Sanchezek baieztatu du 'mozal legea' erreformatzeko akordioa mugatua izanen dela

Espainiako Gobernuak «biziberritze politikorako plana» aurkeztu du. EH Bilduk kritikatu du ez dutela proposatu «egiturazko» aldaketarik, eta EAJk azpimarratu du Sekretu Ofizialen Legearen erreforma dela garrantzitsuena.

Pedro Sanchez, gaur. ZAPI ARAGON / EFE
Pedro Sanchez, gaur. ZAPI ARAGON / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko uztailaren 17a
10:55
Entzun

«Demokraziak etsai zaharrak ditu, baina tresna berriak dituzte, errealitatea zalantzan jartzen dutenak». Horrela mintzatu da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea biziberritze demokratikoaren plana azaltzean. Espainiako Kongresuan egin du agerraldia, pentsatzeko bost egun hartu ostean iragarri zuen neurri sorta azaltzeko. Hedabideei lotutako lau arlotan jarri du arreta: gardentasuna, independentzia, aniztasuna eta babesa. Mozal legeaz ere aritu da, eta baieztatu mugatua izanen dela araua «indargabetzeko» erreforma. Izan ere, Espainiako Gobernuak atzo zehaztu zuen irain delituei buruzkoa dela akordioen muina.

Sanchezek biziberritze demokratikorako plana aurkeztu du gaur, Diputatuen Kongresuan. Zehaztu du alderdiekin bilkurak eginen dituela –ultraeskuinarekin izan ezik– plan horri buruz solastatu eta «demokrazia indartzeko». Bertzeak bertze, komunikazio enpresa pribatuen gardentasunari lotutako neurriak azaldu ditu: jabegoari, publizitate instituzionalari eta audientziak neurtzeari buruz. «Europako araudia argia da: herritarrek jakin beharra dute zein diren hedabideen finantzaketa iturriak, haien akziodunen izenak eta audientzien datuak». Hedabideen independentziaren garrantzia ere azpimarratu du, «esku gutxitan medio anitz ez pilatzeko». 

«Europako araudia argia da: herritarrek jakin beharra dute zein diren hedabideen finantzaketa iturriak, haien akziodunen izenak eta audientzien datuak»

PEDRO SANCHEZEspainiako Gobernuko presidentea

Hori guztia betetzen dela ziurtatzeko 100 milioi euroren diru laguntzak martxan jarriko dituztela iragarri du, hedabideak digitalizatzeko. «100 milioi euro horiek Europako funtsetatik etorriko dira, eta behar duten medioetara bideratuko ditugu, haien ildo editoriala edozein dela».

Hedabideez ez ezik, alderdiez ere mintzatu da. Alde horretatik, hauteskundeetako araudia aldatzea proposatu du, hautagaiek eztabaidak egin ditzaten komunikabideetan. «Helburua argia da: herritarrek eskubidea dute proposamenak eta proiektuak alderatzeko; eskubide hori ziurtatu nahi dugu». Gehitu du, gainera, proposamen horrek ez dituela «deseroso» jarriko «ezkerrak», gustatu eginen zaiela.

Kritikak

Proposamenaz mintzatzeko tartea izan dute alderdiek. Mertxe Aizpurua EH Bilduko kideak adierazi du beharrezkoa dela «demokratizazioa», eta aurkeztutako plana bide onean badoa ere ez dela «ez egiturazkoa, ezta sakona ere»: «Ez da nahikoa biziberritze politikoa nahi badugu». «Gardentasunaz, independentziaz eta egiazkotasunaz hitz egin duzu, informazio faltsuak amaiarazteko beharraz. Ez dago gaizki, baina datozen egunotan zure proposamenak aztertu beharko ditugu», gehitu du.

«Gardentasunaz, independentziaz eta egiazkotasunaz hitz egin duzu, informazio faltsuak amaiarazi beharraz. Ez dago gaizki, baina datozen egunotan zure proposamenak aztertu beharko ditugu»

MERTXE AIZPURUAEH Bilduren eleduna

Gainera, Aizpuruak kritikatu egin du Sanchezek PP Alderdi Popularrarekin adosteko erakutsi duen asmoa: «Kontrol estrategiaren eta manipulazioaren babeslerik handienarekin itunak egin nahi dituzue». Aurreratu du «proposamen zehatzak» eramanen dituztela Sanchezekin eginen duten bilkurara.

Aitor Estebanek, berriz, zalantzan jarri du Espainian «kultura demokratikoa» ote dagoen. Erran du garrantzitsua dela Sekretu Ofizialen Legea erreformatzea –Sanchezek baieztatu dio aldatuko dutela–: «Horrexek erakusten du Espainiaren demokraziaren ahultasuna». Mozal legea ere gogora ekarri du, eta gogoratu joan den agintaldian arau hori erreformatzeko proposamen bat aurkeztu zutela, baina EH Bilduren eta ERCren kontrako botoak tarteko egitasmoa ezerezean gelditu zela. Hortaz, Sanchezi galdetu dio ea ez duen uste oraingoan ere gauza bera gertatuko denik. «Uste baduzu lege bat aldatu behar dela, kasu. Demokrazia zera da, adierazpen askatasuna ahalbidetzea, baita hura erasotzen dutenena ere», gehitu du.

Alberto Catalan UPNko kidea kritiko mintzatu da bai planaren eta bai EH Bilduren inguruan: «Euskal Herria ez da existitzen erakunde politiko bezala, eta abentura triste eta lotsagarri horretan ez espero izan nafarren laguntza». Galdera bat ere egin du: «Zer da kalitate demokratikoa? Gobernuak herritarrak etengabe engainatzea?». Erantsi du sozialistek ezin direla adibide izan, «gardentasunaren antitesia» direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.