Espioitza afera

Sanchezek ukatu egin du Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Pegasus softwarea dutela

Kataluniako Gobernuarekin eta ERCrekin hitz egiteko prest agertu da.

Pedro Sanchez, gaur goizeko saioan, Espainiako Kongresuan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko maiatzaren 18a
11:40
Entzun

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek adierazi du Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak ez dutela Pegasus softwarea. EAJko bozeramaile Aitor Estebani erantzunez, Sanchezek azaldu du bera ere espioitzen «biktima» izan dela: «Gobernuko presidente gisa kezkatu egiten nau baimen judizialik gabeko telefono zelatak egoteak». EH Bilduko eledun Mertxe Aizpuruari, berriz, elkarrizketaren aldeko apustua berretsi dio, Kataluniako aferari erreferentzia eginda.

Estebanek «garrantzitsutzat» jo du Sanchezek berak Barne Ministerioak aurrez adierazitakoa berrestea, baina «tentuz» aritzeko eskatu dio gobernuko presidenteari, eta «ziurtatzeko» eman dioten informazioa benetakoa ote den: «Nik, oraingoz, oharrak hartuko ditut, eta ea zer gertatzen den hilabete batzuen ostean». Izan ere, jeltzaleak gogoratu du «aurrekariak» daudela: besteak beste, aipatu ditu Manuel Sanchez Corbik gastu ezkutuak filtratu zituenekoa, «polizia patriotikoaren» ekintzak eta azken egunetan El País egunkariak argitaratutako audioak —PPko buruzagi ohien eta «arduradun polizial eta parapolizialen» arteko elkarrizketak—.

Era berean, Estebanek Sanchezi eskatu dio «behingoz» Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko urratsak egin ditzala, baita CNIren kontrol judizialerako erreformaren alde egiteko ere. Azken hori EAJk eginiko proposamena da, zerbitzu sekretuetako zuzendaria zuzenean Espainiako Gobernuko presidentearekin lotzeko, argi geratu dadin zein den agentzia haren arduradun politikoa.

Lehen eskaerari dagokionez, Sanchezek adierazi du gobernu programaren parte dela Sekretu Ofizialen Legea —1968koa da— erreformatzea. «Bermatzen dizut berroneratze demokratikoaz hitz egitean ez naizela ari soilik lapurrak gobernuan ez egoteaz, baita instituzio publikoak Justiziaren ekintzak oztopatzeko eta arerio politikoak ilegalki jazartzeko ez erabiltzeaz ere». CNIren gaineko kontrola areagotzea aztertzeko ere prest agertu da, Espainiako Gobernuak ezkutatzeko «ezer» ez duelakoan: «Konfiantza osoa du estatuko segurtasun indarretan eta CNIk egindako lanetan».

Blokearen osasuna

EH Bilduko eledun Mertxe Aizpuruak Sanchez Espainiako Gobernura eraman zuen inbestidurako blokea errekuperatzeko egingo dituen urratsez galdetu dio presidenteari. Izan ere, gogoratu du «ezkerreko gehiengo plurinazionala ukituta» dagoela: «Hori ez da hona gobernuarentzat, ez da ona egonkortasunarentzat, eta, batez ere, ez da ona gehiengo langilearentzat».

Aizpuruaren hitzetan, «gehiengo aurrerakoirik gabe», herritarren askatasunean eta eskubideetan aurrerapausoak ematea «arriskuan» dago, eta, gobernuaren akatsak herritarrek ordaindu behar ez dituztela adierazi arren, Sanchezi gogoratu dio indarren arteko errespetuak bi aldeetara funtzionatu behar duela. Hala, Pegasus auziari erantzun on bat emateko exijitu dio.

«Konprometituta nago berroneratze demokratikoarekin, eta konfiantza dut estatuko segurtasun indarretan». Esaldi horretara laburtu da Sanchezek Pegasus auziari eginiko erreferentzia bakarra. Gainerakoan, Kataluniako indarrekiko harremanaz, arrakala handiena gobernuaren eta ERCren arteko harremanetan izan baita azken aste eta hilabeteetan. Hala, adierazi du Kataluniako herritarren gehiengoa elkarrizketaren alde dagoela, eta eurak ere urratsak egiten ari direla bide horri eusteko: «Beste aldeak nahi duenean eseriko naiz mahaian».

Gainerakoan, presidenteak gogoratu du legealdian 139 neurri onartu dituztela, eta eskerrak eman dizkie «eztabaida politiko zehatzak», Pegasus auzia alegia, eta Ukrainako gerraren ondorioen afera «nahastu ez dituzten talde parlamentarioei».

Aizpuruak, berriz, legealdi amaierara bitartean inbestidurako blokeari bide eman zioten bi oinarri sustatzeko eskatu dio. Batetik, «estatuaren benetako demokratizazio bat», lurralde gatazkei elkarrizketaren bidez erantzuteko gai izango dena. Bestetik, aurrerapen sozial eta ekonomikoak. EH Bilduko eledunaren esanetan, horiek ezinbestekoak dira «ziklo zabalago bat» lortu eta eskuin muturraren gorakada geratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.