Pedro Sanchezek adierazi du trafiko eskumena Nafarroaren esku nola utzi aztertuko duela Espainiako Gobernuak. Diputatuen Kongresuko kontrolerako saioan eta EH Bilduren galderari erantzunez, atzo bere gobernu bozeramaile Pilar Alegriak esandakoa berretsi du Espainiako Gobernuko presidenteak: auzitegien erabakiak gorabehera, emandako hitza bete egingo duela Madrilek, alegia.
Sanchezek esan du errespetatzen duela Auzitegi Gorenak hartutako erabakia, baina gogorarazi du epaiak ez duela legez kanpokotzat jotzen eskumenaren transferentzia, baizik eta eskumena eskualdatzeko moduari egiten diola soilik erreferentzia. Eta, beraz, eskualdatzea «beste modu batera» egiteko «atea irekitzen» duela nabarmendu du.
Izan ere, Espainiako Gobernuak errege dekretu bidez utzi zuen trafiko eskumena Nafarroaren esku, baina, auzitegiaren arabera, modu hori ez da egokia. Horren ordez lege organiko bat onartu edo Nafarroako Foru Hobekuntza aldatu beharko da. Trafiko eskumena ez baitago Nafarroako Foru Hobekuntzan jasoa, ezta eskubide historikoen artean ere.
«Eskualdaketa nola egin aztertzen ari gara, eta, logikoa denez, egin behar den bezala egingo dugu, Nafarroako Foru Gobernuarekin elkarlanean», azpimarratu du Sanchezek. Eta gogora ekarri du Jose Maria Aznar (PP) presidente zela adostu zutela trafiko eskumena Nafarroaren esku uztea, eta egungo PPren buru Alberto Nuñez Feijook ere Galiziarako eskatu zuela bere garaian.
«Eraso larria»
Mertxe Aizpurua EH Bilduren bozeramailearen hitzetan Auzitegi Gorenaren erabakia Nafarroako autogobernuaren, burujabetzaren eta foraltasunaren aurkako «eraso onartezina» da. «Oso larria da», ohartarazi du, gogoraraziz Nafarroako Parlamentuak aho batez onartu zuela erabakia.
Hori horrela, «eraso judizialen gainetik» EH Bildurekin eta Nafarroarekin hartutako konpromisoa betetzeko eskatu dio Mertxe Aizpuruak Sanchezi. Eskua ere luzatu dio, transferentzia ahalik eta azkarren gauzatzeko ezinbestekoak diren moduak bilatzeko.