Biktimak

Sanchezek uko egin dio GALen biktimei ukatutako kalteordainak aztertzeari

Beltran de Herediak kritikatu du delitu larriengatik zigortu ez dituztenen inguruko erabakiak ez daudela ebazpen judizialetan oinarrituta, eta biktimen familiak zigortzen dituztela.

Pedro Sanchez, Senatuan, gaur arratsaldean. FERNANDO ALVARADO / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko ekainaren 7a
17:44
Entzun

EAJko senatari Estefania Beltran de Herediak Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi galdetu dio ea gobernuak berrikusiko ote duen GALen, BVEren eta eskuin muturreko beste zenbait talderen biktimei kalte ordainak ukatu izana. Sanchezek, baina, labur bezain zuzen erantzun du: «Ez da berrikusketarik behar».

Beltran de Herediak kritikatu du, Espainiako Gobernuak Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Osorik Babesteko Legeaz egiten duen interpretazioa dela medio, administrazioak «sistematikoki» ukatzen dituela GALen, BVEren eta eskuin muturreko taldeen biktimentzako laguntzak; eta biktimak bereizten dituela, «biktimen eta biktimagileen nortasunaren arabera». Zehazki, salatu du «delinkuentzia antolatuan parte hartu dutenen» edo «indarkeriazko delituak egin dituen erakunde bateko kide» izandakoen gainean eginiko irakurketa «zabalegia» egiten duela gobernuak. Bi talde horiek dira biktimak laguntzak jasotzetik kanpo uzteko balizko irizpideak.

EAJko senatariaren esanetan, haien aurkako sententziarik ez dagoen kasuetan ere aplikatzen du betoa Espainiako Barne Ministerioak, sarri, «atxiloketa hutsetan» edo «lerro bakarreko txosten polizialetan» oinarrituta. Horiek oinarri juridikorik ez dutela gehitu du senatariak, eta, beraz, irizpide horiek biktimen errugabetasun presuntzioa ukatzen dutela: «Administrazioari ez duen botere bat ematen zaio, eta, beraz, botere banaketarekin hausten».

Erabakiak «urteetako ibilbide judizialak» hastera behartzen ditu biktimen senideak, Beltran de Herediaren esanetan, eta horrek haien «birbiktimizazioa» dakar. Jeltzaleak azaldu du hogei kasu inguru badaudela, eta, horien artean, Felipa Artano Sagastumeri ezarritako zigor ekonomiko «neurrigabea» aipatu du: «Badirudi erabaki hauekin familiak bi aldiz zigortu nahi direla, edo errekurtsoak jartzeko estimuluak kendu nahi zaizkiela». Artanori, GALek 1983an bahitu, torturatu eta hildako Joxi Zabalaren amari, 9.256 euro pagatzeko beharra ezarri zion Auzitegi Nazionalak.

Barne Ministerioak erabaki zuen Zabalaren eta Joxean Lasaren familiek ez zutela «terrorismoaren biktima izateagatik» zegokien kalte ordaina jasoko, eta erabaki hura berretsi zuen Auzitegi Konstituzionalak 2017an. Horretarako, argudiatu zuten Lasa-Zabala auzian Auzitegi Nazionalak emandako zigor epaian ETAko kidetzat jotzen zituztela biak; nahiz eta haien aurkako epairik sekula egon ez. Artanok helegitea aurkeztu zuen, «errugabetasun presuntzioa urratzen» zuelakoan, baina Auzitegi Nazionalak atzera bota zuen hura, eta epaiketaren kostuak ordainarazi nahi dizkio.

Sanchezen esanetan, baina, kasu hark erakusten du auzitegiek Barne Ministerioaren erabakia berretsi dutela. Hala, babestu du estatuko segurtasun indarrek txostenetan baieztatzea nahikoa dela haiei «biktimagile» izaera ere emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.