Sanchezek hamabost egunez luzatuko du alarma egoera

Espainiako Gobernuak Kongresuaren babesa behar du horretarako, eta asteazkenean egingo dute bozketa. Hala, alarma egoera apirilaren 11ra arte legoke indarrean.

Sanchez eta lau ministroak, gaurko bileran, Moncloan. JOSE MARIA CUADRADO / EFE
Andoni Imaz.
2020ko martxoaren 22a
12:41
Entzun

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea bilera bat egin du Espainiako Estatuaren mendeko lurraldeetako presidenteekin, eta haiei adierazi die bere gobernuak alarma egoera luzatu nahi duela beste hamabost egunez. Espainiako Konstituzioaren arabera, alarma egoerak bi aste iraun dezake gehienez, eta, luzatzeko, ezinbestekoa da Espainiako Kongresuaren oniritzia izatea. Horregatik, osoko bilkura egingo dute asteazkenean, eta, ezustekorik ezean, apirilaren 11ra arte luzatuko dute alarma egoera.

Sanchezekin batera izan dira bileran larrialdi egoeran agintean dauden lau ministroak: Salvador Illa Osasun ministroa, Margarita Robles Defentsa ministroa, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa eta Jose Luis Abalos Garraio eta Mugikortasun ministroa. Sanchezek agerraldi bat egin du arratsaldean, eta han eman du alarma egoera luzatzeaz gain hartutako erabakien berri: bidaiak murriztuko dituzte 30 egunez, eta ez da iritsiko  Shengen gunetik kanpoko herrialdeetatik irtendako ezinbestekoa ez den bidaiarik; lurralde guztiek beren gain hartuko dituzte zahar etxe pribatuak; bidaia guztiak murriztuko dituzte hilabetez; armadak lan gehiago egingo du gaixo dauden pertsonak eta osasun materiala garraiatzen eta azpiegitura kritikoak babesten; arrisku taldeetako pertsonei elikagaiak etxera eramateko zerbitzu bat ezarriko dute; eta erreserba estrategiko bat irekiko dute osasun materiala gordetzeko.

Espainiako Gobernuko presidenteak nabarmendu du «oso neurri gogorrak» direla, baina ezinbestekoa dela egoerari «aurrea hartzea», egunetik egunera «hobeto» ezagutzen dutelako birusa, eta garrantzitsuena «denbora irabaztea» delako.

Sanchezek presazko prentsaurrekoa eman du bart, 21:30ean. Ez du neurri berririk iragarri orduan, baina alarma egoera luzatzeko prestatu du giroa: «Okerrena iristear da oraindik», esan du. Alarma egoeran igarotako lehenengo astea aztertu du, eta nabarmendu du egoera larria dela, «kritikoa», eta herritarrek psikologikoki prest egon behar dutela datorren astean kutsatutakoen eta hildakoen kopuruak handitzen ikusteko.

Konfinamendua, beraz, Aste Santura arte luzatuko dute. Martxoaren 28ra arte dekretatu zuten hasieran, baina luzapena apirilaren 11ra artekoa izango da. Dena dela, Sanchezek bart azaldu du birusa hedatzearen aurkako neurriak ezin direla kolpe batez utzi bertan behera; alarma egoera bukatzean, mailaka egin beharko da atzera.

Agerraldi horretan, Sanchezek esan du Espainian ezarritako konfinamendua «Europako eta munduko gogorrena» dela; «edo gogorrenetako bat, behintzat». Italiak beste pauso bat eman du gaur, ordea, eta eten egin du ezinbestekoa ez den ekoizpen jarduna. Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidenteak gauza bera egiteko eskatu dio Sanchezi alarma egoera dekretatu zuenez geroztik: Katalunia «erabat ixteko».

Zer da alarma egoera?

Alarma egoera Espainiako Konstituzioko 116.2 artikuluan dago jasota, eta gobernuari eskumena ematen dio dekretu bidez alarma egoeraren ezaugarriak —lurraldea eta neurri zehatzak— ezartzeko. Neurrien artean egon daiteke herritarren zirkulazioa espazioan eta denboran mugatzea. Zenbait sektoretako lantegietan ere esku hartzeko gaitasuna ematen dio gobernuari —industriak, fabrikak...—, eta baita beharrezkoak diren artikuluak mugatzeko edo banatzeko ahalmena ere.

Gehienez hamabost eguneko iraupena izan dezake, baina luza dezakete, Espainiako Kongresuaren oniritziarekin. 4/1981 Lege Organikoan garatu zituzten alarma, salbuespen eta setio egoerak —hiruretan arinena da alarma egoera—, eta, haren arabera, «normaltasunaren aldaketa larriak» daudenean ezar daiteke. Aldaketa horiek dira hondamendiak —uholdeak, lurrikarak, suteak...—, osasun krisiak —epidemiak, esaterako— eta ezinbestekoak diren zerbitzu publikoen eteteak. Espainiako Gobernuak behin eman du alarma egoera azken 40 urteetan; 2010eko abenduan, aire kontrolatzaileen grebari aurre egiteko.

Alarma egoera: zer egin liteke, eta zer ez?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.