltsua» izan dela

Akusatutako lau guardia zibilak, Bilboko epaitegian, herenegungo saioan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Epaiaren zain gelditu da Sandra Barrenetxeak salatutako torturen auzia. Epaiketaren azken saioan, nork bere tesiari eutsi dio, eta orain arte defendatutakoa berretsi dute alde guztiek, baina aldaketa esanguratsuak gertatu dira. Akusazio partikularrak, adibidez, eutsi egin die karguei eta hiru delitu egotzi dizkie lau guardia zibilei —torturak, lesioak eta sexu erasoa—, baina hiru zigorretan handiena baino ez du eskatu, eta, beraz, bederatzina urteko kartzela zigorra galdegin du lau akusatuentzat. Fiskalak eta defentsako abokatuak, berriz, jarraitu dute absoluzioa eskatzen, baina defentsako abokatuak beste eskaera bat ere egin du: Sandra Barrenetxeari deklarazioa hartzea haren kontrako auzibideak abiarazteari begira, «salaketa faltsua» egin duelakoan.

Ondorioen txostena aurkeztu duenean, akusazio partikularreko abokatu Jone Goirizelaiakesan du salaketa aurkeztu zenetik prozesua «oztopoz beteriko lasterketa» izan dela, baina, hala eta guztiz ere, uste du lortu dutela frogatzea Barrenetxea torturatua izan zela.

Barrenetxearen testigantza bera da, Goirizelaiaren aburuz, frogarik argiena: azaldu du nola tortura, genero indarkeria eta antzeko kasuetan biktimaren lekukotasuna nahikoa izaten den delitua egon dela ebazteko, eta balio berezia eman dio Barrenetxeak joan den asteazkenean deklaratutakoari: «Epaiketa askotan egon naiz», aitortu du Goirizelaiak», «baina oraindik hunkituta nago asteazkenean entzun genuena dela eta». Haren hitzetan, deklarazioa «gogorra eta zirraragarria» izan zen; «zuek ere entzun zenuten», esan die epaimahaikoei, «badituzue elementuak hori baloratzeko».

Edozein moduz, eta Goirizelaiaren esanetan, Barrenetxearen testigantza ez da izan froga bakarra. Istanbulgo Protokoloaren araberako txostena aipatu du, akusatuen adierazpenak ere, non aitortzen duten Barrenetxeari burua estali ziotela —Tortura Prebenitzeko Batzordeak hori torturatzat jotzen duela gogorarazi du— eta ondorioztatu du Barrenetxea inkomunikatuta egon zen bitartean «inpunitaterako tartea» sortu zutela.

Bere hitzaldiaren amaieran, Goirizelaiak azaldu du salatutakoak ez zirela gertatu Pinocheten garaiko Txilen, «bere burua demokratikotzat jotzen duen Espainiako Estatuan baizik, eta 2010ean». Gogorarazi du Barrenetxea Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zutenean, eta fiskalarekin akordioa erdietsi ostean, bere ekintzen ondorioz sorturikoa izan zitekeen edozein kalte eta oinaze bere gain hartzeko prest azaldu zela. «Nahiko nuke beste batzuek beste arlo batzuetan antzeko jarrera izango balute», esan du. «Aurrera egin nahi badugu, torturak ere aitortu eta haiengatik barkamena eskatu behar da».

Kolpeen aztarnarik ez

Fiskala eta defentsako abokatua bat etorri dira, eta absoluzioa eskatu dute. Fiskalaren hitzaldia laburragoa izan da, eta haren tesi nagusia izan da auzi medikuen txostenek ez dutela Barrenetxearen salaketa berresten. Garrantzi handia eman dio ustezko kolpeek aztarna fisikorik utzi ez izanari, eta Barrenetxearen kontakizunean zehaztu gabe dauden puntuak —poltsa buruan zenbat aldiz jarri zioten ezin esatea, adibidez—«sinesgarritasunik ezaren frogatzat» jo ditu.

Mamitsuagoa izan da defentsako abokatu Carlos Aguilarren hitzaldia: «Lau pertsona hauek ez daude hemen torturatu dutelako, zuzenbide estatua defendatu dutelako baizik», esan du.

Barrenetxearen deklarazioari ez dio sinesgarritasunik eman: esan du «pertsonaia asmatu eta barneratu» egin duela, «propaganda egitea» duela asmo bakar, «erakunde terrorista bateko kidea» dela eta «erakunde horrek bere kideei inposatzen dien gida liburuari» jarraitu diola torturak salatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.